Hiri ekonomia babesteko, tasak %100ean hobarituko ditu Udalak 2021 urtean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/02/26 | Idazkaritza
  • Covid19aren ondorioak arintzen eta sektore kaltetuenak laguntzen jarraitzeko helburuarekin, tokiko merkataritza, ostalaritza, azoka eta zerbitzuen sektoreei ez zaizkie kobratuko urteko hondakinen, terrazen eta azokaren tasak.

 

Osasun larrialdi egoera ezarri zenetik urte bat beteko da laster eta ugari bezain larriak dira egoera honek utzitako ondorio eta eraginak.

 

Denbora honetan, erakunde guztiek eta baita Udalak ere hainbat neurri hartu dituzte, era koordinatuan lan eginez, ondorio horiek arintzeko helburuarekin. 2020 urtean, esaterako, 1,3 milioi euroko Suspertu Plana garatu zen, besteak beste, tokian kontsumitzeko bonuak edota diru laguntzak emateko eta aurten ere neurriak hartuko ditu Udalak Tolosako hiri ekonomia babesten eta Tolosa suspertzen jarraitzeko.

 

Itxiera perimetralak, ostalaritza sektorearen itxierak, edukieretan ezarriak dauden mugak... tokiko jarduera ekonomikoarengan eragin zuzena izan dute eta ondorioz, asko dira egoera zaila bizi duten merkatari, ostalari eta azokagileak. Horregatik, Tolosa Udalak, atzoko Osoko Bilkuran, aho batez, hondakinen, terrazen eta azokaren tasak %100ean hobaritzea erabaki zuen.

 

Hiri ekonomiaren alde hartutako erabakia, tokikoa babestu eta indartzeko apustuan

 

Tolosako Udalak pandemiak modu gogorrean kolpatu dituen kolektiboei, hau da, merkataritza, ostalaritza, azokagile eta zerbitzuen sektoreei ez dizkie kobratuko urteko hondakinen, terrazen eta azokaren tasak, krisiari aurre egiten laguntzen jarraitzeko helburuarekin.

 

Hondakinen tasan hobaria hainbat establezimendu eta negozioek izango dute, besteak beste: dendek, tabernek, jatetxeek, bidai agentziek edota elkarte gastronomikoek.

 

Halaber, aurretik esan bezala, ostalariei ez zaie terrazen tasarik kobratuko eta azokagileei ere, azoka postua jartzeagatik eta espazio publikoaren erabileragatik kobratzen zaien tasa %100 hobarituko zaie.

 

Telelanean jarduteko eta aldi baterako lan poltsak kudeatzeko araudiei hasierako onarpena

 

Udala garai berrietara egokitzen jarraitzeko apustuan, telelanerako araudiari hasierako onarpena eman zitzaion atzoko Osoko Bilkuran. Araudia, eraldaketa digitalari eta administrazio publikoen modernizazio prozesuei lotuta dago. Udal langileek gehienez ere astean bi egunez aritu ahal izango dute modu ez-presentzialean, sail guztien presentzialtasuna ziurtatzeko, eta herritarrei eskainitako zerbitzuen kalitatea bermatzeko; era presentzialean lan egin behar duten zerbitzuak ere zehaztu dira araudian, esaterako, Udate eta Udaltzaingoa.

 

Aldi baterako lan poltsak kudeatzeko araudiari dagokionez, Tolosako udalaren tamainako toki-administrazio baten aldi baterako kontratazio bolumena dela eta beharrezkotzat jo da, kudeaketarako tresna gisa, araudia sortzea, lan poltsa propioak eratzeko prozesuan gardentasun osoz jarduteko helburuarekin. Atzoko Osoko Bilkuran hasierako onespena eman zitzaion araudiari.

 

Gizarte zerbitzu publikoen etengabeko hobekuntzaren aldeko apustuan, urtarrileko Osoko bilkuran hasierako onespena eman zitzaion etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren erregelamenduari, hainbat hobekuntza txertatuta, horien artean, gehienezko prezio publikoa mugatzea. Atzoko Osoko Bilkuran, prezio publiko berria ezartzeko (orduko 15 euro) ordenantza aldaketa egitea onartu zen.

 

Amaitzeko, Emeterio Arrese eraikinean kokatutako udalaren zentro sozio kulturala ustiatzeko zerbitzu-kontratuaren luzapena egitea eta covid19aren pandemiak sortutako egoeraren ondorioz, esleipendunak egindako indemnizazio eskaera onartu zen aho batez.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA