Atzerritar jatorriko pertsonei arreta integrala emateko Harreragunea izango du Tolosak, astean hiru egunetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/19 | Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna
  • Andre Maria plazan kokatuko da, eta astelehen eta astearte goizetan, eta asteazken arratsaldetan emango du zerbitzua.
  • Informazioa, orientazioa eta beste baliabide edo zerbitzuetara bideratzeko aukeren berri emango du.

Atzerritar jatorriko pertsonei arreta integrala emateko Harreragunea izango du aurrerantzean Tolosaldeak. Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak jarri du martxan Harrera Zerbitzu Integrala, eskualdeko udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesari esker.

Eskualdera bizitzera etorri diren edo etorriko diren atzerritar jatorriko pertsonei bideratutako arreta zerbitzu integrala eskainiko du Harreraguneak. Bakarkako hitzorduak emango ditu, egoera bakoitzaren aurrean eskura dauden baliabide eta informazio iturri ezberdinak eskaini ahal izateko. Gai askoren inguruko informazioa eman ez ezik, orientazioa eta Tolosaldeko gainerako baliabide eta zerbitzuetara bideratzeko aukeren berri emango du.

Baliabide horien artean daude osasun-zerbitzuak, aholkularitza juridikoa atzerritartasunean, gizarte zerbitzuak eta inklusioa, enplegua eta formazioa, hezkuntza, hizkuntzaren ikaskuntza, Tolosaldeko Emakumeen Etxeko zerbitzuak eta elkarguneak eta gizarte-erakundeak.

Tolosan, hiru egunetan

Zerbitzua ez da kokaleku bakar batean emango. Tolosaren kasuan, astean hiru egunetan emango du zerbitzua herrian, Andre Maria plazako 1. zenbakian dagoen bulegoan, lehen turismo bulegoa zegoen lekuan. Astelehen eta astearte goizetan, 10:00etatik 14:00etara izango da zabalik; asteazkenetan, arratsaldez emango du zerbitzua, 15:00etatik 19:00etara.

Harreragunera joateko, aurrez hitzordua hartu beharko da, telefonoz (747 41 72 55) edo posta elektroniko bidez: harreragunea@tolosaldea.eus.

Noiz eta non emango da zerbitzua?

  • Astelehena: 10:00-14:00. Tolosa. Andre Maria plaza, 1.
  • Asteartea: 10:00-14:00. Tolosa. Andre Maria plaza, 1.
  • Asteazkena: 15:00-19:00. Tolosa. Andre Maria plaza, 1.
  • Osteguna: 10:00-14:00. Amasa-Villabona. Udaletxea
  • Ostirala: 10:00-14:00. Alegia. Udaletxea

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA