- 450 etxebizitza egitea, Ferialekua mantentzea, Elosegi parkearen sarrera auzoko haur parketik egitea edo aparkaleku eraikin bat egitea jasotzen dira, besteak beste.

Abenduko osoko bilkuran HAPOaren 11. San Esteban hirigintza esparruko aldaketa puntuala idazteko oinarri izango diren irizpide eta helburuak onartu ditu udalbatzak. Udal gobernuaren aldeko botoekin, eta oposizioko udal taldeen kontrakoekin jaso du onarpena puntu honek.
Parte hartze prozesutik eratorritako ideiak, aurrerakina jendaurrean egindako epean jasotako ekarpenak, eta eta arloko administrazioek egindako txostenak hartu dira kontuan irizpide eta helburu horiek finkatzeko. Hauek dira:
-
San Esteban auzoko egungo bizitegi-egitura finkatzea, Hiru Aldeta eta Etxe-alai barne, eta Ttorre errekaren inguruko baserri-multzoa baita.
-
Ahal den neurrian, etorkizuneko auzorako eta Tolosarako zentzua duten eraikinen berrerabilpena bultzatzea, beti ere auzoaren antolaketa nabarmen oztopatuko ez badu.
-
Garapen ekonomikorako aukerak eskainiko ditu etorkizuneko auzoak. Aukera horiek euskara, kultura eta sormenari lotutakoak izan daitezke: herriaren indarguneak, hain zuzen ere.
-
Erabilera nahastura: merkataritza-erabilerak eta hirugarren sektorekoak proposatzen dira, San Juan etorbide berriaren eta sortzen den oinezkoentzako bulebarraren arteko eraikinen lehen ilararen beheko solairuetan. Bigarren ilarako eraikinetako behe solairuetan, berriz, etxebizitza erabilera proposatzen da.
-
Ferialekua mantentzea eta birgaitzea.
-
Anbulatorioaren eta Ferialekuaren jarraipen gisa proposatutako hirugarren sektoreko ekipamendu, zuzkidura eta erabilera berrien kokapen perimetrala, "koltxoi akustikoaren" efektua lortzeko, eta gainerako hiribilbearekiko lotura eta irisgarritasun azkarra lortzeko, sistema orokorrak diren aldetik: aparkaleku eraikin bat eraikitzea proposatzen da.
-
San Juan kaleko bide-sarearen egungo trazadura aldatzea, bateriako aparkaleku publikoak (140 plaza), lurpeko garaje pribatuetarako sarbideak eta disuasio-aparkalekuak (300 plazatik gorakoa) eraikitzeko sarbide zuzena ezarri ahal izateko.
-
Bizitegi-antolamendua, gutxi gorabehera 45.000 m2-ko hirigintza eraikigarritasunekoa (450 etxebizitza), hego-ekialdetik iparmendebalderako ardatzean kokatzen da. Bloke isolatuak proposatu dira, profil desberdinekoak, eguzkiztapena eta aurrez aurre ez dauden ikuspegiak izan ditzaten. Oinezkoentzako bulebarrak Zuberoako blokeen arteko egungo plazatxoa errekaren beste aldeko muturrean aurreikusitako ekipamendu soziokulturalarekin lotzen du aukera batean; eta, bestean, ekipamendua ardatz horren erdialdean kokatzea proposatzen da.
-
Etxebizitzei lotutako aparkalekuak, Zuberoa-San Juan eraikinei dagozkienak barne, sotoan jartzea eta horien antolamendua ahalik eta bilduena izatea, ahal den gutxien baldintzatzeko lur azalean landatuko diren zuhaitzen kokapena.
-
Bide historikoaren trazadura, ahal den neurrian, barneratzea antolamendu berrian.
-
San Juan kalean proposatutako lur azaleko aparkalekuak sartzea aparkaleku eraikinean, ahal den neurrian.
-
Tren-azpiegitura kokatutako partzela eremuaren mugaketatik kanpo uztea, eta, azpiegiturak, tren-sistema orokorra kalifikazioa izaten jarraitzea.
-
Antolamendu berriko eraikinen lerrokadurak errespetatzea trenbidelegerian ezarritako eraikitzeko muga-lerroa.
-
Ingurumen harresi berdea. Espazio libreak, ekipamenduen antzera, modu jarraian proposatzen dira. Gaur egungo erreka balioan jartzen da eta berdegune lineal bat proposatzen da Ttorre errekatik Elosegi parkeraino.
-
Elosegi parkeko sarrera nagusia San Esteban parketik egitea, eta parkeko irisgarritasuna hobetzea.
-
Bi plaza publiko egotea: bata, Zuberoa eraikin multzoaren eta Hiru Aldeta eraikinaren inguruan; eta, bestea, ekipamendu publikoaren inguruan.
Iradokizunak aurkeztu dituztenek jakinarazpena jasoko dute erantzunarekin. Horrez gain, espedientean edo udaleko Hirigintza Sailaren bulegoetan, bulego-ordutegian, jasotako azterketa-txosten teknikoa ezagutu eta kontsultatu ahal izango dute.
Hurrengo urratsak
≪11. San Esteban≫ hirigintza esparruari dagokion Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren idazketa eta onespena izango dira hurrengo urratsak. Lanketa honetan, auzoaren etorkizuneko antolaketa definituko da.