Liburuaren hilabetea izango da apirila Tolosako Udal Liburutegian eta ekintzak antolatu ditu ospatzeko

Tolosako Udala
2021/03/30 | Idazkaritza
  • Haur eta helduentzako hainbat ekintza antolatu ditu Udal Liburutegiak liburuaren hilabetea ospatzeko.

Apirilaren 2a Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna da eta apirilaren 23a, berriz, Liburuaren Eguna. Data horien baitan, Tolosako Udal Liburutegian apirila Liburuaren hilabetea izango da, eta haur eta helduei zuzendutako hainbat ekintza antolatu dira ospatzeko.

Alde batetik, Tomi Ungerer ilustratzailearen obra omentzeko, ikastetxeetan lantzeko hiru ipuin aukeratu dira: Hiru bidelapurrak haur hezkuntzan, 4 urtetik gorako haurrekin lantzeko, Lagun berriak  lehen hezkuntzan, 6-7 urte bitartekoekin lantzeko, eta Otto ilaunezko hartz baten autobiografia liburua lehen hezkuntzan, 8 urtetik gorakoekin lantzeko.

Ikasleek ipuinari buruz marrazkiak egingo dituzte eta horiekin muralak osatuko dira. Muralen argazkiak liburutegiaren webgunera igoko dira eta apirilaren 30etik aurrera egongo dira ikusgai herritar guztientzat. Marrazkien egileen artean liburuak zozketatuko dira. Horrez gain, Tomi Ungereren beste hainbat obra mailegagarri egongo dira liburutegian. Guztiak bere lanaren inguruan sortutako interesgunean egongo dira.

Bestalde, hilabetean zehar gustuko liburuak gomendatzen dituzten haur eta helduen artean ere liburuak zozketatuko dira. Parte hartzeko hiru modu daude: instagram bidez story bat sortzea gomendioarekin @tolosako_liburutegia etiketatuz, argazkia emailez bidaltzea liburutegia@tolosa.eus helbidera edo, azkenik, liburutegira hurbiltzea gustuko liburuarekin eta bertan ateratzea argazkia. Gomendioen argazkiak ikusgai egongo dira Tolosako Liburutegiaren Instagram kontuan eta webgunean, eta apirilaren 30ean egingo da partehartzaile guztien artean liburuen zozketa.