Samaniego ikastetxeko argiteria berritzeko kreditu aldaketa eta Andragorako erregelamenduaren behin betiko onarpena, iraileko osoko bilkuran

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/09/29 | Idazkaritza

Ikasturteko lehen ohiko osoko bilkura ospatu zen atzo arratsaldean. Samaniego Ikastetxeko eraikinen argiteria berritzeko kreditu aldaketa izan zen erabaki nagusienetako bat.

Helburu horrekin 140.000 euroko inbertsioa zegoen aurreikusia, bi eraikinetatik bakarrean egitea, alegia. Bada, 170.000 euroko kreditu aldaketa egingo da, bigarren eraikineko lanak burutu ahal izateko. Horrenbestez, udalak 315.000 euroko inbertsioa egingo du ikastetxearen azpiegiturak hobetzeko.

Andragora Emakumeen Etxearen erabilera eta funtzionamenduaren araudia ere izan zen beste hizpide nagusienetako bat. Aurkeztutako zazpi alegazioetatik sei onartu dira, bere osotasunean edota partzialki, eta horiekin Erregelamenduari behin betiko onarpena eman zaio.

Euskal Herria Plazako 1. zenbakian kokatutako eraikuntza -TOPIC zentroa, alegia- Tolosako Ekinbide Etxeari zuzeneko konzesioan lagatzea ere onartu zen, aho batez, baita emakida hori arautzen duten klausula administratiboen plegua ere.

Dirulaguntzak, eta plan estrategikoan aldaketak

2023ko dirulaguntzen eranskineko aldaketei hasierako onarpena eman zitzaien, adostasun osoz: batetik, 1.000€ bideratuko dira Tolomendi auzolanaren inguruan garatzen ari den proiektura; 10 urte betetzen dituen Tolosaldeko Komunikazio Taldeak, berriz, 5.000€ jasoko ditu urteurrenagatik; eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, berriz, 1.694€. Abegi elkarteak ere 37.400€ jasoko ditu, lokal berriaren obrak amaitu bitarte Sakramentinoetan zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko.

Tolosako Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak kudeatutako hezkuntza programen konturako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza ere aldatzeko proposamenari hasierako onespena eman zaio. 

Euskara alorrean, Aitzol Udal Euskaltegiko prezio publikoaren aplikazio-arauen aldaketa ere onartu zen. Zehazki, HABE eta Euskaltegiaren arteko hitzarmenari esker, C1 agiria helburu duten 16-18 urteko ikasleen dirulaguntzen prezio publikoaren ordainketa epeak arautu dira. Matrikulazio epean 20 euro ordaindu beharko dute ikasleek. Gainerakoa, ekainaren 30a baino lehen ordainduko du HABEk, hitzarmenean azaltzen diren baldintzetan.

Esparru ezberdinetarako izendapenen berri ere eman zen osoko bilkuran. Esate baterako, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarako Tolosako Udaleko ordezkari titularra Andu Martinez de Rituerto izango da, eta bere ordezkoa Aitor Agirresarobe Murgi.

Berdintasun kontseiluko lehendakari, berriz, Goiuri Ezeiza Arandia izango da. Garbiñe Marzol Ormazabalek (EH Bildu), Ainhoa Dominguez Landak (EAJ-PNV) eta Joxe Mari Villanuevak (PSE-EE) osatuko dute ordezkaritza. Zazpiturri S.A. sozietateko bigarren ordezkari bat ere izendatu da, Ander Figuerido Zubiria.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA