-
Era berean, Tolosa MUGI sisteman integratzeko prozesua abiaraztea adostu eta udal langileek zerbitzua modalitate ez presentzialean, telelanaren bidez, eskaintzeko araudia behin betiko izaeraz onartu zen atzoko Osoko Bilkuran.
Tolosako Udalak atzo ospatu zuen azaroko Ohiko Osoko Bilkura. Bertan, denbora honetan Euskararen Aholku Kontseiluak modu parte hartzailean landutako 2022-2024rako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu zen aho batez.
Tolosako lehen ESEP (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) 2015ean onartu zen eta ordura arteko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia ordeztu zuen. Aurreko planaren indarraldia amaituta, maiatzetik hona Euskararen Aholku Kontseilua arduratu da plan berria sortzeaz, adostasuna eta lankidetza oinarri hartuta eta aurrerantzean udalerriko euskara plan hau izango da, herritarrek eta udalak euskara indartzeko izango duten lanabesa. Arrazoi horregatik, Euskara Kontseiluko eragile eta kide guztiek egindako lana aitortu eta eskertu zuen atzokoan udalbatzak.
Euskararen erabileran eragiteko eta euskal kultura sendotzeko helburuarekin diseinatutako plana baita, lan lerro ezbedinak dituena, esparru eta arlo ezberdinetan eragiteko: administrazioan, arlo sozio-ekonomikoan, aisian, kirolean, familian, irakaskuntzan, kulturgintzan, hedabideetan... Euskararen politika publikoa plafinikatzeko tresna izango da, Plan Estrategikoa, programatikoa.
Tolosa, MUGI sisteman integratzeko prozedimendua martxan
Garraio publikoaren erabilera sustatzeko, pauso bat gehiago eman nahi izan du Tolosako Udalak, eta zentzu horretan Gipuzkoako Lurralde Historikoan Garraio Publiko Zerbitzuan Tolosa sartzeko prozedura onartu zen atzoko Osoko Bilkuran.
Gauzak horrela, behin hitzarmena sinatuta, MUGI txartelarekin autobus zein trenez mugitzeko aukera izango dute herritarrek eta zenbait abantailez gozatzeko aukera ere izango dute: txartel bakarrarekin garraio publiko oro erabil ahal izango denez, sistema erabilerrazagoa izango da herritarrentzat, prezioak eta deskontuan berdinak izango dira Gipuzkoa osoan eta tarifa progresiboak ezartzeko aukera ere izango da, geroz eta gehiago erabiliz, abantaila gehiago izanda.
Era berean, behin betikoz onartuta geratu zen atzoko Osoko Bilkuran Tolosako Udaleko langileek zerbitzua modalitate ez presentzialean, telelanaren bidez, eskaintzeko araudia. Araudia eraldaketa digitalari eta administrazio publikoen modernizazio prozesuari lotuta dago eta helburu du langileek zerbitzua modalitate mistoan eman ahal izateko arauak finkatzea, lana, bizitza eta familia uztartzeko aukera izan dezaten, betiere, zerbitzuaren kantitatea eta kalitatea murriztu gabe.
Era berean, Tokiko Poliziaren oinarrizko eskalako agenteen seigarren deialdi bateratuan sartzeko, polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Tolosako Udalaren arteko kudeaketa gomendioa onartu zen. Udal langileen lanpostuak egonkortzeko helburuarekin, legealdi honetan martxan jarritako hautaketa prozesu eta deialdien baitan kokatzen da azken hau ere. Udaltzaingoari dagokionez, azken urteetan bi deialdi egin dira hainbat postu betetzeko eta orain hirugarrena egingo da, lanpostu bat gehiago eransteko.
Era berean, atzoko Osoko Bilkuran Estitxu Kortajarena Ugartek (EH Bildu) zinegotzi kargua hartu zuen, itxitako ekitaldiko fakturak onartu ziren, kiroletako ordenantza espezifikoaren dirulaguntza eranskinen oinarri berriei hasierako onespena eman zitzaien eta bi mozio jorratu ziren, bata Emakumeen Aurkako Indarkeriari Aurre Egiteko Nazioarteko Egunari lotutakoa, aldez aurretik, adostua zegoena eta bestetik, Interes Publiko Goreneko Proiektuen erregulazio berriari buruzkoa. Azken honek, EH Bilduren aldeko eta EAJ-PNV eta PSE-EEren aurkako botoak jaso zituen.