Aldaketa klimatikoaren ondoriozko katastrofeen aurrean eutsi, egokitu eta errekuperatzeko lanean da Udala, Ihobe eta Tecnun-ekin elkarlanean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/07/06 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Aldaketa klimatikoaren aurrean bere erresilientzia maila hobetzen lagunduko duen gida metodologiko bat sortzen ari da Udala, krisien kudeaketan parte diren eragileen parte-hartzearekin.
  • Erresilientzia maila hobetzeko, Tolosan aldaketa klimatikoaren ondorioz aurreikusten diren inpaktuak identifikatu dira: kalte material zein pertsonal handienak uholdeek eta bero olatuek eragingo dituzte.

Tolosako Udala, Tecnun Injenieritza Eskolako Ikertzaileen eskutik eta IHOBE Eusko Jaurlaritzako Ingurumenerako sozietate publikoak diruz lagundutako proiektuan, aldaketa klimatikoaren aurrean bere erresilientzia maila hobetzen lagunduko duen gida metodologiko bat sortzen ari da, krisien kudeaketan parte hartzen duten eragileen parte-hartzearekin. Guztira bederatzik hartu dute parte: Tolosako Ertzaintza; Babes Zibila: Ur Agentzia; Tolosako Udaleko Obra eta Zerbitzuak, Ingurumena, Gizarte Zerbitzuak eta Udaltzaingoa; Osasun Saila, Tolosako Gurutze Gorria; Gipuzkoako Urak; Gipuzkoako suhiltzaileak; eta DYA Tolosa.

Erresilientzia mailak neurtzen du edozein sistemak, kasu honetan Tolosako herriak, inpaktu handi baten aurrean, egoerari eutsi, egokitu eta bere onera itzultzeko duen gaitasuna. Azken urteotan, Nazio Batuen Erakundearen datuei helduz gero, lurreko hondamen naturalen %70a klimarekin lotua egon da, duela 20 urteko datuen aldean bikoitza.

Erresilientzia maila hobetzeko ezinbestekoa izan da Tolosan aldaketa klimatikoaren ondorioz aurreikusten diren inpaktuak identifikatzea. IHOBEK Tolosako arrisku esanguratsuenak aztertu ditu. Azterketa honen arabera, eta aurreikusten diren fenomeno meteorologikoko bortitzak kontuan hartuta, kalte material zein pertsonal handienak uholdeek eta bero olatuek eragingo dituzte.

Bestalde, Tolosako azpiegitura kritikoak aztertu dira. Azpiegitura kritiko deitzen zaie, hiri baten funtzionamendurako beharrezkoak diren azpiegiturei, esate baterako, energia, ura, garraioa, telekomunikazioak, osasun sistema, hezkuntza.... Azpiegitura batek funtzionatzeari uzten badio, besteetan ere eragina du. Uste baino lotura eta menpekotasun handiagoa dago azpiegitura hauen artean. Batek kale egiten badu, adibidez energiak, kate erreakzio baten ondorioz, besteak ere funtzionatzeari uzteko aukera handiak daude. Horregatik, proiektu honek, Tolosako azpiegitura kritikoen erresilientzia hobetzea ere badu helburu.

“Metodologi eta protokolo egokiak sortzeko, ezinbestekoa da krisien kudeaketan parte hartzen duten agente esanguratsuenen ekarpenak jasotzea, azken finean beraiek baitira arlo honetan ezagutza dutenak” nabarmendu du Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak. Gaineratu du aldaketa klimatikoa hiria eta azpiegitura kritikoak kontuan hartzen dituen proiektua denez, sektore desberdinen parte-hartzea bilatu dela: “eskerrak eman nahi nizkieke proiektu honetan parte hartu dutenei. Talde polita sortu da eta aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu, denon arteko koordinazioa hobetuz”.

Muturreko egoeren bi praktika-saio bertako eragileekin

Tecnun-eko ikertzaileek muturreko egoeren aurrean jarri dituzte aipatutako eragileak, bakoitzaren erantzuna eta interrelazioak frogatuz. Honakoak izan ziren planteatutako bi egoerak:

  • Lehen egoera: ziklogenesi leherkor baten ondorioz, elurra ari du eta haizea bortitza da, Oria ibaia gainezka eta lur-jausiak daude. Donostiarako norabidean N1-a moztuta dago. Euriteek lurjausi bat eragin dute ospitalerako igoeran, eta ondorioz trafiko mozketa bat dago. Ez dago elektrizitaterik eta komunikazioa (internet, telefonoa...) etenda. Egoera gripe epidemia batekin gertatzen da aldi berean. Ondorioz, mediku ugari bajan daude, eta ospitalea gaindituta. Nola erantzun egoera honi? Zer egin dezake eragile bakoitzak? Nola aurreikusi horrelako egoera bat?

  • Bigarren egoera: hilabete bateko bero eta lehorte garaia suertatzen da. Ur faltagatik eta bero izugarriaren ondorioz, azpiegitura batzuk eten egiten dira, energia eskaera handiegia baita. Lehen sektorea asko sufritzen ari da eta adinekoak ospitalea betetzen ari dira. Katastrofe gehienetan bezala, gizartearen geruza ahulenek gehien sufritzen dutenak dira.

Lan-saioak helburu izan du “muturreko egoera horien aurrean prestatuta egon beharraz jabetu eta eragileak elkar ezagutu eta metodologia eta protokoloak eguneratzea -adierazi du Olatz Peon Ormazabalek- Tecnum-eko ikertzaileen laguntzaz eta parte hartu dugun eragileen ekarpenekin gure erresilientzia maila hobetuko dugula ziur gaude”.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA