2021 urteko Kontu Orokorraren emaitza positiboa izan da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/08/01 | Idazkaritza
  • Maiatzeko Osoko Bilkuran 2021 urteko likidazioaren berri eman zen, uztailekoan, aldiz, Kontu Orokorraren berri eman da, kasu bietan emaitza positiboa izanik.
  • Iazko udal aurrekontuaren exekuzio maila ere altua izan zen, ohiko urte batekoa, aurreikusitako proiektu eta obrak gauzatuta: Laskorain kaleko obra, Gernikako Arbolaren 2, fasea, Euskal Herri plazako zoruaren berritzea, Emakumeen Etxea eraikitzeko obra proiektuaren idazketa, eguzki panelak ferialekuan, Larramendiko biribilgunearen egonkortzea edota Samaniego Herri Eskolako kiroldegia birgaitzeko lanak.

Tolosako Udaleko kontuhartzaileak Kontu Orokorraren berri eman zuen azken Osoko Bilkuran. Kontu Orokorrak barnebiltzen ditu udalaren aurrekontua eta udalaren partaidetza eta sozietateena: Tolargi eta TolosaGasa.

Gauzak horrela, 2021 urtea itxi da lidikazioarekin, maiatzeko Osoko Bilkuran aurkeztu eta onartu zena, eta kontu orokorrarekin, uztailean aurkeztu eta onartutakoa.  Kasu bietan emaitza positiboa izan da.

Iazko exekuzio maila altua, normaltasuna berreskuratze bidean

Udalaren 2021 urteko aurrekontuari erreparatuta, eta likidazioa eskuartean, iazko exekuzio maila altua izan zen %74koa. Kontutan izan behar da, likidazioa urtarrilaren 1etik hasita, abenduaren 31 bitartean egindako gastuak oinarri hartuta kalkulatzen dela.

Udal gobernuaren aburuz, 2021 urteko datuak “onak” izan dira, pandemia aurreko urteak erreferentziatzat hartuta, pandemia aurreko betetze maila datuak berreskuratu direlako.

Gobernuak azpimarratu du, azken urteak kudeaketarako konplexuak izan direla, aldakorrak, ezjakintasunez beteak; hori dela eta gobernuak baliabideak zuhurtziaz kudeatu ditu, pertsonak erdigunean kokatuz, une oro herritarren beharrei erantzunez, aurreikusitako proiektuak albo batera utzi gabe. “2021 urtean eskura genituen baliabide guztiak bideratu ziren tolosarren beharrei erantzutera eta baita ere aurreikusitako proiektuak aurrera eramatera ere. Hasierako aurrekontua, 27 milioi eurokoa izan zen, eta , behin betiko aurrekontua, aldiz,  ia 35 milioi eurokoa, urtean zehar egindako kreditu aldaketei esker, aurreikusitako proiektuak  gauzatzen jarraitu ahal izateko” azpimarratu dute gobernu taldetik.


2021 urtean aurreikusitako inbertsio eta proiektu guztiak gauzatuta

Udal gobernuak, pandemiak eragindako momentuko beharrei erantzuteaz gain, zerbitzuak indartu, egitasmo berriak abiarazi eta legealdian martxan jarritako egitasmoei jarraipena eman zien iaz: Azoka Lagunak, Kultura Plazara, Tolosatzen Eskola Irekia, Jabetze Eskola, herriko talde eta eragileei bideratutako laguntzen mantentzea, Hiribus elektriko berria, alokairu ordainketa errazteko dirulaguntzak; Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko plana, Genero Indarkeriaren aurkako II. Protokoloa eta Jai Berdinzaleen Aldeko Plana egiteari ere ekin zitzaion iaz, bestea hainbat eta hainbat egitasmo eta zerbitzuren artean. Gizarte Zerbitzuen alorrean ere, ahalegin berezia egiten ari da Udala zerbitzuak indartzen eta sendotzen jarraitzeko.
Inbertsioen alorrari dagokionez, abenduaren 31ean exekuzio maila %30ekoa zen, obrak faseka gauzatzen direlako eta beraz, fakturak ere zatika ordaintzen direlako. Obra horietako asko urteko azken  hiruhilekoan abiarazi ziren, beraz, exekuzio maila erreala %60tik gorakoa da, gastuei dagokienean.

Azpimarratu beharra dago, aurrekontu proiektuan jasotako eta aurreikusitako hirigintza lan eta obrak gauzatu zituela Udalak, iaz: Laskorain kaleko obra, Gernikako Arbolaren 2. fasea, Euskal Herria plazako zoruaren berritzea, Emakumeen Etxea eraikitzeko obra proiektuaren idazketa, Zumarditxikiko eta kultur etxeko proiektuen idazketei hasiera ematea; eguzki plakak ferialekuan, Larramendiko biribilgunearen egonkortzea, Samaniego Herri Eskolako kiroldegia birgaitzeko lanak edota asfaltatze lanak, besteak beste.

Beraz, udal gobernua “pozik” agertu da iazko exekuzio maila eta proiektuen betetze mailarekin, “zuhurtziaz kudeatu ditugu udal aurrekontu eta gerakinak, horrek aukera eman ditu pandemia garaian hainbat neurri hartzeko (zergak izoztu, hiri-ekonomiako sektoreei tasarik ez kobratzea, erosketa bonoak, gizarte laguntzak handitzea...) eta aukera eman digu baita ere eskuartean ditugun proiektuei aurre egiteko”. “Gure konpromisoei tinko eusten diegu, izko likidazioa eta aurtengo aurrekontuak dira horren adierazlerik nagusi eta argienak eta jarraituko dugu aurreikusitako proiektuan gauzatzen: Emakumeen Etxearen obra, Zumarditxi berreskuratzeko Obra, Zezen plazako 4.fasea, Usabaleko 3.fasea, Abegi zentroa eraberritzeko obrak edo Gorriti plazako eremua zaharberritzeko lanak” azpimarratu dute.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA