Tokiko ekonomia indarberritzen jarraitzeko diru laguntza berriak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/10/30 | Idazkaritza
  • Halaber, salbuespenez, ostalariek espazio publikoaren erabilera handiagoa egiten jarraitu ahal izatea onartu zen, eta Alde Zaharraren kasuan alternatiba eta aukera berriak aztertzea.

  • Neurri horiek guztiek dute helburu hiri ekonomia babesten eta sustatzen jarraitzea eta sektore ezberdinetako ordezkariekin adostuak izan dira.

 

 

Era erdi-presentzialean ospatuko zen atzoko Osoko Bilkura. Alkatea, 3 alderdietako bozeramaileak, idazkaria eta kontuhartzailea pleno aretoan izan ziren eta gainerako udal korporazioko kideak etxetik parte hartu zuten atzoko saioan; herritarren parte hartzea Osoko Bilkuran bermatzeko.

Udala etengabe ari da testuingurura eta behar berrietara egokitzen, egoera oso aldakorra delako. Gauzak horrela, atzoko Osoko Bilkuran, Covi19aren ondoriozko itxialdi egoeretan, Osoko Bilkuretan eta gainerako organo kolegiatuetan tokiko ordezkarien parte hartze telematikoa ahalbideratzeko arautegia onartu zen. Modu honetara, udal korporazioko kide guztien parte hartzea bermatu nahi da eta egungo beharrizan berrietara egokitu.


 

Egoeraren larritasunari aipamena

Alkateak, egoerari erreferentzia eginez eman zion hasiera Osoko Bilkurari. “Datuen goranzko joera etengabea da, kutsatze tasa oso altua dugu herrian eta egunero ditugu kasu positibo berriak. Egoera kezkagarria eta larria da eta horregatik, beste behin eskatzen dizuet neurriak errespetatzeko eta harreman sozialak mugatzeko, egoerak okerrera egiten jarraitu ez dezan” esan zuen.

Osasun larrialdi egoerak, krisi sozio-ekonomikoa eragin duenez, udalak ondorio eta eraginak baretzeko eta herritarren beharrei erantzuteko neurriak hartzen jarraitzen du.

Datorren urteko zerga eta tasa guztiak izoztu egin dira eta atzoko Osoko Bilkuran egutegi fiskalean aldaketak egitea onartu zen. 2021ean ohiko egutegi fiskala berreskuratu da, baina terrazen kasuan, eskaeren kudeaketa egokiagoa egiteko ordainketa epea atzeratuko da ekaina 1-uztailak 7tik, urriak 1- azaroak 10era.

Era berean, ostalariek espazio publikoaren erabilera handiagoa egiten jarraitu ahal izango dute maiatzean onartutako dekretuak indarrean jarraituko duelako 2021eko martxoaren 31 arte.

Modu honetara, segurtasun tarteak mantentzea lortu nahi da eta ostalariei aurrez zituzten terraza baimenetan jasotako mahai kopuruak ezartzeko aukera eman.

Dekretu berrian, halaber, aurrez terraza baimenik ez zuten ostalariei baimenak eman ahal izatea edota Alde Zaharrari trataera berezia ematea ere jaso da. Izan ere, denbora honetan, hainbat ostalarik zailtasun bereziak dituztela ikusi da, bereziki Alde Zaharrari lotuta, eta hortaz, salbuespenez, alternatibak aztertu eta eskainiko dira mahai gehiago jartzeko aukera izan dezaten.

 

Kreditu aldaketak Covid19ak sortutako egoerari aurre egiten jarraitzeko

Udal zerbitzuek dituzten behar eta betebeharrei aurre egiteko eta Covid19ak areagotu dituen gastuei eta sortutako egoera eta behar berriei erantzuteko hainbat kreditu gehikuntza egin dira eta horien berri eman zuen Ogasun zinegotziak, Begoña Tolosak, atzoko Osoko Bilkuran.

Diru lerroak handitu dira, besteak beste,garbiketa lanetarako, azokaren mantentze lanetarako, eraikin publikoetan beharrezkoak izan diren inbertsioak egiteko, informatika zerbitzurako edota diru laguntza lerro berria martxan jartzeko.

Azken puntu honi lotuta, atzoko Osoko Bilkuran, Tolosako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreari bideratutako diru laguntza berria martxan jartzea berretsi zen. Diru laguntza hau Covid19ak eragindako gastu eta inbertsioei aurre egitera bideratuko da.

Foru Aldundiak 70.000 euro jarriko ditu eta Udalak beste 50.000 euro, guztira, beraz, 120.000 euroko diru laguntza eskainiko da eta deialdia datorren astean egingo da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean diru laguntzen deialdia argitaratu ostean.

Amaitzeko, atzoko osoko bilkuran Euskaraldiaren inguruko mozioa onartu zen aho batez, behin betiko onespena eman zitzaion Tolosako ondasun babestuen hirigintza katalogoaren aldaketari; EH Bilduk, gai zerrendatik kendu zuen Foru Funtsaren inguruan aurkeztutako mozioa, PSE-EEk aurkeztutakoaren alde eginez, beraz, hura irakurri eta bozkatu zen, baina ez zuen nahiko babasik jaso aurrera egiteko.

Fitxategiak: 
Microsoft Office document icon PSE-EE_Foru funtsa.doc

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA