- ‘Villa Sagrado Corazon’ babesteko, udal-intereseko ondasun higiezinen zerrendan sartzeko Udal Katalogoaren aldaketa puntuala onartu du udalbatzak.
- Iruzurraren aurkako planaren aldaketen onarpena eta kirol-instalazioen kudeaketarako zerbitzuen emakida kontratuaren espedientea EAEko Aholku Batzorde Juridikora helaraztea, otsaileko osoko bilkurako gainerako erabakien artean.
Lehia bidezko udaleko dirulaguntzen ordenantza orokorraren aldaketa izan da otsaileko osoko bilkurako erabaki esanguratsuenetako bat. Aho batez onartu du udalbatzak.
Orain arte dirulaguntza guztiak arautzen zituen ordenantza orokor bat izan du Tolosako Udalak, eta laguntza bakoitza zehatzago arautzen zuen ordenantza propio bana. Urte batetik bestera irizpideetan edo bestelako arauetan aldaketa bat aplikatu nahi izanez gero, ordea, aldaketa bi ordenantzetan egin behar zen, eta horrek asko luzatzen zuen prozesua.
Bada, ordenantza orokorra aldatu, eta deialdi bakoitzaren ordenantza propioak indargabetu ditu orain udalak. Azken horien ordez, urtebeteko indarraldia izango duten oinarri arautzaile espezifikoak izango ditu laguntza bakoitzak, urteko deialdiarekin batera argitaratuko direnak. Horrela, molldaketak egiteko malgutasun eta erraztasun gehiago izango da.
Ez da aldaketaren helburu bakarra izan. Ordenantza orokorraren aldaketarekin, maila ezberdinetako erakunde publikoen arteko komunikazioa indartzeari bide eman zaio. Horri esker, aurrerantzean, herritar edota eragileentzako errazagoa izango da tramitea, ez baitute zertan beste administrazio batean aurkeztutako dokumentazioa berriro eman beharko udaletxera. Nahikoa izango da eskatutako agiria zein erakundetan dagoen zehaztearekin.
Kirol-instalazioen kontratuaren deuseztea, Aholku Batzorde Juridikora
Azaroaren erdialdean egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zuen udalak kirol instalazioen kontratua deuseztatzeko prozedurari hasiera ematea. Enpresa emakidadunak erabakiaren aurkako alegazioak aurkeztu zituen, zerbitzua emateko ezintasuna grebari lotutakoa zela argudiatuta. Kasu horretan, nahitaezkoa da EAEko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena.
Horretarako, udalak txosten lotesle bat aurkeztu behar dio Aholku Batzorde Juridikoari. Espediente luze eta zabala bat osatu dute udal teknikariek, erabakia arrazoituz.
Bi ideia nagusitan zentratu da argudiaketa hori. Alde batetik, kontratuan jasotako datu ekonomikoak aldatuz, eta greba aitzakia modura erabilita, emakidadunak zegokiona baino diru gehiago –bi milioi euro inguru– lortu nahi izatean. Hori izan zen erabakia hartzerako orduan pisu gehien izan zuen arrazoia. Bestetik, denbora luzez –eta garai hartan, etorkizunera begira zerbitzua emateko aurreikuspenik gabe– zerbitzua eman ez izana.
Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena iritsi bitartean, espedientea ebazteko gehieneko epea etetea erabaki du udalbatzak, hau ere aho batez.
Iruzurraren aurkako plana
Tolosako Udalaren Iruzurren Aurkako Planaren eta bere eranskinak eguneratzea ere onartu du udalbatzak aho batez. Europako funtsetako Next diru laguntzak kudeatu ahal izateko eskakizun bat zen plan hori garatzearena. 2022an onartu zen plana, eta orain eguneratu egin da eta udal kontratazioetarako oinarri moduan ere erabili ahal izango da.
Bost puntutan egin da eguneraketak: interes gatazka ezaren aitorpena da horietako bat, hemendik aurrera kontratazio prozesuan parte hartzen duten guztiek bete beharko baitute dokumentua. Salaketa kanal anonimoa ere txertatuko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan du horretarako kontratazioa eta udala zerbitzu horretara atxiki da. Bien bitartean, IGAEkoa aplikatu da, udaleko webgunean gardentasun atarian topatu daitekeena. Horrez gain, autoebaluaketa eta arriskuen matriza txertatu, kontrol batzordea zabaldu eta kontratazio prozesuetan parte hartuko duten langileentzat formazioa emango da.
‘Villa Sagrado Corazon’ babesteko lehen urratsa
San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakiko ‘Villa Sagrado Corazon’ etxea babesteko lehen urratsa ere eman du udalak, Tolosako Hiri Ordenazioko Plan Orokorraren Katalogoaren aldaketa puntualaren onarpenarekin. Eraikin hau II. mailako babesa duten udal-intereseko ondasun higiezinen zerrendan sartuko da horrenbestez. EH Bilduko udal gobernuaren babesarekin eta oposizioko alderdien abstentzioekin onartu da, gehiengo osoz.
Orain esparru horren antolamendu berria arautzeko xehetasun-azterlanaren aldaketa tramitatzeari ekingo zaio, udalaren eta etxebizitzen sustatzailearen artean adostutako irtenbidearen zehaztapenak finkatzeko. Hain zuzen, adostasun horri esker, bi helburu lortu dira: batetik, balio historikoko eraikina mantentzea; eta, bestetik, aurreikusia zegoen etxebizitza kopuru bera eraiki ahal izatea.
Udal langileen ordainsariak eta Mendebaldeko Sahararen aldeko mozioa
Osoko bilkuran jorratutako beste gaien artean, udal langileen ordainsarien hirugarren igoera izan da, hala jasotzen baitu 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorraren 31/2022 Legeak. Hain zuzen, Barne Produktu Gordinak (BPG) izandako bilakaerari lotutako igoera aurreikusten zen. Indizeak %6ko muga gainditu duenez, %0,5eko igoera aplikatuko zaie ordainsariei, 2022ko abenduaren 31koak oinarri hartuta, eta 2023ko urtarrilaren 1eko ondorioekin. Igoera aplikatu ahal izateko, 2024 urteko aurrekontuan gordea dagoen 55.000 euroko gastua onartu da aho batez.
Horrez gain, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 48. urteurrenean, gatazkaren behin betiko konponbide justua sustatzea, deskolonizazio-prozesua amaitzea eta Saharako Herriaren autodeterminazio-eskubidea gauzatzea eskatzen dituen mozioa onartu du udalbatzak, EH Bilduren eta EAJren babesarekin.