Kirol instalazioen kudeaketarako kontratua suntsitzeko akordioa eta kontratu berriaren esleipena, onartuta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/09/02 | Idazkaritza
  • Udalaren eta BPXport enpresaren arteko akordioaren dokumentua eta zerbitzu kontratu berria Kirolzer S.L. enpresari esleitzea onartu dira, udal gobernuaren aldeko botoekin, eta oposizioaren abstentzioarekin.

Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketan mugarri izango diren bi erabaki onartu zituen udalbatzak joan den ostiralean egindako ezohiko osoko bilkuran. Alde batetik, udalak eta BPXport enpresak emakida kontratua adostasunez deusezteko lortutako akordioari argi berdea eman zitzaion; bestetik, zerbitzu kontratu berriaren adjudikazioa egin zen. 

Akordiorako bi oinarri nagusiak: gastuak eta inbertsioak

Onartu berri den udalaren eta enpresa emakidadunaren arteko akordioaren dokumentuak, bi aldek bete beharreko baldintzak eta konpromisoak jasotzen ditu. Bereziki bi dira adostasuna baldintzatu duten puntuak.

Alde batetik, alor ekonomikoan, 2022ko azken lauhileko eta 2023ko ekitaldiko kontuetan jasota zeuden kontratuz kanpoko gastu-kontzeptuak erretiratu ditu enpresak, eta kontratuan ezarritako baldintzak errespetatuta eguneratu ditu. Bestetik, inbertsioak gauzatzeko konpromisoa hartu du. Emakidak hamar urteetarako aurreikusten zuen inbertsio planetik, kontratua indarrean izan den aldiari dagokion zati proportzionala beteko du. 

Akordioa erdiesterako, inbertsioetako batzuk dagoeneko eginak zeuden jada, kiroldegia domotizatu eta eraikinetako LED sistema aldatzea, esaterako. Egiteke zegoen zatiari dagokionez, honakoak dira egingo diren lanetako batzuk: kantxa nagusiaren leuntzea, teniseko pisten egokitzapena, Usabaleko sarreran ate bikoitza jartzea, futbol zelaiko fokuak aldatzea edota kiroletako material edo fitness ekipamendua berritzea. Egin beharreko lanen zerrendaren aurreikusitako gutxi gora beherako balioa, inbertsioei dagokienean, 155.910,62 eurokoa da, eta 74.491,67 eurokoa birjartzeko inbertsioena.

Zerbitzu-kontratu berria Kirolzer enpresarentzat

Behin udalbatzak akordioa onartuta, udalak eta BPXportek adostu moduan, emakida kontratuaren suntsiarazpenaren eraginkortasun-data 2024ko irailaren 1a izan da. Hortaz, dagoeneko ez dago indarrean orain arteko emakida kontratua. Hala ere, gutxienez kontratu berria formalizatu arte zerbitzua emateko betebeharra du BPXportek. 

Ostiraleko osoko bilkuran kontratu berriaren adjudikazioa onartu zuen udalbatzak, udal gobernuaren aldeko botoekin. Kirolzer S.L. enpresaren proposamenak jaso du puntuaziorik altuena, eta hari esleitu dio kontratua. Emakida izan beharrean, zerbitzu-kontratua izatera pasako da eta urtebeteko kontratua izango da, beste urte batez luzatzeko aukerarekin.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA