EHUko aditu talde batek ibaietako uholdegarritasunaren aurkako kudeaketa jorratuko du, datorren astean, Tolosan, dibulgazio-jardunaldi batean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/10/08 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Iñaki Antiguedad, Askoa Ibisate, Arturo Elosegi eta Naiara Valcarlos izango dira hizlariak urriaren 15ean, 18:00etan, Topicen egingo den mahai-inguruan.

  • Hitzorduaren helburua ibaien inguruan egiten diren politikak ikuspegi zientifiko eta independente batetik azaltzea izango da.

 

Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun talde batek ibaien inguruko dibulgazio-jardunaldia eskainiko du datorren asteartean, hilak 15, 18:00etan, Tolosako Topic aretoan.

Ibilbide luzea eta ezagutza mardula duten lau adituk parte hartuko dute, Iñaki Antiguedad hidrogeologoak, Askoa Ibisate geografia fisikoan doktoreak, Arturo Elosegi biologo tolosarrak eta Naiara Valcarlos arkitekto paisajistak. Hitzaldian, uholdeekin, dragatzeekin, ekosistema eta biodibertsitatearekin edo azpiegiturekin lotutako gaiak jorratuko dituzte, besteak beste.

Horretarako, ikuspegi orokor batetik abiatuko dira –hau da, uheldegarritasunaren aurkako kudeaketan, alderdi horietako bakoitzarekiko politika orokorren nondik norakoak azalduz–, eta Tolosaren inguruko zertzelada batzuk emango dituzte gero. 

Ezagutza sustatu nahian

Tolosako Udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak Asteklimaren testuinguruan antolatutako hitzordua da, Zubi Berria ordezkatzeko proiektuaren inguruan dagoen eztabaidak eraginda. Hitzorduak, ordea, ikuspuntu zientifiko, dibulgatibo eta tekniko independentea ematea du helburu, modu horretara, ibaiaren inguruan gauzatzen diren politikak ulertzeko.

«Zubi Berria ordezkatzeko proiektua dela eta, udal gobernutik bigarren iritzi baten bila jo genuen, proiektuarekin inolako loturarik ez duten eta URA agentziarekiko independenteak diren zientifiko batzuengana. Horien artean, jardunaldian parte hartuko duten pertsona batzuk zeuden. Erreferente handiak dira euren lan esparruetan», azaldu du Andu Martinez de Rituerto alkateak.

«Zubiaren proiektuari buruz dagoen eztabaidaren erdian, ikusi dugu zuzenak ez diren hainbat ideia azaleratu direla konponbide alternatibo gisa, adituek gomendatutakoaren eta gaur egun leku askotan egiten diren berreskuratze-lanen kontra doazenak. Esate baterako, dragatze edota ibaiaren bi aldeetako landaredia kentzearena. Jardunaldian, besteak beste, bi gai horiek modu objektiboan jorratuko dira, zentzu horretan hartzen diren politiken zergatiak uler ditzagun. Ildo horretan, uste dut jardunaldia oso interesgarria izango dela edonorentzat, edozein dela ere proiektu honen inguruan duten iritzi eta jarrera, eta, beraz, bertara joateko gonbita egiten diet herritarrei», gaineratu du. Udalak ere URA Agentziaren proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu. 

Jardunaldia euskaraz izango da, baina entzungailuen bidez aldi bereko itzulpena eskainiko da, baita zeinu-mintzairaren interpretazioa ere. Hitzartzeen bideo-grabazioak herritarren eskura jarriko dira gero udalaren kanaletan.

Programa

  • Sarrera orokorra: uholdeak lurralde ikuspegitik. Iñaki Antiguedad

  • Azpiegiturak, sedimentazioa eta dragatzea. Askoa Ibisate

  • Ibaiertzeko ekosistemaren garrantzia: landaredia eta biodibertsitatea. Arturo Elosegi

  • Azpiegituren integrazioa paisaian. Naiara Valcarlos

  • Tolosako kasua: zubia ordezkatzearen zergatia. Udala

  • Mahai-ingurua, Edurne Ayusok gidatuta.

 

Hizlariak

Iñaki Antiguedad 

Hidrogeologian katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Geodinamika Sailean, eta 1979tik dihardu bertan irakasle. Zientzietan doktorea eta Geologian lizentziatua da. Eusko Jaurlaritzak Talde Kontsolidatu gisa aitortutako Hidrogeologia eta Ingurumen Taldeko zuzendaria da.

Askoa Ibisate 

Geografian lizentziatua, Geografia Fisikoan doktorea eta Geografia Fisikoko irakaslea da EHUn. Ibaien geomorfologia, hidrologia, arrisku naturalak, urpean gera daitezkeen eremuen kudeaketa, ibaietako paisaiak eta ibaien lehengoratzea ikertzen ditu. Ibai-ekosistemak hobetzeko edo ibaien leheneratze hidromorfologikoa egiteko Estatuko eta Europako proiektuetan parte hartzen du ikertzaile gisa, besteak beste.

Arturo Elosegi

Tolosarra jaiotzez eta Biologian doktorea, Ekologiako irakasle katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Nazioarteko aditua da ibai-ekologian, bereziki giza jarduerek ibai-ekosistemen funtzionamenduan duten eraginean.

Naiara Valcarlos

Arkitekturan eta paisajismoan lizentziaduna da Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan eta Wageningeneko Unibertsitatean (Herbehereak), hurrenez hurren. Bere lana ikuspegi ekologikoko paisaia-arkitekturaren diseinuan espezializatzen da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA