-
Tolosako Udalak BPXPORT XXI S.L.U enpresari esleitu dio, harmar urterako, Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuen emakida-kontratua. Esleipen berriaren baitan, kiroldegiko ordutegia zabaldu egingo da erabiltzaileen eskakizunei erantzunez eta hainbat inbertsio egitea ere aurreikusten da, azpiegiturak egoerarik onenean mantententzen jarraitzeko.
-
Era berean, Osoko Bilkuran Amarotzen alokairuko babes publikoko 111 etxebizitza eraikitzeko Visesa eta Tolosako Udalaren artean sinatuko den hitzarmena onartu zen.
Irailean abiatu zuen Tolosako Udalak kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzua kontratatzeko prozesua, 2022an amaitzen delako indarrean dagoen kontratua. Proposamenak aurkezteko eta aztertzeko epea amaituta, lehiaketan puntuazio altuena jaso izanagatik, Tolosako Udalak BPXPORT XXI S.L.U. enpresari esleitu dio Udal kirol instalazioen kudeaketa integrala eta adjudikazioa egitea onartu zen Osoko Bilkuran.
Kontratuak hamar urteko iraupena izango du, kontratuaren balio zenbatetsia 4.570.531,22 eurokoa izango da da eta urteko kanona 120.000 eurokoa. Kontratuaren baitan hainbat hobekuntza eta inbertsio egitea ere aurreikusten da herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzen jarraitzeko helburuarekin eta instalazioak egoerarik onenean mantentzeko asmoz.
Gauzak horrela, ordutegia zabaldu egingo da eta kirol instalazioak irekita egongo dira astean zehar 7:00etatik 22:00etara eta jai egunetan 8:00etatik 14:00etara.
Amarotzen sustapen publikoko alokairuko 111 etxebizitza babestu eraikitzeko hitzarmena
Otsaileko Osoko Bilkuran, halaber, Amarotzeko paper-fabrika azpisaileko lursailetako baten garapena ahalbideratzeko VISESAREkin sinatu beharreko hitzarmena onartu zen, EAJ-PNV eta PSE-Eeren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Sinatuko den hitzarmenaren baitan 2.1 lursaila da lehen fase batean garatuko dena, guztira, 111 etxebizitza berri eraikitzeko eta guztiak izango dira alokairuko etxebizitza babestuak. Hitzarmena Osoko Bilkuran onartuta, hitzarmena bera sinatzea izango da hurrengo urratsa.
Era berean, otsailaren 23an egindako Osoko Bilkuran, 2022 urteko plantilla organikoari eta lanpostu zerrendari hasierako onespena eman zitzaion, udala garai berrietara egokitu eta egungo beharrei erantzuteko hainbat aldaketa eta proposamen txertatuta, hala nola, postu berrien sorrera admnistrazioaren modernizazioa bultzatu, barne antolamendurako lanak gauzatu eta diru bilketa exekutiboko zerbitzua udaletik eskaintzeko. Lanpostu berri horietako bi, amortizatutako lanpostuen bidez sortuko lirateke.
Dirulaguntzen Plan Estrategikoan ere aldaketak txertatzea onartu zen TAK Arraun Klubari traineru berria erosteko dirulaguntza emateko (35.000€) eta kultur arloan aurten izango diren urteurrenen harira laguntzak emateko (5.000€).
Hainbat dekretu berresteaz gain, organo kolegiatuko ordezkarien izendapenak onartu eta EAJ-PNV udal taldeko batzordeetako kide eta ordezkoen aldaketen berri eman zen. Gauzak horrela, Xarles Iturbek ordezkatuko du Nerea Letamendia UEMAn eta baita Euskal Fondoan ere. Bera izango da Herritarren Batzordeko zinegotzi arduraduna eta Antolakuntza Batzordeko kidea. Tokiko Gobernu Batzordeko kidea ere bai eta azkenik alkateordeen hurrenkera berriaren berri ere eman zen: Patxi Amantegi, Xabier Balerdi, Xarles Iturbe, Begoña Tolosa eta Jose Mari Villanueva.
Azkenik, aurreratuta dauden proiektuak ahalik eta eperik laburrenean martxan jarri ahal izateko urteko lehen kreditu aldaketaren berri eman zen. Kreditu aldaketa hau (1.351.961,49 euro), aurretiazko txertaketa modalitatean egin da, Emakumeen Etxearen proiektua prest izanik obra-lizitazioa martxan jartzeko eta Amarotzeko estalkiaren kasuan, lanak esleitu eta abiarazteko.