7 metro kubiko hartzen duten 740 kilo hondakin atera dira Oria ibaiaren garbiketan

Tolosako Udala
2018/03/23 | Ingurumena
  • Iaz uste baino hondakin gehiago eta bolumen handiagokoak atera ziren; aurten gehienak plastikoak izan dira; bazeuden ere ohialak, aterkiak, trafiko seinaleak. Garbiketa bi urtez jarraian egitearekin, nabari da aurreko urtean egindako lana.
  • Patxi Amantegi, Ingurumen zinegotziak, balantze “oso positiboa” gauzatu du eta azpimarratu du herritar bolondresen zein era batera edo bestera parte izan diren eragile eta elkarte guztien partetik jasotako inplikazioa eta egindako esfortzua.

Martxoaren 22ko Uraren Nazioarteko Egunaren ingurumarian, udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin lankidetzan, Oria Ibaiaren garbiketa gauzatu du, ikastetxe eta elkarte desberdinen parte-hartzearekin.

TAK, Tolosako Arraun Elkartea, Zumardi Elkartea, Forest elkartearekin eta gerturatutako herritar boluntarioekin elkarlanean egin zen lehen garbiketa pasaden larunbatean, martxoak 17. 30 pertsona inguru elkartu ziren. Horrez gain, Arrantzaleen taldeak egun berean zuen lehiaketa baliatu zuten Araxes ingurua garbitzeko.

Bigarren garbiketa txanda, berriz, ikastetxeekin burutu da aste honetan, martxoak 20-22. Asteartean hasi eta osteguna bitarte, Herrikide, Orixe eta Laskorain ikastetxeetako 240 gaztetxok Oria ibaiaren zati ezberdinak garbitu dituzte.

Guztira 7 metro kubiko hartzen duten 740 kilo hondakin atera dira. Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak adierazitakoaren arabera “aurten gehienak plastikoak izan dira; bazeuden ere ohialak, aterkiak, trafiko seinaleak. Ez da erosketako karrorik, bolardorik edo antzerakorik atera. Iaz uste baino hondakin gehiago eta bolumen handiagokoak atera genituen, baina 2005etik ez zen tamaina honetako garbiketarik egin. Garbiketa bi urtez jarraian egitearekin, nabari da aurreko urtean egindako lana. Balantzea oso positiboa da”.

Aipatzekoa da, aurten udalak Tolosaldea Garatzenek bultzatzen duen 'ibai bazterretan landare inbaditzaileak kentzeko eta erriberako landaretza autoktotonoa landatzeko' proiektuarekin bat egin duela eta ikasle talde batzuek aukera izan dutela landaketan parte hartzeko eta ur analisiak egiteko.

Amantegiren arabera, lan "oso txukuna eta gogotsua" gauzatu dute herritar guztiek: "pozgarria da Oria ibaiaren garbiketan tolosarrak horrla konprometituta ikustea, ibaiak tolosarrontzat duen garrantziaz jakitun. Uraren kalitatea ona da, baina ibaiak badu hobetzeko margina, ibaia ez baita ura bakarrik". Zinegotziaren esanetan, kontzientziazioan jarri nahi izan dute fokoa: “balio bikoitza lortu dugu garbiketa honekin: ibaia oso garbi geratzea, eta ibaiarekiko hezkidetzan aurrerapausu bat ematea”.

Ingurumen zinegotziak azpimarratu du herritar bolondresen, ikastetxeen, TAK, Tolosako Arraun Elkartearen, Zumardi Elkartearen, Forest Elkartearen, Arrantzale taldearen, Kantauriko Ur Konfederazioaren, Usabal kiroldegiko lantaldearen eta era batera edo bestera parte izan diren guztien partetik jasotako inplikazioa eta egindako esfortzua.

Tolosako udala, Oria ibaiak eskaintzen dituen aukera ezberdinen azterketa ari da burutzen: “turistikoki, ondare natural gisa, ekonomikoki... zein onura ekar diezaiokeen herriari jakingo dugu, betiere ibaia eta bertako flora eta fauna eta ezaugarriak errespetatuz” adierazi du Amantegik.

2016an, Ur Agentziarekin hitzarmena sinatu zen: “udalak hondakin solidoak ateratzen ditu ibaitik; Ur agentziak, mantenua gauzatzen du (ibai bazterren desbrozaketa eta landare inbaditzaileak kentzea). Hala ere, Ibaiaren egoera hobera egin duenez, gero eta erabiltzaile gehiago ditu eta denok inplikatu behar gara berau garbi mantentzen” gaineratu du alkateordeak.

TolOsatzen prozesuaren baitan ere, Oria ibaia herriari begira jarri behar dela ondorioztatu zen, Oria ibaiak eskaintzen dituen aukera eta erabilera ezberdinak sustatuz. Ibaien egoera hobera egin duenez, gero eta erabiltzaile gehiago ditu eta eta Amantegiren iritziz eta "denok inplikatu behar gara berau garbi mantentzen".

“Lehorteetarako Plan Berezi eta emari ekologikoen ituntzeen” erakusketa apirilaren 2a bitarte ikusgai

Gaur egun, informazio zabaltze fasean dauden Lehorteetarako Plan Berezi (LPB) eta emari ekologikoen ituntzeen inguruko erakusketa bikoitza ezarri da Tolosako Usabal Kiroldegian. Erakusketa 6 totem triangularrek osatzen dute: 3 euskaraz eta 3 gazteleraz. Apirilaren 2a bitarte egongo da ikusgai.

Erakusketan, alde batetik, Lehorteetarako Plan Bereziak (LPB) eguneratuak aurkezten dira. Plan berezi hauek lehorte garaian kudeaketa egokia egiteko aurreikuspen-politikak finkatzen dituzten plan nazionalak dira; egoera hauek ingurumen, ekonomia eta gizartean izan ditzaketen eraginak saihesteko.

Bestetik, ibai batean egoera naturalean biziko liratekeen bizidunak garatzeko beharrezkoa den gutxieneko ur-kantitatearen inguruko zehaztasunak jasotzen dituzten planak dira. Gutxieneko emari horri emari ekologiko deritzo.

Argazki guztiak HEMEN