Musikarien Eguna ospatzeko kontzertua eta kalejirak, hiru egunetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/18 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Herriko lau musika taldek urteroko emanaldia eskainiko dute Leidor Aretoan, ostiralean, 19:30ean.

  • Ostegunean eta larunbatean kalejirak egingo dituzte Eduardo Mocoroa musika eskolako taldeek eta Udal Musika Bandak.
     

Azaroaren 22an, larunbata, Musikarien Eguna ospatuko da. Urtero moduan Eduardo Mocoroa Musika eskolak eta udal bandek kalejira eta kontzertuak eskainiko dituzte ospakizun horren harira. Hauxe izango da egitaraua:

 

Azaroak 20, osteguna

  • Musika Eskolako taldeen kalejirak: 19:00etatik aurrera akordeoien, txistuen eta harizko instrumentuen kalejira izango da. Guztiak batera ibiliko dira, egun horretarako apropos prestatutako kantuak joz. Ikasleen banda ere aterako da kalera, 19:30ean. 

 

Azaroak 21, ostirala

  • Xexili Eguneko kontzertu berezia: izango da, 19:30ean, Leidor Aretoan (19:00etan irekiko dira ateak). Herriko lau musika taldek eskainiko dute emanaldia:

  • Hodeiertz Abesbatza: Victor Galvanen zuzendaritzapean, Baratze bat, Izar ederrak eta Juramento abestiak interpretatuko dituzte.

  • Udal Txistulari Banda: Lau abesti eskainiko ditu, horietako lehena txistulariek bakarrik, Mungia (III. Kontrapasa). Gainerako hiru kantuetarako, Landatarrak izango dituzte lagun, aho-soinuarekin. Elkarrekin Markos Landaren Albiztur, Nere emazteari eta Funtzioa kantuak eskainiko dituzte.

  • GiroArte Dultzainero Taldea: Lau kantu interpretatuko dituzte: Caprichos para dos, Capricho Vasco, Suite de Habaneras eta Bidekoa. Laguntzaileak ere izango dituzte: Mikel Atxega baxuarekin; Maddi Garikano biolinarekin, Ana Iparragirre pianoarekin; Maitane Iturriotz trikitixarekin, eta Iraide Begiristain panderoarekin.

  • Tolosako Udal Musika Banda: Hiru obra interpretatuko ditu bandak, Enrike Arostegik gidatuta: Shostakovichen Festive Overture, Amy Winehouseren kantuen bilduma bat eta Persis. Azken biak, lehen aldiz joko ditu.

 

Azaroak 22, larunbata

  • Kalejirak: Tolosako Udal Musika Bandak Xexili eguneko kalejira egingo du, 11:30ean Gorriti plazatik abiatuta. Honako ibilbidea jarraituko du: Kale nagusia, Zerkausia kalea, Trianguloa plaza, San Frantzisko pasealekua, Lopez-Mendizabal pasealekua, Korreo kalea eta Plaza Berria. Tartean geldialdiak egingo dituzte. Udal txistulari banda ere kalez kale ibiliko da eguerditik aurrera, Babarrunaren Festako erromeria ibiltaria girotzen.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA