- Eskola inguruak apaindu dituzte Herrikide ikastetxeko eta Laskorain ikastolako ikasleek. Berdura Plazan ikusgai daude, berriz, Samaniegoko ikasleen apaingarriak.
- Tolosako ikasle txikienek gabonetan ere keinu iraunkorrak egingo dituzte. Horretarako, TIZeko hezitzaileen laguntzaz, Eskola Agenda 21 proiektu pean, arduraz kontsumitzeak duen garrantzia landuko dute.
- Trukegunea Usabal kiroldegiaren sarreran. Ekogunearekin elkarlanean ezarria, armairu honetan liburuak, jostailuak, panpinak, puzzleak eta abar trukatzeko aukera dugu.
- Patxi Amantegi, Ingurumen zinegotzia: “Etxeetan ere zentzugabeko kontsumoaren aurrean herritarrak keinu jasangarriak egitera animatu nahi ditugu: apaingarriekin, bertako produktua erabiliz otorduetan, edota berrerabilpena eta birziklapena sustatuz opariak egiteko unean. Ekimen guzti hauekin, kontzientzia piztu, hezi eta gure lurraren babeserako pausu txikiak ematera animatu nahi dugu”.
Tolosako ikasleak, Udalak abian duen Eskola Agenda 21 proiektuaren baitan, gabonetarako apaingarriak egiten aritu dira pasaden asteotan. Berrerabilitako materialez egindako apaingarriak kokatu dituzte Tolosako hainbat gunetan, hondakinak eta energia kontsumoa gutxitu eta jasangarritasunez jokatu behar dugula gogorarazteko.
Herriko hiru gunetan ezarri dira apaingarriok, parte hartu duen ikastetxe bakoitzak horietako bat apaintzeko ardura hartuaz:
- Eskola inguruak apaindu dituzte Herrikide ikastetxeko eta Laskorain ikastolako ikasleek.
- Berdura Plazan ikusgai daude Samaniegoko ikasleen apaingarriak.
Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak ikasleen lana zoriondu eta eredu direla adierazi du: “energia eta baliabide naturalak mugatuak dira. Ekimen honen helburu nagusia hondakinak eta energia kontsumoa gutxitzea da. Apaingarri hauek ez dira 'argitsuak izango, baina distira berezia dute, izan ere, jende askoren inplikazioa dago apaingarri hauen atzean garai honetan herria dotore agertzeko asmoz, gure ama lurra ahaztu gabe. Tolosako ikastetxeek egin duten lanarekin argi geratzen da badela beste modu bat kaleak apaintzeko, energia gastua murriztuz eta berrerabiliz, baina hori bai, lana eta ilusio asko jarriz” gaineratu du Amantegik.
Etxeetan ere zentzugabeko kontsumoaren aurrean herritarrak keinu jasangarriak egitera animatu nahi ditu Udalak, apaingarriekin bezala otorduetan ere, bertakoak eta garaikoak diren produktuak aukeratuz, edota opariak aukeratzeko garaian.
TRUKEGUNEA: Utzi, Hartu eta gozatu!
Ekoguneak azken bi urtetako esperientzian oinarrituta, aurten, Tolosan TRUKEGUNEA eskainiko da eta Usabal Kiroldegiaren sarreran egongo da Gabonak bukatu arte.
Trukegunearen erabilera oso erraza da. Armairu honetan liburuak, jostailuak, panpinak, puzzleak eta abar trukatzeko aukera dugu:
BAI: Liburuak, musika CD originalak eta tresna txikiak, elektronika aparatu txikiak, brikolaje eta jardineritzarako tresna txikiak, kirol eta aisi produktuak edota jostailuak.
EZ: iragarkiak, trukegune barruan sartzen ez den edozer, arropa, janaria, produktu sanitarioak, alfonbrak edota animalien gauzak.
Amantegik azaldu duenez, ekimen honekin herritarrak “trukea praktikatzera” animatu nahi dira: “Birziklatu eta berrerabili. Trukea esperientzia bezala aldarrikatzeaz gain, Gabonetako oparien berrerabilpena sustatzea bilatzen dugu, batentzat erabilpena ez duen artikulu bat, beste batentzako oparia izan daitekeelako, opariak jaso eta ematea, konpartitzea bezain pozgarria izan daiteke” nabarmendu du.
Tolosako ikasle txikienek gabonetan ere keinu iraunkorrak egingo dituzte
Abenduan, Gabonetako oporrak hartu baino lehen, Tolosako 5 urteko ikasleek Eskola Agenda 21 proiektuaren “Gabonak eta kontsumoa” ekimenean arduraz kontsumitzeak duen garrantzia landuko dute. “Ekintzaren helburua Lur Planetaren zaintza denon ardura dela ulertzea da eta denok dugula zer egiterik” azaldu du Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak. Aurtengo saioek erabilera bakarreko plastikozko hondakinak izango dituzte ardatz nagusi moduan eta festa iraunkorrak ospatzeko ideiak landuko dira. Mezua modu dibertigarri baten bitartez helaraztea baino hoberik ez dagoenez, ikasleek antzeztutako saioan parte hartu ondoren, berrerabilitako hondakinak erabiltzen tailer bat egingo dute.
TIZeko hezitzaileek lagunduta Tolosako 3 ikastetxeetako, Herrikide, Laskorain eta Samaniego, 15 irakasle eta 210 ikasle inguru arduraz jokatzearen garrantzia landuko dute.
Gabonetan ere, arduraz
Hainbat gomendio luzatu dituzte Ingurumen sailetik:
- Gertuko komertzioetan kontsumitu. Bertako ekonomia sustatzeaz gain, garraioaren ondorioak gutxitzen dira.
- Kontutan hartu bigarren eskuko eta bidezko merkataritzako produktuen aukera, eta baita materialak ez direnak ere: ikastaroak, ikuskizunak, esperientziak edo dohaintzak oparitu ditzakegu.
- Etiketa irakurri eta ziurtatu ingurumen eta lan baldintzak errespetatzen direla.
Data hauetan hondakinen sorrera handitu egiten da eta gaikako bilketa berriz gutxitu. Herritarrei hondakinak egoki sailkatzen jarraitzeko eskaera ere egin die Ingurumen zinegotziak.