Bi kanpaina, hondakinak hobeto sailkatzeko eta kaleak garbiago izateko helburuarekin

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/21 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Udalak kezka agertu du, gaikako bilketaren tasak beheranzko joera izan baitu azken bost urteotan, gaizki sailkatutakoen kopuruak gora egitearekin batera. 
  • Bigarren eskuko produktuen azoka, eta papera birziklatzeko tailerra egingo dira hilaren 29an, Trianguloan.

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea, hondakinen prebentzioari buruzko sentsibilizazio-kanpaina handiena, azaroko azken astean izango da. Hondakinak murrizteko, produktuak berrerabiltzeko eta birziklatzeko garrantziaren inguruan kontzientzia piztea da helburua.

Xede horrekin, bi sentsibilizazio-kanpaina sortu, eta beste hiru hitzordu antolatu ditu Udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin eta Tolosaldeko Mankomunitatearekin batera. Horiez gain, herriko ikastetxeetan ere sentsibilizazioa areagotzeko tailerrak egiten ari dira, LH 5. eta 6. mailako, eta DBHko ikasleekin.

Kezka, gaikako bilketaren beheranzko joerarekin

Udalak kezka agertu du, gaikako bilketa izaten ari den beheranzko bilakaerarekin. Azken bost urteotan, % 5 jaitsi da gaikako bilketa Tolosan: 2021ean % 67koa zen tasa, eta gaur egun, % 62an dago. Urtez urte, puntu bat jaitsi da.

Organikoaren eta errefusaren karakterizazioan dago daturik esanguratsuena: organikoaren edukiontzi marroian jasotakoaren % 18 ez da organikoa. Errefusaren edukiontzi grisean biltzen denaren ia % 40 ere ez da errefusa: % 28,7 organikoa da, eta beste % 11 edukiontzi horian bota beharreko ontzi arinak.

Hondakin-sortzaile berezien kasuan —jangelak, jatetxeak, tabernak...— datu adierazgarriak daude. Atez ate jasotzen bada ere, gehienek oraindik ez dute organikoa eta errefusa bereizten. Aldiz, nabarmentzekoa da bereizketa egiten dutenek oso ondo egiten dutela. Sektorearekin gaia aztertu nahi du Udalak, ohituretan eragiteko neurriak hartzeko.

Hondakinak modu desegokian sailkatzeak hondakinen tratamenduen kostua handitzen duela ere ohartarazi du Ingurumen Sailak. Organikoan bildutako tona bakoitzeko, 145 € ordaintzen dira; errefusaren kasuan, berriz, 233 €. Organikoa gutxi bilduz gero, edo errefusa asko bilduz gero, kostuak gora egiten du. Europako araudiaren aldaketa tarteko, gainera, bilketa-zerbitzu osoa tasen bidez estaltzera derrigortuta daude Udalak. Hortaz, zerbitzua garestitzeak tasa are gehiago igotzea dakar, guztion kalterako.

«Gipuzkoa mailan herri gehiagotan gertatzen ari den joera orokortua da, baina ezin gara erlaxatu. Tolosaren kasuan, 2024ko datuei erreparatuta, errefusa egoki sailkatuz gero, % 27 murriztuko litzateke bilketaren gastua: 485.000 €-tik, 353.000 euro ingurura. Horrek esan nahi du hondakinen tasa 50 € inguru jaitsi ahalko litzatekeela. Badugu hobetzeko potentziala, baina ezinbestekoa da gaiaz kontzientzia hartzea eta ohituretan eragitea. Denon esku dago. Gaikako bilketa garrantzitsua bada ere, azpimarra jarri beharko genuke hondakinen sorrera murriztean ere, izatez, hondakin hoberena sortzen ez dena baita», adierazi du Aitor Agirresarobe Ingurumen zinegotziak.

Edukiontziak dauden puntuetan arduratsuago jokatzeko deia

Hondakinak modu egokian botatzeko kanpaina bat abiatu du Udalak, Mankomunitatearekin batera. Bereziki bi gairen inguruan informazio praktikoa ematea da helburua: «zenbait jarrera desegoki areagotu egin direla ikusi dugu. Baliteke horietako batzuk ezjakintasunarekin lotura izatea. Horregatik, bilketa puntuetan jarri dugu arreta», azaldu du Agirresarobek.

Organikoaren eta errefusaren edukiontzietan jarriko da informazio hau, herriko 25 puntutan; edukiontzi marroiaren kasuan, poltsa konpostagarriak doan eskuratzeko kokalekuak zeintzuk diren gogoraraziko da; izan ere, asko dira oraindik ere edukiontzi horretan botatzen diren plastikozko poltsak. Bi makina daude, txartel bidez poltsak eskuratzeko: Kultur Etxeko pasabideetako batean, eta zezen plazan. Gorosabel eraikinean —Musika Eskolaren azpian— dagoen Hondakinen Bulegora joanda ere eskuratu daitezke. Makinetarako txartela ere bertan eskatu daiteke.

Errefusaren kasuan, tamaina handiko hondakinak —koltxoiak, altzariak, egurrak...— zein egunetan atera behar diren eta eskaera zein telefono edo webguneren bidez egin behar den azaltzen da. Udalak gogorarazi du astearteetan atera behar direla gisa honetako hondakinak, eta aurrez 943 67 62 16 telefono zenbakira deituta jakinarazi beharko dela —08:30etik 14:30era—. https://tolosaldekomankomunitatea.eus/ webgunean formularioa beteta ere jakinarazi ahal izango da, dagokion eguna eta bilketa-puntua aukeratuta.

Txakurren pixak garbitzeko botilak

Kaleak garbiago mantentzeko helburuarekin, txakurren pixak garbitzeko botilak banatuko ditu Udalak txakurren jabeen artean, gogorazten den arren txakurrek herriko kale eta paretetan ez luketela pixik egin behar. Halakorik gertatuz gero, ura eta ozpina nahastu, eta txakurrak pixa egitean botatzea eskatzen da, garbitzeko ez ezik, usaina ez dadin hedatu. Txakurren jabeek animaliekin zerikusia duten herriko lau establezimendutan eskuratu ahal izango dituzte: Abere albaitaritzan, Ibaiondo albaitari klinikan, Urubi dendan eta SHUN-KA dendan.

Hiru hitzordu, azaroaren 29an

Azaroaren 29an, larunbata, eta azoka eguna izanik, Hondakinak Prebenitzeko Azoka Berezia antolatu da, Trianguloa plazan. Hiru ekintza izango dira azokan:

  • Bigarren eskuko gauzen azoka: hilabetean bitan, arratsaldez, Berdura plazan eta Zerkausian egiten den azoka. Goizean ere egingo da, 10:00etatik 14:00etara, Trianguloa plazan.

  • Gordailu salmenta: Herritarrek utzitako egoera onean dauden baina erabilerarik ez duten objektuen salmentarako postua da azoka horretan. Herritarrek, ordea, ez dute postuan egon beharko salmenta egiteko. Objektuak 09:30etik aurrera utzi ahal izango dira bertan, eta 10:00etatik 14:00etara izango da zabalik salerosketarako.

  • Artisau papera egiteko tailerra: LabPaper Tolosa elkarteak eskainiko du, 11:30etik 13:30era. Doakoa izango da, eta ez da aurretik izena eman beharko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA