Goxua, gozozaleen urteroko hitzordua, larunbatean izango da

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/10/27 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • ​​25 postu atonduko dira Trianguloa plazan; 09:00etatik 14:00etara izango da azoka.
  • Teila izango da aurtengo protagonista, ohiko sagar-tarta eta ezti-lehiaketekin batera.

Urriaren 31n gozoak hartuko du Tolosako Trianguloa plaza, Tolosa Goxua azoka bereziaren harira. Hitzordua aurkezteko, gaur elkartu dira Zerkausian Aitor Agirresarobe, Merkataritza, Azoka eta Turismo Saileko zinegotzia; Moira eta Javier Eceiza, Eceiza gozotegiko ordezkariak; Joanes eta Rafa Gorrotxategi, Gorrotxategi gozotegikoak; eta Bidatz Sasiain, Gipuzkoako Erlezain Elkartekoa. 

09:00etan hasi eta 14:00ak arte izango da larunbatean azoka Trianguloa plazan. 25 postu atonduko dira: ohiko erroskila, pastel eta garaiko santu-hezur eta kausera edo buñueloetatik harago, teilak izango dira aurten protagonista nagusi. Hain zuzen, gozogileen eta haurren arteko tailerrean prestatuko dute Tolosan horren ohikoa den gozoa. Bi txanda egingo dira: bata, 10:30etik 11:15era, eta 11:15etik 12:00etara, bestea. Etxeko txikienen artean gozogintzarako grina sustatu nahi da ekimen honen bidez. Ondoren, 12:30ean, teilak banatuko dira. Goizean zehar, Alde Zaharreko kaleetan, Tolosako Udal Txistulari Banda ibiliko da, baita Tolosa Kantari ere, 12:20tik aurrera.

Sagar-tarta eta ezti-lehiaketa

Sagar-tarta lehiaketan parte hartu nahi dutenek 10:00etatik 11:00etara bitarte aurkeztu beharko dituzte tartak Trianguloan, erabili eta botatzeko erretilu edo ontzi batean. Momentuan bertan egingo da izen-ematea, eta erabilitako errezeta aurkeztu beharko da. Parte-hartzaileek, gutxienez, 18 urte izan behar dituzte. 11:00etatik 11:30era tartak dastatuko ditu epaimahaiak, eta 12:00etan sariak banatuko dituzte. Bi sari izango dira: lehenak, 240 euroko txartel-saria lortuko du, Tolosako Eceiza eta Gorrotxategi gozotegietan gastatzeko, eta bigarrenak, 180 eurokoa. Lourdes Recondo, Armintz Gorrotxategi eta Onintza Mokoroa izango dira epaimahaikideak.

10:30etik 11:30era izango da Tolosaldeko Ezti Lehiaketa. Eztiak lehiaketaren mahaian aurkeztu beharko dira, Trianguloan, 10:00etatik 10:30era. Ezti gordinak, berotu gabekoak, aurkeztu beharko dira, eskualdean ekoitziak. Parte-hartzaile bakoitzak bi ezti-pote berdin ekarri beharko ditu: ezti bera, lote berekoa. Lehen hirurak Gipuzkoako Ezti Lehiaketarako sailkatuko dira, eta 200 euroko, 150 euroko eta 100 euroko sariak eskauratuko dituzte, hurrenez hurren, garaikurraz gain.

Eceizak, Rafa Gorrotxategik, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak eta Tolosako Udalak antolatu dute aurtengo Goxua azoka, eta Hazik babestu du.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA