Udalak astelehenean egingo du zozketa azaroaren 29rako hauteskunde-mahaietarako kideak aukeratzeko

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/29 | Idazkaritza
  • Azaroaren 2an, astelehenez, aukeratuko dira kideak, Tolosako udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 09:15ean. 

​Tolosako Udalak datorren azaroaren 2an egingo du zozketa azaroaren 29an izango diren Espainiako hauteskunde orokorretarako hauteskunde-mahaietako kideak aukeratzeko. Guztira, 23 mahaitako kideak aukeratuko dira, titularrak eta ordezkoak. Zozketa 09:15ean izango da, Tolosako udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Hauteskundeen Araubide Orokorraren Lege Organikoaren arabera, zozketa publikoaren bidez aukeratuko dira hauteskunde-mahai bakoitzeko presidentea eta bi bokalak, dagokion hautesle-erroldan inskribatuta dauden, irakurtzen eta idazten dakiten eta 70 urte baino gutxiago dituzten pertsonen artean. Edonola ere, 65 urtetik gorakoek izendapenari uko egiteko aukera dute, zazpi eguneko epean. 

Presidentearen kargurako, gainera, Batxilergoko, Lanbide Heziketako bigarren mailako titulua edo baliokide den titulazioa eskatzen da. Mahai bakoitzeko kide titularrez gain, ordezkoak ere izendatuko dira. 

Izendapena nahitaezkoa da, eta hauteskundeetarako hautagai diren pertsonek ezin dute kargu hori bete. Izendatutako pertsonek, jakinarazpena jasotzen dutenetik, zazpi eguneko epea izango dute Tolosako Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen aurrean kargua betetzea eragozten dien arrazoi justifikatu eta dokumentatua aurkezteko. Salbuespenen artean egon daitezke, besteak beste, osasun-arazo larriak, desgaitasuna, haurdunaldiarekin edo amatasunarekin lotutako egoerak eta araudiak aurreikusitako familia- edo lan-betebehar jakin batzuk. Batzordeak aztertuko ditu aurkeztutako alegazioak, eta hark erabakiko du kargutik salbuesteko eskaera onartu ala ez.

Zozketaren emaitzak azaroaren 3tik aurrera kontsultatu ahal izango dira Tolosako Udalaren webgunean berariaz jarritako banner baten bitartez. 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA