San Frantzisko pasealekuan 23 etxebizitza berri egiteko azterlanari behin betiko onespena

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/01/28 | Idazkaritza
  • Aurrera doa San Frantzisko pasealekuan bi etxebizitza eraikin berri egiteko proiektua.

  • Halaber, atzoko Osoko Bilkuran hasierako onespena eman zitzaion Tolosako Udaleko giza baliabideak arrazionalitzatzeko programari, udala modernizatu, behar berrietara egokitu eta lanpostuak egonkortu eta udal plantila gaztetzeko helburuarekin.

 

 

Atzo ospatu zen urteko lehen Osoko Bilkura. Xarles Iturbe Pasabanek (EAJ-PNV) zinegotzi kargua hartu zuen eta Tolosako Udaleko zinegotzien dedikazioaren araubidea aldatzea onartu zen. Honela, aurrerantzean, Lurralde Batzordeko zinegotzi arduradunak %50eko dedikazioa izango du eta Herritarren arlokoak, baita ere.

2022 urterako udal langileen eta dedikazioz aritzen diren korporazioko kideen ordainsariak %2 igotzea onartu zen aho batez eta hasierako onespena eman zitzaion Tolosako Udaleko giza baliabideak arrazionalitzatzeko programari, EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren aurkako botoekin.

Behar berriei erantzuteko eraldaketa prozesu integralaren baitan

Herritarrei kalitatezko arreta eta zerbitzuak bermatzen jarraitzeko helburuarekin eta behar berriei erantzuteko asmoz, aldaketa sakoneko prozesu integral batean murgilduta dago Tolosako Udala eta eraldaketa prozesu integralaren barruan kokatzen da, baita ere, Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Programa.

Honekin batera, udalaren antolamendu berria ezarri da, lanaren antolakuntza berria martxan jarri modu planifikatugoan eta koordinatuagoan lan egiteko, administrazio elektronikoaren ezarpenean urrats garrantzitsuak egin dira, udal organigrama berria eta lanpostuen balorazioa martxan daude, telelanerako araudia garatu da eta eta prestakuntza plana ere bai.

Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko programak helburu du antolakuntza-egiturak nahiz lanpostuak aldatzeko aurreikuspenak egitea, alor jakinetako langileei mugaturiko lehiaketak egitea lanpostuak betetzeko, barne sustapenerako neurri bereziak zehaztea eta erretiro aurreratua sustatzeko sistema bat ezartzea, plantila gaztetu ahal izateko eta langile publikoen erretiro mailakatua bultzatzeko.

Izan ere, 2018. urtean Tolosako udalak Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Plana- Enplegu Plana- onartu bazuen ere, 2019 martxoko Auzitegi Gorenaren erretiro aurreratuagatiko primen inguruko epaiak legez kontrakotzat jo zuen prima horien aplikazio automatikoa. Auzitegi nagusiek emandako epaiak jubilazio primen ordainketa ukatzen zuenez, Giza Baliabideen Arrazionalizazio plana berritu egin da beharrezkoak diren egokitzapen eta eguneratzeak egin eta aurre-jubilazio primak ordaindu ahal izateko.

Atzoko Osoko Bilkuran onartutako proposamena da, pizgarriak Udalhitzeko lan hitzarmenak zehaztutako kopuruetara ekartzea, kopuru horiek hobetuta. Izan ere, orain artean, Tolosako Udaleko langileek prima bikoitza kobratu dute.

Hortaz, proposamena da, esaterako, 2 urte lehenago erretiratzen den langileak, gehienez ere, orain artean kobratuko lituzkeen 18 hilabete ordez (prima bikoitza), 11 hilabete kobratzea. Udalhitzeko lan hitzarmenak zehaztutako hilabeteak 9 + 2. Aldaketa hori modu progresiboan emango da 2022tik 2027 urte bitartean:

URTEA

PRIMA

2021-2022

17 hilabeteko prima (Udalhitz +7)

2023-2024

14 hilabeteko prima (Udalhitz +5)

2025-2026

12 hilabeteko prima (Udalhitz +2)

2027tik aurrera

11 hilabeteko prima (Udalhitz +2)

 

San Frantziskon bi etxebizitza eraikin berri

Urtarrileko Osoko Bilkuran onartu zen, baita ere, San Frantxisko pasealekuko 37 azpiesparruko xehetasun azterlana. Eremuaren hirigintza garapenerako urrats bat gehiago da. Ondoren, guztira 23 etxebizitza libre berri eraikiko dira eremuan.

Azkenik, Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren uraren ziklo osoaren kudeaketarako hitzarmena ere onartu zen aho batez. Hitzarmenak 15 urteko iraupena izango du eta kontsorzioa arduraduko da, aurrerantzean ere, uraren ziklo osoaren kudeaketaz, alta eta bajako sareen kudeaketaz, uraren horniduraz, saneamenduaz eta inbertsio eta hobekuntzak aurrera eramateaz.

Inbertsioen kasuan, datozen 15 urtetan 4,2 milioi inbertituko ditu kontsorzioak bajako sarea eraberritzeko eta bajako-sarearen erabilera uzteagatik, ordainetan, 15 urteetako kanona hitzarmena izenpetzean 2,8 milioi euro jasoko ditu Udalak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA