Barazkien bilketa eguna lehenengoz ostiral honetan Udalaren Santa-Lutziako Baratza Hazitegian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/10/16 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Bilketa egunean, Baratza Hazitegia bera ezagutzeko aukera emateaz gainera, bisitariek astebururako barazkien erosketa egin ahal izango dute bertan, zuzenean lurretik hartuz produktuak.
  • Hitzordua arratsaldeko 16:30ean ezarri dute Samaniego ikastetxeko aparkalekuan.
  • Patxi Amantegi, Ingurumen zinegotzia: “profesionalak sortu, erein eta baratza bat kudeatzen dakiten enpresariak formatzea eta aldi berean aktibitate ekonomikoa sustatuz. Bi nekazari berri ari dira lanean maiatzetik hona. Orain arte egondako 3 nekazarietatik 2k maila profesionalean jarraitu dute, proiektuaren helburuak betez”.

Maiatzetik maizter berriak ditu Tolosako Udalaren Santa-Lutziko hazitegiak: Aitor Olarra eta Lourdes Rodrigez. 2018 hasieran atera zen lehiaketara lursailaren erabilpena, aurreko erabiltzaileek oinarrietan ezarritako hiru urteak bete ostean. Garai berriaren hastapenean, ekimen berriak ere sustatzeari ekin diote erabiltzaileek eta Udalak: ostiral honetan, urriak 19, estreinakoz, bilketa eguna edo picking day ospatuko da baratze parkean bertan. Hitzordua arratsaldeko 16:30ean ezarri dute Samaniego ikastetxeko aparkalekuan.

Prentsa agerraldia eskaini dute, Santa Lutziko nekazari berriekin batera, proiektuaren babesle diren erakundeetako ordezkariek, hurrenez hurren, Tolosako Udaletik Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak eta Tolomendi, Landa Garapen elkarteko Iker Karrerak.

Bilketa egunean, baratze parkea bera ezagutzeko aukera emateaz gainera, bisitariek astebururako barazkien erosketa egin ahal izango dute bertan. Bisita horretan, bisitariek baratzetik zuzenean batu ahal izango dituzte barazkiak, horretarako espresuki banatutako saskiekin.

“Aukera ezin hobea izango da garaiko produktuak ezagutzeko eta baratzezaintzaz nekazariekin batera ikasteko” nabarmendu du Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak. “Ohitura hau, beste herrialde batzuetan zabalduta baldin badago ere, Ingalaterran esaterako, hemen ez da orain arte aukera hori eman. Pentsatzen dugu familia giroan erosketa egiteko modu berritzaile eta dibertigarria izan daitekeela”.

Ekintza honek bat egiten du 'JAN Tolosaldea' ekimenaren filosofiarekin, bertako ekonomia eta elikadura garatzen laguntzen duelako Amantegiren hitzetan: “bertako produktuen kontsumoan oinarritutako elikadura sistema iraunkorra eraikitzea du helburu- azpimarratu du zinegotziak-. Tolosaldeko produktuak kontsumitzeak eskualdeko bertako ekonomia, gizartea, ingurugiroa... bultzatzen ditu. Kontsumo eredu batek edo besteak eskualdeko eredu jakin bat laguntzen edo posible egiten du, eta bide horretan, bertan ekoizten diren kalitatezko produktuak kontsumitzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak”.

Proiektuari maila orokorrean helduz, ongi etorri ofiziala eman die Amantegik erabiltzaile berriei. “Helburua lehen sektorearen ekonomia egitea da: profesionalak sortu, erein eta baratza bat kudeatzen dakiten enpresariak formatzea eta aldi berean, aktibitate ekonomikoa sortuz. Nekazaritza sektore ekonomiko oso garrantzitsua da Tolosan eta eskualdean”. Bide horretan, azpimarratu du orain arte egondako hiru erabiltzaileetatik bik nekazari profesionalak izateko hautua hartu zutela: “jarraipena du hemen landu eta ikasitakoak. Proiektuaren helburua betetzen ari da”. Gaineratu du ere Santa Lutziako baratzeetan ekoizleen lana erraztu eta erosoa izateko hainbat inbertsio burutu dituela Tolosako Udalak: “proiektua martxan jartzekotik haratago, 10.000 euroko inbertsioa burutu genuen 2017-18 ikasturtean hazitegian negutegiak ezartzeko”.

Nekazari hasiberriak profesional bihurtzeko helburuarekin

2014an sortu ziren Santa-Lutziko nekazaritza hazitegiak Tolosako Udalaren, Fraisoro eskolaren eta Tolomendi, Tolosaldeko Landa Garapen Elkartearen arteko hitzarmena medio. 15 urtekoa da berau, eta nekazari hasiberriak profesional bihurtzeko helburua dute oinarrian. Udalarenak dira lurrak eta Fraisoro eskolak lehen sektoreko ikasleen lan munduratzea sustatzen du bertan, aholkuak eta laguntza eskaintzeaz gain.

9.000 metro karratu ditu eremu osoak. Baratzagintzarako lur egokiak dira eta proiektuaren parte diren hiru erakundeek bera lantzeko azpiegitura eta tresnak, formazioa eta tutoretza eskaintzen dute eta Tolosako merkatuan bere produktuak komertzializatzeko aukera.

Lursailen esleipendunek ez dute kuota finkorik ordaindu behar, baina bertan sortutako gastuen kargu egiten dira. Fraisoro eskolak lursailetan egingo den jardueraren jarraipena egiten jarraituko du.

Santa Lutziako nekazaritza hazitegiko partzeletako lizentzien onuradun izateko ezinbestekoa da lehendik nekazal ustiapeneko titularra ez izatea eta nekazaritza Ustiategi berria sortzea. Beharrezkoa da ere nekazaritzaren inguruko ikasketak amaituak izatea edota gutxienez 300 orduko Nekazaritzaren inguruko ikasketak izatea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA