Tolosako Udalaren adierazpen instituzionala, Biktimen Memoria Eguna aldarrikatzekoa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/10 | Idazkaritza

Gure herrian bizikidetza sustatzeko bidean, aldarrikatzen dugu ezinbestekoa dela izan diren giza eskubideen urraketa larrien inguruko memoria transmititzea, eta egia osoa ezagutzea.

Gure herrian, sufrimendu-egoera asko eta oso desberdinak izan dira: batzuk ezagunak, nabarmenak, baina badira bizipen eta egoera isilagoak ere, egunerokotasunari isilean txertatuak, eta gure ingurune hurbilean gordeta daudenak. Azalera ekarri nahi ditugu horiek. Memoria berreskuratzea lan dinamikoa denez, egiten diren ikerketa berriek egiaren inguruko argi gehiago emango dute. 12/2016 Legearen harira sorturiko Balorazio Batzordea egiten ari den lanari esker, aurten ere 93 pertsonari biktima-izaera aitortu diote. Ikerketa horri esker, zabaldu egin dezakegu gure herriko giza eskubideen urraketen biktimei buruzko egia. 

Biktimen duintasuna berreskuratze horretan, Udal-ordezkari garen aldetik, badugu ardura: ahalbidetu egin behar dugu izandako giza eskubideen urraketa guztiak zorrotz eta zehatz ikertzea, eta gure esku dagoen guztia egin behar dugu biktima guztien erreparaziorako eskubidea bermatzeko. Urrats berriak egin nahi ditugu, zeregin horretan abiatutako bideari jarraipena emateko.

Aitortu nahi dugu bidegabea izan dela horrenbeste biktima eragin dituen indarkeria, eta biktima guztiei gure elkartasuna eta hurbiltasuna adieraztearekin batera, egia, justizia, aitortza eta erreparazioa eskatzen dugu biktima guztientzat.

Horregatik guztiagatik, honako hauek adierazi nahi ditugu:

  • Bizitzak, giza duintasunak eta giza eskubideek gailendu behar dute beste edozein kausa, ideia politiko edo estatu-arrazoiren gainetik, eta beti errespetatu behar dira.

  • Gure gizartean sortu ziren urruntzeak gainditzeko abiapuntua dira elkarri entzutea eta biktima guztiek izandako min, sufrimendu eta bizipen guztiak aitortzea.

  •  Ez dira inoiz gehiago gure artean gertatu eta justifikatu behar indarkeria-adierazpenak eta giza eskubideen urraketak.

  • Giza eskubideak urratzen dituen ekintza ororen aurka azalduko gara Tolosako udal-ordezkariok.

  • Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna bide baketsu eta demokratikoetan oinarritzea nahi dugu, pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatuz. Horixe da bizikidetza aske eta baketsuaren formula eraikitzaile bakarra.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA