Hiribusaren zerbitzu-kontratu berriaren espedienteari hasiera eman dio Udalbatzak, aho batez

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/03 | Idazkaritza
  • Bost urteko iraupena izango du kontratu berriak, eta urtean 400.000 eurotik gora bideratuko ditu Udalak.

  • Hasiera eman zaio kirol-instalazioen kudeaketarako aurreko kontratuaren likidazioari; BPXportek 33.000 eurotik gora ordaindu beharko dizkio Udalari.
     

Hiribusaren kontratu berriaren lizitazioa abiatu du Tolosako Udalak otsaileko osoko bilkuran, eta onartu egin du hiri-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa kudeatzeko zerbitzu-kontratuaren espedientea. 

Aho batez onartu ditu Udalbatzak kontratuaren ezaugarriak, administrazio-baldintza partikularren plegua eta preskripzio tekniko partikularren pleguak. Kontratu berriak bost urteko iraupena izango du, eta 2.198.917,40 euroko balio zenbatetsia. 

Prozedura irekiaren bidez egingo da lizitazioa, eta proposamenak aurkezteko epea 40 egunekoa izango da, apirilaren 8ra artekoa, alegia.

 

Hasiera eman zaio BPXporten kontratuaren likidazioari

Horrez gain, Osoko Bilkurak onartu egin ditu kirol-instalazioen kudeaketarako aurreko kontratuari dagozkion BPXport XXI SLUren 2022, 2023 eta 2024ko diru-sarreren eta gastuen azterketa jasotzen duten txostenak. Gainera, ekitaldi horietako kanon aldakorra likidatu, eta kontratuaren likidazioari hasiera eman zaio, udal-gobernuaren aldeko botoekin, eta oposizioko alderdien aurkakoekin.

Kontratua suntsiarazko aldebiko adostasun-dokumentuan jasotzen zenez, BPXek, amaitu aurretik, 175.000 euroko aurreikuspena zuten inbertsioak gauzatu behar zituen  (tenis-pistako konponketak, Beotibar pilotalekuko sarea, goiko kantxan konponketak...); horrez gain, 70.000 euroko birjarpen-inbertsioak egiaztatu, 2022tik 2024rako kontuak argitu eta onura aldakorra likidatu beharra zauden. BPXek ez zituen aurkeztu hori egin ahal izateko beharrezkoak ziren urteko kontuak, eta, ondorioz, Udalak kanpo-auditoretza bat kontratatu behar izan zuen kontu horiek aztertzeko. 

Azterketaren arabera, 24.469.43 euro ordaindu behar dizkio BPXek Udalari, onura aldakorra likidatzeko; izan ere, kontratuan adierazita dagoen bezala, 62.000 eurotik gorako onurak izan diren ekitaldietan, hortik gorako kantitatea kalitate-irizpideen arabera banatu beharra zegoen enpresa emakidadunaren eta Udalaren artean. 9.643,85 euro 2022ko ekitaldiari dagozkio; eta gainerako 14.825,58 euroak 2024ko ekitaldiari; 2023an, greba tarteko, galerak izan zituen enpresak, horrenbestez, ez dago banatu beharrekorik. 

Horrez gain, onartu gabeko inbertsioengatik 2.553,77 euro ordaindu beharko ditu BPXek, akatsa zuten zortzi banku mugikorren gastuari lotutakoak, zehazki. Gainerako inbertsioak egin zituen. Kontuak ez aurkezteagatik Udalak kontratatutako auditoretza-gastuei ere aurre egin beharko die: 6.500 euro. 

Horrenbestez, guztira, 33.523,2 euro ordaindu beharko dizkio BPXportek Udalari. Ordaindu ondoren itzuliko zaio bermea enpresari, eta ordainduko ez balu, bermetik kenduko zaio dagokion kopurua. Enpresak, orain, hamar laneguneko epea izango du dokumentuak edo alegazioak aurkezteko, eta epe hori igarotakoan likidatuko da kontratua, behin betiko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA