Hegaztien eraztuntze tailerrak Elosegi Parkean Aranzadi eta Udalaren eskutik

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2017/05/23 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa

Udaberriaren etorrera baliatuz, hegaztien eraztuntze saio bat egingo da Tolosako Elosegi parkean maiatzaren 28an. Puntu ezberdinetan sareak ezarriko dira eta txoriak harrapatzen saiatu, hegaztien neurri ezberdinak hartu ondoren eraztuna ipini ahal izateko. Patxi Amatengi, Tolosako Ingurumen zinegotziak eta Aranzadiko Idazkari Nagusi den Juantxo Agirrek aurkeztu dituzte xehetasunak.

Aranzadiko Ornitologia Sailak eta Tolosako Udalak estreinakoz abiatu duten elkarlanetik eratorritako lehen ekintza da. “Bertaratzen direnek, hegaztien biologia eta migrazio prozesuak ikertzeko tresna hau gertutik ezagutu eta inguruko txoriak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute” aurreratu du Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak. 

Elosegi parkea XIX mendeko parkea da. Gaur egun garai horretan landatu ziren espezie batzuk mantentzen dira; zedro, altzifre, haritz, pago eta ezki baso bat esaterako, hegazti, muxar, saguzar eta hainbat anfibio eta intsekturen babeslekua. Zuhaitz hauek tamaina handia hartu dute, honek balio ornamental esanguratsua emanaz. Hori horrela, Amantegiren ustetan parkeak ingurumen hezkuntza eta ikerketarako “aukera berriak” zabaltzen ditu.

Goizeko 09:00etatik 13:30etara izango da saioa bi zatitan banatuta: lehen bi orduetan hegaztien eraztunketa gauzatuko da; eta 11.00etatik aurrera egurrezko 5 habia-kutxa eraiki eta kokatuko dira. "Deialdia irekia da, familientzat eta umeentzat hegaztien mundura gerturatzeko aukera paregabea izanik" nabarmendu du Juantxo Agirrek. Egitasmoa bere osotasunean Elosegi parkean gauzatuko da.

Ekimena, Udalak helburutzat duen hiri-biodibertsitatearen garapenean kokatzen da, Ingurumen astearen harira, ekainak 6tik aurrera gauzatuko diren beste hainbatekin batera. Hain zuzen aste horretan argitaratuko du Udalak herriko Hegaztien Gida, eta berau erakusketa bidez ere plazaratuko du. Gainera herriko hegaztien inguruko argazkigintza tailerrak eta erakusketaren bisita gidatuak ere prestatu dira.

“Dudarik gabe, Elosegi parkea, Tolosako azpiegitura berdeen osagai garrantzitsua da” -Patxi Amantegiren iritziz- “hiri–biodibertsitatea sustatzeko gunea”.

Parkea eskuratzeko eta egokitzeko Udalak azken urteetan egin dituen inbertsio handiak, parkea herritarren esku jartzeko helburuarekin egin dira. Apirilean Udalak onartutako kreditu aldaketan bertako begiratokia berritzeko finantziazioa ezarri zen eta urte amaierarako berritze lanak amaituta egotea dago aurreikusita. Amantegik nabarmendu du behin lan horiek burututa, parkea “herritarrei zabaltzea” dela Udalaren helburua.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA