2.000 urteaz geroztik, irailaren 16tik 22ra Europa mailan Mugikortasunaren Astea ospatzen da udalerri askotan eta aurtengoan ere Tolosaldea eskualdeko udal ugarik* bat egin dute eguneroko joan-etorriak oinez, bizikletan eta kutsadura gutxiago sortzen duten garraiobideetan egitera helburutzat duen sentsibilizazio-kanpaina honekin. Kanpaina honen baitan kokatzen da ere irailaren 22an antolatzen den “Autorik gabeko eguna” ekimena, herri eta hirietan motordun trafikoak sortzen dituen arazoez ohartaraztea bilatzen duena.
Gure eskualdean urteak daramatzagu mugikortasun jasangarriago baten alde lanean, bai udal mailan bidegorriak, oinezko bideak, 30 guneak, eatb. baita eskualde mailan ere, garraio publiko egokiago baten alde lanean, bizikleta aparkaleku sarea hobetzen, etab.
Aurreko edizioetako ohiturari jarraituz, mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duten ekintza ezberdinak antolatu dituzte Tolosaldeko udalek eta aurten ere Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentzia sostengua eman du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Besteak beste, Tolosa eta Ibarra arteko bizikleta bira ospatuko da ostiral honetan, arratsaldean.
Patxi Amantegi Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotzia: “Ostiralean Ibarra-Tolosa Bizibira. Bizikletaren erabilera goruntz doa, eta mugikortasun eredu alternatiboak (patineteak, patiñak, bizikleta elektrikoa...) ugaritzen. Oso aberasgarria eta sustatu beharrekoa da hori: hiri mugikortasun iraunkor, inklusibo, seguru eta berdinzalea. Eta gure txikiak horretan inplikatu eta heztea are gehiago. Bide horretan, Tolosako udaltzainek bide-heziketa landuko dute herriko gaztetxoekin ikastetxeetan. Erronka handi baten aurrean gara une honetan. Horrexegatik, Mugikortasun Plana sortzeari ekin diogu Tolosako Udalean. Eta planekin bat, herritarrak honetan inplikatu eta sentsibilizatzea ardatz, ekimen hau tarteko.”
Ibarra eta Tolosako ikastetxeak batuz
Ibarrako plazatik abiatuko da, Intujai taldeko pailazoen laguntzarekin 16:45etan eta Euskal Herria kale oso gurutzatuz Tolosan sartuko da bira. Santa Klaraino errepidetik egin ondoren, alde zaharra gurutzatu ondoren Larramendi auzoa bidegorritik egingo da Samaniegora iritsi arte. Bertan, testigua eman bertako ikastetxeko ordezkariei eta berriz herrira jaitsi eta San Frantziskotik Herrikideraino iritsiko gara.
Ondoren, Laskorain ikastetxera Araba Etorbidetik barrena egingo da eta Eguzkilore okindegiaren ondoan jasoko ditugu Laskoraingo ordezkariak. Azkenik, Iurre auzoa gurutzatu nafarroa etorbidetik joan eta Ibarra eta Tolosa arteko rotondara iritsiko gara, eskubira hartu eta Zumardira iristeko.
Festa Zumardian
Bertan, Zumardian, iaz bezala festa antolatu dugu: merienda udalen esku, puzgarriak eta jokoak ere egongo dira eta bi udalen artean sariak banatuko dira mugikortasun jasangarri bat alde egiten duten ikastetxeei.
Aurten Mugi Tolosa eta Ibarrako Ibilbide osasuntsuak ekimenak saritu nahi dira. Herrikide, Orixe, Inmakulada, Laskorain eta Uzturpe ikastetxeak hirugarren adinekoen artean mugikortasuna eta heziketa fisikoa sustatzeko ekinmen hauetan hartzen dute parte, bertako ikasleak hirugarren adinekoei laguntzen dietelako euren oinezko ibilaldietan. Aurten, udalek ekimen hau balioan jarri nahi dute aipamen berezia eginez, generazio arteko elkarkidetza-ekimen aberasgarria delako, hirugarren adinekoengan heziketa fisikoa sustatzeko eta osasuna hobetzeko primerakoa delako eta ikasleengan mugikortasun jasangarriaren aldeko sentsibilizazio heziketa ariketa ederra delako.
*Antolatzaileak: Ibarrako Udala, Tolosako Udala, Tolosaldea Garatzen garapen-agentzia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.