Mugi Tolosaren ikasturte berria asteazkenean jarriko da martxan

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/05 | Kirolak
  • Ibilaldiak asteazkenetan izango dira, ekaineko lehen astera bitarte.
  • Iaz, batez beste, 116 pertsonak parte hartu zuten saioko.

Hamahirugarren aldiz jarriko da martxan Mugi Tolosa; urriaren 7an hasiko da ikasturte berria. 29 irteera aurreikusten dira, horietako hamaika 2026. urtean, eta beste hemezortziak 2027an, ekaineko lehen astera bitarte. Asteazkenero egingo dira ibilaldiak Tolosan, jai-egunetan, gabonetan, inauterietan eta Pazko-astean izan ezik.

Parte-hartzaileek bi ibilbide eta ordutegi izango dituzte aukeran. 10:30ean abiatuko den taldeak bost kilometro inguruko ibilbidea egingo du; 11:00etan aterako den bigarren taldeak, berriz, kilometro inguruko ibilbidea egingo du, batez ere mugikortasun murritzagoa duten pertsonen beharretara egokituta.

Ekimenaren bidez, jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatu nahi dira adinekoen artean, eta aldi berean, bakardadeari eta sedentarismoari aurre egin. Horrez gain, herritarren arteko harremanak indartzea du helburu, bereziki gazteen eta adinekoen arteko elkarreragina bultzatuz eta egunerokoan bizipoza areagotzeko aukerak sortuz.

Gainera, ibilaldiak ez dira jarduera fisikoa egiteko proposamena soilik. Urtero bezala, boluntarioen eta ikasleen sarearen babesa izango dute, eta Tolosako hainbat eragilek ere parte hartuko dute egitasmoan. Besteak beste, Herrikidek, Osokik, Laskorain Ikastolak, Orixek, Tolosako OSIak, Iturriza eta Harizpe jubilatuen elkarteek, Gurutze Gorriak, Beti Gaztek, Ilarkik, Asuncion klinikak, Nagusilanek, Goyeneche Fundazioak eta Iurramendi eta Uzturre egoitzek.

Aurreko ikasturteko balorazioa

2025-2026 ikasturtean, 33 saio egin ziren eta guztira 185 pertsonak hartu zuten parte ekimenean uneren batean. Saio guztietako parte-hartzeak kontuan hartuta, 3.193 parte-hartzaile izan ziren. Parte-hartzaile zaharrenak 97 urte zituen, eta gazteenak 18. Parte-hartzaileen % 58 emakumeak ziren.

Azken edizioak erakutsi du Mugi Tolosak baduela eragina jarduera fisikoaz harago ere. Harremanak egiteko eta elkartzeko gune bihurtu dira ibilaldiak, eta parte-hartzaileei lagunartean kalera atera, beste pertsona batzuekin harremana izan eta Tolosako ibilbideez gozatzeko aukera ematen diete. Horrela, ekimena zahartze aktiboa sustatzeko tresna izateaz gain, sozializaziorako espazio ere bada.

Mugi Tolosan parte hartzeko ez da adin- edo gaitasun-baldintzarik bete behar, eta ez da aurretik izena eman beharrik. Interesa duten pertsonek asteazkenean Zerkausira joan besterik ez dute egin behar, aukeratutako taldearen ordutegian.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA