Nafarroa etorbidearen jatorrizko izena gogora ekarri eta egungo esanahia aldatzea adostu da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/31 | Idazkaritza
  • Errepublika kalea izan zen lehen izena, frankismo garaiko udalbatzak aldatu zuten arte. Lekukotza gera dadin, bi plaka jarriko dira apirilaren 14an.
  • Nafar matxinoen ordez, Nafarroa etorbidea Euskal Herriaren muinarekin lotzea onartu da.



Martxoan onartutako dekretuen berri eman da martxoko osoko bilkuran. Horien artean, bada izaera berezia duen dekretu bat. Urriaren 27an Tolosako Foro Errepublikarrak erregistratutako idatziari erantzunez, Nafarroa etorbidearen esanahia aldatzea eta jatorrizko izenari aipamena egiten dioten bi plaka jartzea onartu da, hain zuzen.

Nafarroa etorbidea ez da kale horren jatorrizko izena. 1931ko uztailaren 21ean sortu zen, Errepublika kalea izenarekin. 1936ko abuztuaren 21ean, ordea, indar frankistak Tolosan sartu eta hamar egunera, egungo izena jarri zion ilegalki eratutako korporazioak, nafar matxinoen omenez. 1979ko uztailean, frankismoa goratzen zuten kale ugariren izenak aldatzea erabaki zuen orduko udalbatzak, baina Nafarroa etorbideari ez zitzaion aipamenik egin.

2014. urtean, berriz, Memoria Historikoaren Legea aplikatuta, frankismoko ikurrak kentzeari ekin zitzaion, tartean, frankistek Nafarroa etorbidean jarri zituzten burnizko bi plaka. Jatorrizko izendapenaren aipamenik, ordea, ez da ageri inon.

Hori dela eta, Foro Errepublikarraren eskariz, eta istorio horren lekukotza gera dadin, bi plaka jarriko dira datorren apirilaren 14an, Errepublikaren egunean. Kontuan harturik gaur egungo izenak duen onarpen handia, ez da kalearen izena aldatuko; baina esanahia aldatzea adostu da. Aurrerantzean, Euskal Herriaren muinarekin lotuko da izena, matxinoekin beharrean. Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek egin dute bat eskaera hauekin.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA