Urtarrileko osoko bilkurako gai guztiak, aho batez onartuta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/01/26 | Idazkaritza
  • Lanpostuen zerrendaren onarpena, edota Euskal Herria Plaza 1eko eraikina Tolosako Ekinbide Etxeari zuzeneko emakidan esleitzeko prozedura amaitutzat ematea, erabakien artean.

Atzo arratsaldean egin zen 2024. urteko lehen osoko bilkura, eta gai zerrendan ziren puntu guztiak aho batez onartu zituen udalbatzak.

Tolosako Udaleko lanpostuen zerrendaren onarpena izan zen puntu nagusienetako bat. Zerrenda horrek lanpostu bakoitzak duen eduki eta ezaugarriak azaltzen ditu. Hain zuzen, 2024rako zerrenda horretan egokitzapen eta zuzenketa batzuk proposatu dira.

Esate baterako, Hirigintza Saileko arduraduna, Udaltzain burua eta Euskarako arduraduna izendapen aske bidez hornitu ordez, lehiaketa berezi bidez izendatzea onartu da.

Udaltzaingoaren 2024 urteko egutegiko lan txanda berrietara egokitzeko ere beste zenbait aldaketa jaso dira zerrendan, ordainsarien, gidabaimenen eta lanpostuen ezaugarriei dagozkienak. Lanpostu horien balorazioa behin behinekoa izango da.

Euskal Herria Plaza 1ean kokatutako eraikina –TOPIC Zentroa, alegia– ere izan da hizpide osoko bilkuran. Tolosako Ekinbide Etxeari zuzeneko emakidan esleitzeko prozesua abiatu zuen duela hilabete batzuk udalak. Hilabete hasieran TEEko ordezkariek udalari jakinarazi zioten ezingo zutela prozesuan parte hartu, bermea lortzeko ezintasuna medio. Eskaera hori onartuta, esleipen prozesua amaitutzat eman du udalbatzak eta beste figura batzuk aztertuko dira irtenbidea emateko.

Udalbatzak ere behin betiko onespena eman dio 24. Iurre esparruko Laskorain Ikastolako xehetasun-azterlanari. Kirol pistaren estalpe bat egin zuten bertan, eta hirigintza espedientea amaitzeko, lerrokadurak zehazten dituen xehetasun azterlana onartzea beharrezkoa zen.

20.065 tolosar gara

Atzoko osoko bilkuran 2023ko urtarrileko errolda ofizialaren berri eman zen. 20.000 biztanleko langa gainditu du Tolosa: zehazki, 20.065 biztanle ditu. Zifra hori pasatzeak eskatzen dituen gutxieneko zerbitzuak dagoeneko ematen ditu Tolosak, hala nola, hondakin bilketa, kale-garbiketa, estolderia, parke eta liburutegi publikoak, babes zibila, giza-bazterkeria egoeran edo arriskuan daudenentzat berehalako arreta edo erabilera publikoko kirol-instalazioak, besteak beste.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA