- Igoera izan dute Gizarte Zerbitzuetako Sailak, Ekonomiaren Garapena, Merkataritza, Feriak eta Turismoa Sailak, Kulturak eta Berdintasunak, eta mantendu egin dira gainerako sailetako aurrekontuak.
- 2023. urtean inbertsioetara bideratuko dira 4,1 milioi euro, besteak beste: energia trantsiziorako, Arkauten mendizaleen museoa sortzeko, Araba etorbideko plazak berritzeko, Larramendiko elkartearen lokala atontzeko eta auzoan bertan kirolgune berria sortzeko eta proiektu berriak garatzen jarraitzeko.
Atzo egin zen abenduko Osoko Bilkura eta hasieraz eta gehiengoz onartu ziren 2023ko Aurrekontu Orokorrak.
Aurrekontu orokorra osatzen dute Udal aurrekontuak, Tolargi SL eta Tolosa Gasaren aurrekontuek:
Tolosako Udala - 33.306.422€.
Tolargi SL - 1.061.153 €.
Tolosa Gasa SA - 329.145€.
Osoko Bilkuran eman ziren onartutako aurrekontuen inguruko zehaztasunak. Pertsonak ardatz eta zerbitzuen kalitatea helburu dituen eta arlo sozialean, ekonomikoan eta trantsizio energetikoan azpimarra berezia jartzen duen aurrekontua da onartutakoa.
Gauzak horrela, igoera izan dute Gizarte Zerbitzuetako Sailak, Ekonomiaren Garapena, Merkataritza, Feriak eta Turismoa Sailak, Kulturak eta Berdintasunak, eta mantendu egin dira gainerako sailetako aurrekontuak.
Gizarte politiken aldeko apustuan, Gizarte Zerbitzuetako Sailak, esaterako, iaz baino 200.000 euro gehiago izango ditu, guztira, 3,2 milioi, besteak beste, zerbitzuen sendotzea dela eta, bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako gaueko eta eguneko zerbitzu integral berriak ateak zabalduko dituelako datorren urtean Abegi Etxean.
Ekonomiaren Garapena, Merkataritza, Feriak eta Turismoa Sailak, era berean, 230.000 euro gehiago izango ditu, guztira, 1,2 milioi. Eliker, Kalitatezko Elikaduraren Zentroak aurrekontu garrantzitsua izango du datorren urtean, Jaurlaritzaren dirulaguntzari esker, aurten ekindako bideari jarraipena eman eta proiektua indartzen eta sustatzen jarraitzeko.
Kulturak iaz baino 74.000 euro gehiago, guztira, 3,7 milioi, eta Berdintasun Sailak iaz baino 80.000 euro gehiago, guztira, 340.000 euroko aurrekontuarekin. ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxeak berariazko aurrekontua izango du eta dirulaguntza berria sortu da, baita ere, Emakumeen Etxeko jarduerak diruz laguntzeko. Kultur arloan ere laguntza berriak sortu dira, Olentzeroren Basoa ekimena edo ToloFolk jaialdia sustatzeko eta, bestetik, Udalak jabetzan erosteko Buruhandi eta Erraldoiak.
Trantsizio energetikoaren alorrean urratsak egiten jarraitzeko, 469.000 euroko inbertsioa egingo da alor honetan 2023. urtean. Energia berriztagarrien atalari dagokionez, eguzki plaka berriak jarriko dira (Ferialekua eta Emeterio Arrese) eta Gorosabeleko eraikinean ere eguzki plakak jartzeko proiektua egingo da, eta led teknologiadun argiak jarriko dira zenbait udal eraikinetan eta kale argiteria publikoan, % 100 led izateko kaleko argiteria publikoa.
Herritarren proposamenak aurrekontu proiektuan jasota
4,1 milioi euro izango ditu 2023. urteko Inbertsioen Planak eta parte hartze prozesuan herritarrek lehenetsitako proiektuak txertatu dira Inbertsioen Planean:
- Larramendiko jolas-kirol gunea sortzeko proiektua eta obra. 250.000 €.
- Haur parkeak hobetu eta mota eta tamaina ezberdinetako parkeen eskaintza zabaltzea. 200.000 €.
- Tolosako erdigunean, pilota eta jolas-gune gisa erabiltzeko frontoi ireki-estalia sortzeko aukera. Azterketa. 20.000 €.
- Patinajea modu seguruan praktikatzeko eremua sortzeko azterketa. 20.000 €.
Horiez gain, proiektu eta lan hauek ere aurreikusi dira datorren urtean:
- Arkauten, mendizaleen museoa sortzea. 100.000€
- Larramendin, auzo elkartearentzat lokala erosi eta atontzea. 300.000€
- Urbanizazio lanak. (Araba etorbideko plazak eraberritzea esaterako). 362.000€
- Proiektu berriak: 130.000€
- Belar artifiziala Berazubin.
- Amarotzeko frontoia estaltzeko proiektua.
- Kale Barrena, Iurramendi pasealekua, Beotibar eta Antonio Lekuona berrurbanizatzeko proiektuak idaztea.
- Udal eraikinak zaharberritzeko (Emeterio Arrese, Gizarte Zerbitzuetako bulegoak, Zutani elkartearen lokala eta hilerriko komunetan irisgarritasuna bermatzeko lanak). 676.000€
- Alde Zaharra biziberritzeko plana. 60.000€ (EH BILDU).
- Altueran aparkalekua egiteko azterketa. 30.000€ (EH BILDU).
Etxez etxeko laguntza zerbitzua sendotuta eta adjudikatuta
Aurrekontuez gain, atzoko Osoko Bilkuran onartu zen 2023-2025 adirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta Tolosako etxez etxeko laguntza zerbitzu publiko soziala Goxara SLU enpresari esleitzea, 2 urtez, 2,1 milioi euroko aurrekontuarekin. Garrantzia bereziko zerbitzua da, pertsonen arretari, zaintzari eta laguntzari lotuta.
Zerbitzu integralagoa eskaintzeko helburuarekin hainbat hobekuntza eta aldaketa txertatu dira zerbitzua adjudikatzeko baldintza pleguetan, erabiltzaile zein langileen asebetetze inkestak jarraituta. Erabiltzaile zein langileen baldintzak hobetzeko helburuarekin, arreta urteko egun guztietan eskainiko da, zerbitzua beste kolektibo batzuetara zabalduko da, prezio publikoa merketu egin da eta langileen soldatan igoerak, lan orduak eta horien banaketak zehaztu dira.
Amaitzeko, atzoko Osoko Bilkuran, Giza Baliabideen arloko hainbat puntu onartu ziren. Behin betikoz onartu zen Tolosako Udaleko lanpostuen katalogoa eta balorazioa, sailen organigrama berria eta 2023ko lanpostuen zerrenda. Enpleguaren aldi baterakotasuna murrizteko premiazko neurrien inguruko 20/2021 Legea ezartzetik eratorritako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuetan Tolosako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari egindako kudeaketa enkargua ere onartu zen, eta, azkenik, bertan behera utzi zen borondatezko erretiro aurreratuen primei buruz giza baliabideen arrazionalizaziorako planean aurreikusitakoa; izan ere, Auzitegi Gorenak legez kontrakotzat jo ditu borondatezko erretiro aurreratuagatik pizgarririk edota ordainsari guztiak.