Udalbatzak bat egin du Gay, Lesbiana, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queer-en Eskubideen Nazioarteko Egunarekin

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/06/26 | Idazkaritza
  • LGTBIQ pertsonek jasaten dituzten diskrimazioak gaitzetsi eta herritarren artean kontzientzia solidarioagoa eta berdintasun eta errespetuzko balioetan oinarritutako gizarte-kohesioa sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen atzo udabaltzak.

  • Aurrekontuaren birmoldaketa kultur, kirol eta gizarte alorreko taldeei ematen zaizkien diru laguntzak eta inbertsio publikoa mantenduta egin da, herriko taldeen eta tokiko enpresa txiki eta gremioen jarduna babestea lehenetsita; guztira, 935.506 euroko jaitsiera izan du 2020ko aurrekontuak.

 

 

Atzo ospatutako Osoko Bilkuran ekainaren 28aren harira aurkeztutako mozio bateratua irakurri eta onartu zen LGTBIQ pertsonek jasaten duten diskriminazioa gaitzetsi eta sexu orientazio eta genero-identidatearen ondoriozko aurreiritzien aurka borrokatzeko konpromisoa berretsiz.

Izan ere, Covid-19aren ondorioz, bizi izan dugun etxealdiak eta itxialdiak izan du, baita ere, eragina LGTBIQ kolektiboarengan. Berentzat, berriz ere, diskriminaziora eta bazterkeriara itzultzea ekarri baitu. Horregatik, jendarte errespetuzkoagoa, justuagoa, duinagoa, bizigarriago eta askeago baterantz aurrera egiteko konpromisoari heldu zion atzokoan, udalbatzak LGTBIQ kolektiboarekin beren eskubideen defentsan urte osoan zehar elkarlanean jarraitzeko helburuarekin.

Zehazki ondorengo konpromisoak hartu zituen udalbatzak:

  1. LGTBIQ pertsonen egoeraren gaineko hausnarketa egitea, Covid-19ko krisiaren eraginaren ondorioz, beste erakunde, kolektibo eta gizarte-eragile batzuekin koordinatuta.

  2. LGTBIQ pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean Erakundeen arteko Jarduerarako eta Koordinaziorako Udal Protokoloaren Mahaiaren bitartez, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatzea eta abian jartzea.

  3. LGTBIQ pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea.

  4. Lesbofobia, homofobia, bifobia eta transfobiaren kontrako informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak sustatzea, berdintasun eta errespetuko balioetan oinarritutako gizarte-kohesioa bultzatzeko eta diskriminaziorik gabeko kultura zabaltzeko kolektibo horiek jasaten dituzten eraso eta aurreiritziak gainditzeko.

  5. Hezkidetza-proiektuaren bitartez, Tolosako ikastetxeei beharrezko tresnak ematea.

 

Egoerak aldarrikapenak egiteko moduak baldintzatu egingo baditu ere, E28ko sentsibilizazio kanpainaren barruan antolatu diren jardueretan parte hartzera ere animatu zituzten herritarrak atzokoan.

 

Aurrekontuaren birmoldaketa diru laguntzak eta inbertsio publikoa mantenduta

Atzoko Osoko Bilkuran jorratutako beste gaietako bat izan zen 2020ko aurrekontuen birmoldaketari lotutakoa. Udal gobernuak azaldu zuenez, aurrekontuen birmoldaketa 2019ko likidazioa ezagutu ostean egin da. Izan ere, lehenik eta behin gerakina zenbateakoa den ezagutu nahi izan da neurriak eta erabakiak hartzeko. Gainera, aurreikuspenak aurtengo urtea zein hurrengoa kontuan izanda egin dira, egoera aldakorra delako oraindik ere eta udalak gaitasuna izan behar duelako egungo beharrei erantzuteko, baina baita etorkizunean sor litezkeen egoera eta behar beharrei erantzuteko ere.

Gauzak horrela, 2019ko likidazioa ezagututa eta udalaren baliabide eta egoera ekonomiko zehatza jakinda, aurrekontuak birmoldatzerako orduan erabaki da:

  • Inbertsio soziala areagotzea

  • Neurri ekonomikoak hartzea, tasak hobaritzea esaterako, jarduera ekonomikoa babesteko eta laguntzeko.

  • Diru laguntza guztiak mantentzea eta horiei jaitsierarik ez aplikatzea herriko kirol, kultur eta gizarte alorreko talde eta elkarteen jarduna babesteko.

  • Inbertsio publikoa bermatu eta indartzea inguruko enpresa txiki eta gremioen jarduera bultzatu eta babesteko, horretarako, aurtengo urterako aurreikusiak zeuden proiektu eta egitasmoak mantenduz.

Proiektu horien artean daude: Emakumeen Etxea, Laskorain kalearen eraberritzea eta Gernikako Arbolaren 2.fasea eremuak irisgarriagoak egin eta tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko, haur jolastokien egokitzapena, eguzki panelen instalazioa edota Abegi zentroaren obra.

 

Ahalegin berezia egiteko unea da, herritarren ongizatea bermatzen jarraitzeaz haratago, hiri-ekonomia eta herriko jarduera oro, bai kulturala, kirol arlokoa... suspertu, babestu eta berreskuratzeko.

Zehazki 935.506 eurotan murriztu da aurtengo aurrekontua eta kredituei izaera ez erabilgarria eman zaie aurerra begira erabili beharko balira prozedimendua arinagoa izan dadin.

 

Hobariak espazio publikoaren erabileragatik, terrazen eta azokaren kasuan:

Jabari publikoaren erabileragatik ordaindu beharreko tasetan, terrazen eta azokaren kasuan, hobariak ematea onartu zuen atzo udalabatzak Tolosako hiri ekonomia suspertzeko eta Covi19ak gehien kaltetu dituen herritar, kolektibo eta sektoreak babesteko helburuarekin.

Terrazen kasuan, %50eko hobaria aplikatuko zaie ostalariei eta ez dute momentu honetan baimendutako espazio publikoaren erabilera handiagoa egiteagatik gehiago ordaindu behar izango.

Azokari dagokionez, 2. eta 3. hiruhileko kuotan %100eko hobaria aplikatuko da eta urteko kuotan aldiz, %50ekoa.

Amaitzeko atzoko Osoko Bilkuran ere aurrera egin zuten: Tolosako parke, lorategi, berdegune eta kaleko zuhaitzen mantentze-lanen zerbitzu-kontratuaren luzapen eta berrikuspenak, 2020ko zergak eta udal zuzenbide publikoaren bestelako sarrerak kudeatzeko eta biltzeko ordenantza orokorraren aldaketak edota 2020ko zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak burutzeagatiko tasen ordenantza fiskalen aldaketak.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA