Biodibertsitatearen garrantzia azpimarratu du Ingurumen sailak

Tolosako Udala
2020/05/19 | Ingurumena
  • Biodibertsitatea babesteak dakartzan onurez ohartarazi dute sailetik, besteak beste, egungo osasun larrialdi egoera eta antzekoak saihesteko duen garrantzia azpimarratuz.

  • Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna da ostegunean, eta egun horrekin bat eginez emango du amaitutzat ‘Etxeko leihotik’ egitasmoa.

 

Ingurumen sailetik gogorarazi dute biodibertsitateak ingurumenean, osasunean, naturan eta, azken finean, gizartean duen garrantzia eta eragina izugarria dela. Hala, gogorarazi dute biodibertsitatea zaintzea eta kontserbatzea zein berau gizakien ongizatean txertatzea garrantzitsua dela. Izan ere, biodibertsitatearen galerak gaixotasunak transmititzeko arriskua areagotzen du. Horregatik, biodibertsitatea babesteak gaur egungo osasun larrialdiak eta antzekoak saihesten edo murrizten laguntzen duela zehaztu dute.

Konfinamendu garaian gizakia etxean geratu bada ere, naturak eta biodibertsitateak euren zikloa jarraitu dute. Gizakia kaletik desagertzean, animalia eta landare askok kaleak bizitzeko leku seguruak direla sentitu dute, eta, bidenabar, kutsadura murriztu egin da eta ibaietako ura ere garbiago dago. Horrek guztiak nabarmen eragin du Tolosako biodibertsitatean ere, eta horregatik, gizakiaren kalerako bueltan, azken hilabetetan eman diren aurrerapausoak ez zapuztuko deia egin dute Ingurumen sailetik.

Gogora ekarri dute hainbat ikerketen arabera biodibertsitatearen galerak eragin zuzena duela gizakien osasunean, izurriteen kontrako neurri gisa hartu izan baita biodibertsitate emankor bat. Egungo egoera etorri daitekenaren atariko modura hartu dute hainbat adituk eta espezien arteko orekaren garrantziak ohartarazi. Hala, tolosarren partaidetza eta asmo ona eskertu eta eskatu dute Ingurumen sailetik, eta norbanako bakoitzak egin ditzakeen keinu txikiak egitera animatu dituzte tolosarrak: tokiko eta sasoiko elikagaiak jan, uraren kontsumoa murriztu, kontsumo arduratsua egin, hondakinak sailkatzea eta hondakin organikoekin konposta egitea, inguruko biodibertsitatea ezagutzea eta zaintzea…

‘Etxeko leihotik’ egitasmoaren amaiera

Etxeetako balkoietatik eta leihoetatik Tolosan ikusi daitezkeen hegaztien argazki bilduma osatzeko helburuarekin martxan jarritako ‘Etxeko leihotik’ egitasmoa ostegunean amaituko da. Izan ere, Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna da ostegunean, eta data horrekin bat eginez emango du amaitutzat egitasmoa Tolosako Udaleko Ingurumen sailak. Egitasmoan parte hartu dutenek, Alberto Luengok egindako “Tolosako fauna: landa behaketa” liburua jasoko dute opari.