Elikagaien xahuketaren aurkako astearekin bat egin du Tolosako Udalak

Tolosako Udala
2019/12/09 | Ingurumena
  • “Nik ez dut hondakinik sortzen” erakusketa, ikastetxeetan tailerrak eta ogia berrerabiltzeko ikastaroa egingo dira aste honetan zehar.

  • Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataformara ere atxikitu da udala, Eusko Jaurlaritza, Elika fundazioa, Eudel eta 60 erakunde publiko eta pribaturekin batera.

  • Tolosaldean urtean 8.500 tona elikagai ez da kontsumitzen edo galdetzen da, 179 kilo pertsonako. 2030erako kopuru hori erdira jaistea da helburua.


Aste honetan egiten ari diren Elikagaien xahuketaren aurkako astearekin bat egin du Tolosako Udalak. Gaurtik abenduaren 15era bitartean hainbat ekintza egingo dira, tartean erakusketa bat, tailerrak ikastetxeetan eta ogiari buruzko ikastaro bat. Izan ere, Gabon aurreko egun hauek aproposak dira herritarrak kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzeko, erosketa arduratsu eta planifikatuak egitera bultzatzeko eta hala elikagaien xahuketa murrizteko.

Tolosan antolatu diren ekintzen artean dago Eduardo Mokoroa musika eskolako lehen solairuan dagoen “Nik ez dut hondakinik sortzen” erakusketa. Prosalus erakundearen eskutik, eta informazio panelez baliatuz, elikagaien xahuketak dakartzan ondorioak ezagutu daitezke erakusketan. Tolosako Lehen Hezkuntzako 3. Mailako ikasleekin tailerrak ere egingo dira erakusketa oinarri hartuta, gaiari buruzko hausnarketa egiteko.

Ondoren Eskola Agenda 21 proiektua lantzen duten Tolosaldeko ikastetxeetan ere zabalduko da erakusketa. Izan ere, “Jan(h)ariaren atzetik” izenpean “Janaria eta ekonomia zirkularra” da ikasturte honetako Eskolako Agenda 21eko gai nagusia. Eskualdeko hondakin organikoen egoera ezagutu eta murrizteko kontzientzia hartzea, kontsumo ohiturak aztertu eta alternatiba jasangarriak lantzea da aurten Eskolako Agenda 21 proiektuaren helburua.


 

Ogia berrerabiltzeko ikastaroa

Etxeetan gehien alferrik galtzen den elikagaietako bat da ogia. Hala, Elikagaien xahuketaren kontrako astean, ogi zaharra berrerabiltzeko ideiak emango dituzte Ibañez Gozona gozotegiko arduradunek. Ikastaroa abenduaren 12an izango da, 17:00etatik aurrera, eta bi orduko iraupena izango du. Doan izango da, baina parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea 688 727 983 telefonora deituta.


 

Plataformara atxiki da udala

2018an Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataforma sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, Elika Fundazioaren laguntzarekin. EUDEL eta beste 60 erakunde publiko eta pribatu baino gehiago atxiki dira dagoeneko bertara, tartean baita Tolosako Udala ere.

Izan ere, FAO-ren arabera, munduan ekoizten diren elikagaien herena alferrik galtzen da. Datu hori Euskadira ekarrita, 350.000 tona elikagai xahutzen dira urtean. Tolosaldean, berriz, 8.500 tona elikagai xahutzen da urtean, pertsonako 179 kilo. Kontsumitzen ez diren elikagaiak zaborrera botatzen dira, baliabideak xahutuz, besteak beste, lurra, ura eta energia. Ingurumena ere kutsatzen da eta berotegi-efektuko gasak igortzen dira atmosferara. Ondorio horiei buruz iritziak trukatzeko foroa da plataforma.

Tolosaldean xahutzen den elikagai kopurua erdira murriztu nahi da 2030erako. Helburu horri atxikita bat egin du Tolosako Udalak ere elikagaien xahuketaren aurkako astearekin. Horrez gain, gogoratu behar da dagoeneko badira beste egitasmo batzuk ere martxan, “Egin on eta on egin” egitasmoa, adibidez. Proiektura batu diren eskualdeko 16 taberna eta jatetxetan, biodegradagarriak diren ontziak banatzen ari dira, bezeroek jan gabe utzi dituzten elikagaiak etxera eraman ditzaten.

Kontsumo arduratsua eta birziklapena sustatzea helburu duen Trukegunea ere martxan dago Usabal kiroldegian. Liburuak, diskoak, etxetresna elektriko txikiak, gailu elektronikoak (mugikorrak, irratiak, telebistak…), brikolaje eta lorezaintza gailuak, kirolerako eta aisiarako produktuak, musika tresnak, apaingarriak eta jostailuak trukatu ahalko dira bertan, urtarrilaren 7ra bitartean.