- 2,3 milioi euroko kreditu aldaketa onartu zen atzoko Osoko Bilkuran, besteak beste, udalerri osoko 22.000m2 asfaltatzeko; ELIKER, Kalitatezko Elikaduraren Zentroari buruzko jarduera-proiektua egiteko, lanpostuen balorazioa dela eta aplikatuko diren igoerei aurre egiteko, argiteria publikoa berritzen jarraitu eta argindar prezio berrietara egokitzeko, Abastos eraikina egokitzeko obretarako eta brigadarako ibilgailu berriak erosteko.
- Halaber, etxebizitza hutsak eraberritzeko dirulaguntzen bidez alokairu soziala bultzatzea arautuko duen ordenantzari hasierako onespena eman zitzaion.
Atzo egin zen ekaineko Osoko Bilkuran hasierako onespena eman zitzaion etxebizitza hutsak eraberritzeko dirulaguntzak arautuko dituen ordenantzari. Ordenantza honek helburu du alokairu soziala bultzatzea herrian.
Horretarako, dirulaguntza jasotzeko bete beharreko baldintza izango da etxebizitza hutsa Alokabideko programetan (Bizigune edo Asap) sartzea, etxebizitza huts horiek alokairuan jartzen direnean, alokairu sozialera bideratu daitezen. Udalak Eusko Jaurlaritzak etxebizitza hutsen jabeei erreformak egiteko eskaintzen dien aurrerakina (%0ko interesekin) osatu egingo du dirulaguntza hauen bidez. Laguntza gehienez ere 4.000 eurokoa izango da eta etxebizitza hutsa Alde Zaharrean kokatuta badago, 8.000 eurokoa. Modu honetara, etxebizitza hutsen jabeek baliabide eta laguntza gehiago izango dituzte etxebizitzak eraberritzeko eta bizigarritasun baldintzak beteta alokairuan jartzeko.
Ordenantza behin betikoz onartu ondoren, udazkenean egingo da dirulaguntzen deialdia.
Asfaltatze plan garrantzitsua aurten
Udalbatzak, likidazioaren ondotik egiten den lehen kreditu aldaketa ere onartu zuen atzo aho batez. 2,3 milioi euroko kreditu aldaketa da, gerakinetatik finantzatuko dena eta nagusiki aurtengo asfaltatze planerako (850.000) eta lanpostuen balorazio berriaren baitan aurreikusitako igoerak aplikatzeko izango da (820.000 euro). Baita ere, ELIKER, Kalitatezko Elikaduraren Zentroari buruzko jarduera-proiektua egiteko, lanpostuen balorazioa dela eta aplikatuko diren igoerei aurre egiteko, argiteria publikoa berritzen jarraitu eta argindar prezio berrietara egokitzeko, Abastos eraikina egokitzeko obretarako eta brigadarako ibilgailu berriak erosteko.
Aurtengo asfaltatze planaren barruan, udalerriko 22.000m2 asfaltatuko dira, besteak beste, Emeterio Arrese, Iruña etorbidea, Iurramendi pasealekua, Samaniego kalea, Monteskue auzoa, San Blas, San Esteban, Iparragirre kalea, San Frantzisko, Oria kalea, Iurre auzoa eta Belate kalea.
Hasierako onespena, Tolosako Udaleko lanpostuen balorazio eta sailen organigrama berriari
2019an, 2005. urtetik eguneratu gabe zegoen lanpostuen balorazio berria egiteari ekin zion udalak. Izan ere, denbora honetan aldaketa sakonak izan dira udal eskumenei, administrazio elektronikoari eta sektore publikoko araudiei lotuta. Horrek guztiak, noski, eragina izan du lanpostuen funtzio eta eginkizunetan.
Halaber, prozesua baliatu da sailen organigrama eguneratzeko eta organigrama estrategikoa ere garatzeko, udalaren egituraketa eta antolakuntza etorkizunera begira kokatze asmoz.
Egindako lanpostuen balorazioaren harira, 102 langilek balorazio positiboa izan dute, eta ordainsaria igoko zaie; 72 langilek, aldiz, balorazio negatiboa izan dute. Halere, ez da jaitsierarik aplikatuko ordainsarietan. Aipatutako igoerak, atzeraeragintasunarekin aplikatuko dira eta hori dela eta, egin da 820.000 euroko kreditu aldaketa.
Arlo sozioedukatibo eta psikosozialean eskuhartzeko zerbitzuaren esleipena
Nura Gizarte Elkarteari Arlo sozioedukatibo eta psikosozialerako zerbitzu integral berria esleitzea onartu zuen Udalbatzak 833.217 euroko aurrekontuarekin (BEZ kanpo) bi urterako.
Zerbitzu berri honek, barne hartuko ditu orain artean eskainitako familiei zuzendatuko eskuhartze programa, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei zuzendutako programa eta arrisku egoeran dauden adingabeentzako ingurune ireikiko eskuhartze zerbitzua, egungo beharrei modu osatuago, integralago, eraginkorrago eta egokiagoan erantzuteko helburuarekin.
Era berean, Udalak, etxez-etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitazioa huts deklaratu ondoren, bigarrenez, zerbitzua kontratatzeko lizitazioari hasiera ematea onartu zen atzoko bilkuran.
Jarduera ekonomikoa bultzatu eta herritarren atsena, ongizatea eta elkarbizitza bermatzeko ordenantzak
Udalbatzak bi ordenantza hasieraz onartu zituen atzokoan: bata, bide publikoan terrazak, salgai dauden produktuen erakuslekuak eta beste elementu lagungarriak jartzeko arautzen duen udal ordenantza eta bestea, ostalaritza eta jolas jarduerak baimentzea eta ezartzea arautzen duen udal ordenantza.
Biak herritarren zein eragile inplikatuen parte hartzearekin eta beren iradokizunak kontutan izanda garatu dira, herritarren, merkatarien eta ostalarien arteko orekak eta elkarbizitza bermatzeko xedearekin. Terrazen kasuan, espazio publikoaren erabilera aukera guztiak zehaztu eta arautu dira (mahai motak, azalerak, azoka egunetako erabilerak, epealdi eta ordutegiak...); ostalaritza eta jolas jardueren kasuan, berriz, aldaketa puntualak egin dira jarduera berriak ezartzeko aukerak errazteko, bereziki, Alde Zaharrean.
Azkenik, Oriaburuko areto nagusia erabiltzeko erregelamendua behin betikoz onartu izanaren berri eman zen. Onartutako beste puntuen artean daude: Tolosako udal eraikinak eta hiri-altzariak garbitzeko zerbitzu-kontratua aldatzea, covid19 gaitzak sortutako egoeragatik eta Osasun Ministerioak emandako garbiketa protokoloen ondorioz, kontratuan izandako gainkostuen fakturak ordaintzeko; Tolosaldea Garatzenen eraki-proposamena, Tolosako Udalaren baliabide propio izendatzeko, eskualdeko beste udalekin batera; itxitako ekitaldietako fakturak eta landa auzoetako baserri bidetan elurra kentzeko zerbtizua auzolanaren bitartez ematea arautzen duen ordenantzaren aldaketa. Amaitzeko, EAJ-PNV eta EH Bilduk aurkeztutako Melillako gertakariari buruzko mozio jorratu zen, aho batez onartua izan zena.