-
Tolosan Hezkuntzaren arloan ari diren eragile eta erakundeak batuko ditu kontseiluak, baita guraso talde eta hezkuntza ez-arautuko taldeak ere.
-
Diru laguntzen plan estrategikoan aldaketak edota kirol instalazioko kontratua deusezeteko espedientea izan dira hizpide, besteak beste, osoko bilkuran.
Tolosako Udalak izaera formala emango dio Hezkuntza Mahaiari, Hezkuntza Kontseilua eratuta. Hain zuzen, hezkuntza-kontseiluak sortzeko aukera ematen die EAEko Hezkuntza Legeak toki-erakundeei, eta urrats hori emango duen lehenetakoa izango da Tolosa.
Udalbatzak hasierako onarpena eman dio, martxoko osoko bilkuran eta aho batez, organo aholku-emaile honen jarduna arautzen duen erregelamenduari. Tolosan Hezkuntzaren arloan ari diren eragile eta erakunde publiko nahiz pribatuak batuko ditu kontseiluak, baita familia edo guraso talde eta hezkuntza ez-arautuko taldeak ere, besteak beste.
Urtean gutxienez bi bilkura ireki egingo ditu, nahiz eta maiztasun handiagoarekin bilduko den batzorde iraunkorra ere izango duen. Azken honetan udal talde guztietako, oinarrizko hezkuntzako ikastetxeetako eta Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko ordezkariek parte hartuko dute.
Hezkuntza arloan lankidetza sustatzea izango da kontseiluaren helburu nagusia, ikastetxeen eta gizarte-ingurunearen arteko elkarreragina areagotzeko. Horretarako, hezkuntza-proiektu komunitarioak bultzatu, baliabide publikoen erabileran sinergiak sortu eta ikasleen ongizatera eta garapenera bideratutako ekintzak gauzatuko ditu.
Hezkuntza Kontseiluaren sorrerak aldaketa ekarriko du Euskararen Aholku Kontseiluan, eta hori dela eta, bigarren honen erregelamendu berria ere onartu du udalbatzak.
Hilabetero biltzen da bere batzorde iraunkorra, eta aurrerantzean udal talde politiko guztiek, Euskara Saila, Udal Euskaltegiak, Galtzaundi Euskara Taldeak eta UEMAk osatuko dute. Urtean bi bilkura nagusi egingo ditu kontseilu honek ere, eta hemendik aurrera irekiak izango dira: hau da, deialdi publikoa egingo da eta edonork izango du joateko aukera.
Bi aldaketa Diru Laguntzen Plan Estrategikoan
2023-2025 Diru Laguntzen Plan Estrategikoan diru laguntza berriak gehitzeko aldaketak ere onartu ditu udalbatzak. Alde batetik, Kluben egitura eta ohiko jardueren lerroan, ezohiko kirol instalazioen erabileragatik 50.000€ euroko lehia bidezko diru laguntza gehituko da. Alpino Uzturre elkarteak sortu dituen mendi lasterketa eta ipar eski taldeetarako beste 5.000 euroko laguntza izenduna jasoko du.
Horrez gain, Gizarte Zerbitzuen alorrean, premiazko laguntza humanitariorako laguntzen lerroa sortu du udalak, bere ekarpena bideratu ahal izateko. Aurreikusi gabeko gertaera natural, istripu edo gatazken ondorioz sortutako premia larriei erantzuteko eta oinarrizko laguntza humanitarioa bideratzeko izango da diru laguntza hau, herriko elkarte eta herritar taldeen bidelagun izanda. Hasiera batean 4.500€ txertatu dira, eta kasuan kasu aztertuko da egoera bakoitzari dagokion kopurua.
Kirol instalazioen kontratua deusezteko prozesua berrabiaraziko da
Kirol instalazioen kontratua deusezteko espedientea iraungitzat ematea erabaki du udalbatzak, gehiengo osoz, prozesuaren segurtasun juridikoa bermatzeko, Auzitegi Gorenak eman berri duen lege interpretazio batek zuzenean eragiten baitio.
Izan ere, kontratuen deuseztapenerako espedienteak ebazteko epeari dagokionez, Sektore Publikoko Kontratuen Legeak bere 212.8 artikuluan espedientea ebatzi eta jakinarazteko zortzi hilabeteko epea ezartzen du. Konstituzio Auzitegiak ukatu egin zuen 2021ean emandako epaian xedapen horren oinarrizko izaera, eta adierazi zuen autonomia-erkidegoek arautu behar zutela epe hori. Eusko Legebiltzarrak ez du gai hori arautu, eta, beraz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak, beste kontsulta-organo eta auzitegi batzuek bezala, ulertu izan dute, berezko autonomia-legeriarik ezean, Estatuko Legea eta 8 hilabeteko epea aplikatzen zirela. Interpretazio hori baketsua izan da orain arte.
Auzitegi Gorenak, ordea, talka honen interpretazioa egiten duen STS 422/2024 sententzia argitaratu du martxoaren hasieran, otsaileko osoko bilkuran espedientea Aholku Batzorde Juridikora bidaltzea aho batez onartu eta astebetera, hain justu. Honen arabera, autonomia erkidegoek lege propiorik izan ezean, iraungitze-epea 3 hilabetekoa dela argitu du.
EAEko administrazioari, foru-administrazioei eta hemengo toki-korporazio guztiei eragiten dien sententzia da, baina udalari bete betean eragiten dio kirol instalazioen kontratua deusezteko zabalik zuen espedientegatik. Tolosako udalbatzak 2023ko azaroan erabaki zuen kontratu hori suntsiarazteko jardunbideari hasiera ematea, hortaz, ebazteko hiru hilabeteak igarota leudeke, sententzia honen arabera.
Hori ikusita, eta aurrera begira babes juridikoa izateko, espedientea iraungitzat jo du udalbatzak. Izan ere, hala egingo ez balitz, erabateko deuseztasun-akatsa izango luke. Erabaki horren entzunaldia abiatuko da orain, eta behin hori igarota, berriro ere abiatuko du udalak kontratua deusezteko espedientearen tramitazioa.
Aho batez hartutako beste erabaki batzuk
Bestelako gai gehiago ere jorratu dira martxoko osoko bilkuran. Esate baterako, Uzturre Asistentzia Gunean eskaintzen diren zerbitzuetako prezio publikoak eguneratuko dira. Joan den urteko martxoan udalbatzak onartu zuen urtero lehen hiruhilekoan eguneratuko zirela, EAEko KPIaren urteko akumulatuaren arabera. Bada, aurten %3,1ekoa da adierazle hori, eta apirilaren 1etik aurrera aplikatuko da.
Arrillaga plazako garajeak ere izan dira hizpide osoko bilkuran. Aparkalekuak erabiltzeko epea amaitu ondoren, erabiltzaile berrientzako prozedura berria sustatu behar du udalak. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da ondasunaren izaera juridikoa zehaztea, esleitzeko jardunbidea eta erabilera-titulua ezberdinak direlako ondare izaerako ondasunetan eta jabari publikokoetan, eta une honetan Tolosako udal ondasunen erroldan dagoen informazioa ez delako zuzena. Horrenbestez, udalbatzak Arrillaga plazaren eta haren lurpean eraikitako garajeen jabari publikoaren izaera aitortu du. Bien bitartean, esleipen berriaren lanketan ari da udala.
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantzari ere hasierako onarpena eman zaio osoko bilkuran. Lege betebeharra da, eta udalak dagoeneko egiten ditu azterlan horiek, hala nola, hirigintzari edo turismoari lotutako proiektuetan. Lan horiek udal barruan nola egingo diren definitu ditu orain ordenantzan. Badu kanpora begirako berritasun bat: landa eremuko lau auzo –Bedaio, Aldabatxiki, Urkizu-Monteskue eta Santa Lutzia– ‘arnasgune’ gisa definitu ditu, Eustaten 2021eko Biztanleriaren eta Etxebizitza Zentsuaren arabera, herritarren % 80 baino gehiago euskaldunak baitituzte.
Aldaba auzoko saneamendua egiteko Gipuzkoako Ur Kontsortzioak aurkeztutako proiektuak eragindako lursailak hirigintza-arrazoiengatik nahitaez desjabetzeko prozeduran, lursail eta jabeen zerrendan zuzenketak egin eta behin betikoz onartzea ere ebatzi du udalbatzak.