Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesuari buruz emandako epaiaren aurrean adierazpena

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/10/18 | Idazkaritza

Kataluniaren aurkako gerra ekonomikoari eta beste behin 155. artikulua ezartzeko mehatxuari, izaera penaleko estrategia gehitu zaio orain. Euskal Herrian ere badugu bidegabekeria horien lekukorik.Altsasuko gazteei ezarritakoa, Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoren islada zuzena da.

Estrategia horrek askatasunaren murrizketa dakar, eskubide sozialen eta printzipio demokratikoen urraketa. Zalantzan jarri nahi badute ere baieztatu nahi dugu Euskal Herriak eta herrialde katalanak beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan badutela.
 

Hori dela eta, joan den astelehenean Auzitegi Gorenak ‘Proces’-ari buruz ebatzitako epaiaren aurrean eta Kataluniako herriaren eskubide zibil eta politikoen erabilera baketsuari bidea emateagatik ezarritako zigor neurrigabearen aurrean, bidegabekeria hori salatu eta Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko EAJ-PNVren eta EH Bilduren udal ordezkariok ondorengo adierazpen bateratua egiten dugu:
 

  1. Tolosako Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

  2. Tolosako Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

  3. Tolosako Udalak nabarmentzen du Kataluniako ‘Procés’-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

  4. Tolosako Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.

  5. Tolosako Udalak Estatuko botereei eskatzen diete, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzatela eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzatela.

  6. Tolosako Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola, Kataluniako herriari eta erakundeei, eta Tolosako herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA