7m3 hondakin bildu zituzten Tolosako ikasleek Oria ibaian egindako garbiketan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/03/29 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • DBH2 eta 3. mailako 210 ikasle inguruk egin zuten erreka garbiketa irakasle eta udal teknikarien laguntzarekin.
  • Aurten bildutako hondakin gehienak plastikoak izan dira.

Martxoaren 22ko Uraren Nazioarteko Egunaren inguruan, Udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin eta ikastetxeekin lankidetzan, Oria Ibaiaren garbiketa gauzatu zuen. Bi goizetan egin ziren garbiketak eta osora DBHko 2. eta 3. Mailako 210 ikasle inguru aritu ziren irakasle ta udal teknikarien laguntzarekin. Urrian beste garbiketa bat ere egingo dela aurreikusten da adin bereko beste 100 bat ikaslerekin. Garbiketa hauetan Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleek hartzen dute parte.

Guztira 7m3 hondakin bildu dituzte aurtengo erreka garbiketan, eta aurreko urteetan hondakin asko eta bolumen handikoak izan baziren ere, aurten gehienak plastikoak izan dira eta kopurua txikiagoa izan da. Bi arrazoirengatik izan daiteke hau: azken urteetan garbiketak egin direlako eta pandemia egoeragatik denbora asko pasa dugulako etxean eta irteerak mugatuak izan direlako.

Ikasleekin egindako garbiketak irisgarriak ziren hiru puntuetan egin dira: Santa Maria elizaren atzean, SAM zubia eta Berazubiko zubiaren artean eta Usabal kiroldegiaren inguruan. Garbiketa egin den gunearen arabera, ateratako hondakin mota ezberdina izan da. Plastikoaz gain, beste hondakin batzuk ere aurkitu dira, hala nola, latak, beira, oihalak, arropa, aterkiak, pneumatikoak, hesi bat, bizikleta bat, burnizko elementuak eta bi patinete.

Garbiketako materiala, eskularruak eta poltsak, Udalak jarri zuen eskuragarri, eta jasotako hondakin guztiak zaku handietan bildu ziren ondoren garbiketa zerbitzuak jaso ahal izateko.

Udalak azpimarratu eta eskertu nahi du ikastetxeen inplikazioa eta ikasleek egindako lana. Ekimenaren balantzea oso positiboa izan da eta hainbat herritar hurbildu dira gazteek egindako lanak eskertzera.

Tolosako Udalak beste eragile batzuekin jarraituko du ibaiaren garbiketa egiten datozen egunetan: arrantzale taldearekin eta kontratatutako zerbitzuen bitartez.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA