-
Musika Eskolako, kultur tailerretako eta Euskaltegiko prezio publikoak izoztea erabaki da 2021-2022 ikasturterako eta familia ugariek dituzten onura berak jasoko dituzte familia gurasobakarrek.
-
Era berean, zaurgarritasun egoeran dauden familiek ere jaitsierak izango dituzte prezioetan bizikidetza unitatea eta honek dituen diru sarrerak kontuan izanda.
Aurtengo urteko zerga eta tasak izoztea erabaki zuen udalbatzak iazko urriko Osoko Bilkuran, eta zentzu berean, 2021-2022 ikasturterako prezio publikoak ere izoztea erabaki zen atzo. Gauzak horrela, Musika Eskolako, Kultur Etxeko tailerretako eta Euskaltegiko prezioak bere horretan mantenduko dira.
Alderdi politiko guztien artean landutako proposamena
Familia gurasobakarrek, familia ugariek dituzten onura berak izan ditzaten proposamena lantzen aritu dira denbora honetan alderdi politikoetako udal ordezkariak elkarlanean.
Atzoko Osoko Bilkuran onartu zen, EAJ-PNV eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin eta EH Bilduko zinegotzien abstentzioarekin, familia guraso bakarrei egun familia ugariek dituzten onurak aplikatzea. Musika Eskolako eta kultur tailerretako prezioetan %50eko jaitsiera izango dute eta Euskaltegiaren kasuan, matrikularik ez da ordainduko.
Zaurgarritasun egoeran dauden familien kasuan ere, jaitsierak aplikatuko zaizkie prezio publikoetan – Musika Eskola, kultur tailerrak eta Euskaltegia- bizikidetza unitatea eta bizikidetza unitate horrek dituen diru sarrera gordinak kontuan izanda. Horren arabera, jaitsiera ezberdinak aplikatu dira:
Bizikidetza unitateko kide kopurua
|
0€-13.000€
|
13.301€-15.960€
|
15.961€-18.620€
|
15.621€-21.280€
|
1-2
|
%80
|
%60
|
%50
|
%0
|
3
|
%90
|
%70
|
%60
|
%25
|
4 edo gehiago
|
%95
|
%90
|
%90
|
%60
|
Gizarte Zerbitzuen etengabeko hobekuntzan
Gizarte Zerbitzuen Mapan jasotako prestazioak osatzeko eta hobetzeko helburuarekin azken urteotan zerbitzu berriak martxan jarri edota eskaintzen direnak indartu egin dira, herritarren gizarte beharrei modurik egokienean erantzuteko.
Oraingoan, arlo sozioedukatibo eta psikosozialean esku-hartzeko zerbitzua da hobetu eta indartu nahi dena. Horretarako, Tolosako errealitate eta beharrak ezagutzeko diagnosia egin da eta orain zerbitzu integrala kontratatzeko esleipena abiatuko da; atzo udalbatzak aho batez onartu zuelako zerbitzua kontratatzeko lizitazioari hasiera ematea.
Orain arte Udalak familiei zuzendutako esku-hartze eta bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei laguntzeko programak gauzatu ditu, eta arrisku egoeran dauden adingabeentzako ingurune irekiko esku-hartze zerbitzua ere eskaini da.
Zerbitzu berrriaren bitartez, programa horiek bateratu eta egokitu egin nahi dira, esku-hartze integralagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko. 3 lan esparrutan esku-hartuko da:
-
Adingabeen babesgatasun egoeretan.
-
Bazterkeria eta gizarteratze zailtasun egoeretan.
-
Mendekotasun arriskuko egoeretan.
Horietan guztietan atzematea, artatzea eta prebentzioa egingo da eta familiei aholkularitza ere eskainiko zaie. Komunitatea osatzen duten gizarte-eragileei zuzendutako formaziorako, sentsibilizaziorako eta prebentziorako programa ere garatuko da eta alor honetan, komunitatean dauden baliabideen eta eragileen arteko ezagutza eta lankidetza sustatuko da: ikastetxeekin, osasun arloko profesionalekin.... sentsibilizazio lana egiteko eta informazio trukaketarako, besteak beste.
Eskainitako zerbitzuak beraz, hobekuntza nabariak jasango ditu kontratazio berriarekin; hori dela eta aurrekontua nabarmen igoko da datorren urtera begira. Iaz, aipaturiko programak eskaintzera 282.217€ bideratu zituen udalak, aurten, 322.217€ bideratuko dira eta datorren urtean berriz, 459.367,60€. Hortaz, 2020tik 2022ra gizarte zerbitzu honetara bideratutako aurrekontua %62,77 areagotuko da.
Gorritiko eranskinaren erosketa eta Samaniegoko obra gauzatzeko kreditu aldaketak
Udal gobernuak hainbat konturen berri eman zuen atzoko Osoko Bilkuran, horien artean, aurretiazko kreditu txertaketak.
Begoña Tolosa, ogasun zinegotziak azaldu zuenez, ohiko prozedimenduz, 2020 urtean esleitu edo izapidetzen hasitako kontratuei lotutako diru-lerroak dira aurretiaz txertatu direnak prest zeuden lizitazio, proiektu eta obrak martxan jartzeko: Laskorain kaleko obrak, Gernikako Arbolako obrak, Euskal Herria plazako lanak, eguzki plakak, Tolosaldeko Emakumeen Etxeko parte hartzearen 2. fasea, besteak bestea. Guztira, 2.430.436,11 euro dira txertatu direnak.
Gorriti plazako eranskinari eta Samaniegoko obrari dagokienez, aurretiazko txertaketak egin dira, gorriti plazako eranskina eraisteko eta ingurunearen txukunketa lanak urtea amaitu aurretik hasi ahal izateko eta Samaniegoko obraren kasuan, datorren ikasturtea hasterako obra amaitua izateko.
Behin betikoz onartuta geratu diren gaien berri ere eman zen: Iurramendi Egoitza Erakunde Autonomoaren desegitea; COVID19aren ondoriozko konfinamendu kasuetan, Osoko Bilkuretan eta gainontzeko organo kolegiatuetan tokiko ordezkarien parte hartze telematikoa ahalbideratzeko erregelamendua; udalbatzako kideen informazio publikoko eskubidea arautzen duen erregelamendua eta Agaramundu 7ko babes ofizialeko etxebizitzen oinarri arautzaileen aldaketa.
Era berean, Tolosako San Blas, Bedaio eta Aldabako udal hilerrien kudeaketa integralaren zerbitzu-kontratua arautuko duen lizitazioari eta baita ere, Tolosako udal eraikinak eta hiri-altzariak garbitzeko zerbitzu-kontratuari hasiera ematea onartu zen aho batez.
Amaitzeko, EH Bildu udal taldeak aurkeztutako Goi tentsioko linearen proiektuari buruzko mozioak ez ziren aurrera atera eta EAJ-PNV udal taldea aurkeztutako ENBA eta ENHE nekazarien sindikatuen “Mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa” onartua izan zen EAJ-PNVren aldeko botoekin.