Zabalarreta parkea biziberritzeko hausnarketa saio irekia, datorren asteazkenean, hilak 27

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/21 | Hirigintza
  • 17:00etan izango da hitzordua; parkean zehar ibilbide bat egin ondoren, talde eztabaidarako tartea zabalduko da, Inmakulada LHIren areto batean, parkean zein hobekuntza egin pentsatzeko.
  • Parkearen sarbideak, bertako landaredia, hiri altzariak edota egungo eta etorkizuneko erabilera posibleak aztertu nahi dira, besteak beste.

 

Zabalarreta parkea Tolosako hiriguneko berdegunerik garrantzitsuenetako bat da, eta bere erabilera indartzea da udalaren nahietako bat. Bada, parkea eguneratu eta biziberritzeko proiektua jarri da martxan, eta bizilagun eta herritarren ekarpenetatik abiatu nahi da.

Ekarpen horiek jasotzeko, lehen saio bat egin zen inguruko hezkuntza komunitateekin. Orain auzotarrei eta interesa duten gainerako herritarrei zuzendutako deialdi irekia egingo da. Saio hori datorren asteazkenean, azaroak 27, izango da. 

Bi zati izango ditu: 17:00etan, parkean zehar ibilbide bat egingo da, parkearen zenbait ezaugarri eta elementu aztertzeko; segidan, hobekuntzarako ideiak taldean partekatzeko aukera izango da, Inmakulada LHIren areto batean. 

Proposamenei dagokienean, lau esparru jorratu nahi dira bereziki: parkearen sarbideak, landaredia, hiri altzari eta elementuak, eta egungo edota etorkizuneko erabilera posibleak. Dena dela, bestelako ekarpenak egiteko aukera ere izango da.

Zabalarreta parkeari eragiten dion proposamen bat izan zen iazko parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan bozkatuenen artean: bertan kiosko bat eraikitzearena, hain justu. Gerora, inguruko bizilagun batzuk proiektu horren inguruko zalantzak helarazi zizkioten udalari, parkeak lehentasunezko beste behar batzuk zituela argudiatuta. Hirigintzako teknikari zein udal ordezkariek ikuspegi horrekin ere bat eginda, gaia sakonago jorratzea erabaki da, eta horren ondorio da prozesu hau. 

«Horrek ez du esan nahi kioskoa egitea baztertu denik. Dinamika honetan aztergai izango da, baina ez da aldagai bakarra izango. Zabalarreta parkea bere horretan oso ederra da, eta bere erabilera indartzeko aukera asko daude. Beste behar batzuk ere baditu, sarbide, landaredia edo altzariei eragiten dietenak, esaterako. Proiektu honekin behar horiek guztiak bizilagun eta inguruko eragileekin batera ikusi eta lehenetsi nahi ditugu, ezer egin aurretik», azaldu du Ander Figuerido, hirigintza zinegotziak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA