Elosegi parkea asteartean irekiko da, herritarrek aisiarako gune bezala erabili dezaten

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/07/30 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Egunero egongo da irekita, 08:30etik 21:00ak arte. Parke barruan dagoen bidetik ateratzea debekatuta egongo da, bertaratzen direnen segurtasuna bermatzeko.
  • Zedroz, zipresez, haritzez, pagoz eta ezkiz osatutako baso txiki bat da Elosegi parkea, muxarren, koartzen, saguzarren, anfibioen eta intsektuen babeslekua. Udala berdegunea herritarren eskura jartzeko lanean aritu da azken urteotan.

 

Asteartetik aurrera Elosegi parkea herritar guztientzat irekita egongo da. Gaur egungo egoerak aisialdirako aukerak baldintzatu ditu, eta herriko beste gune batzuekin egin den moduan, Elosegi parkea ere herritarrek aisialdirako edo lasai egoteko gune bat izan dezaten egokitu da. Hala, asteartetik aurrera egunero egongo da irekita, 08:30etik 21:00etara bitartean. Haize handia egiten duen egunetan parkea itxita egongo da segurtasunagatik. Era berean, parkeko bidetik kanpo ibiltzea debekatuta egongo da, bertaratzen direnen segurtasuna bermatzeko.

Urte guztian zehar egiten diren mantentze eta berritze lanez gain, azken asteetan parke barruko bidearen inguruan zeuden eta arriskua sor zezaketen hainbat zuhaitz kendu egin dira, eta hesi batzuk ere berritu dira. Lanak amaituta ateak zabalduko ditu parkeak. Paseatzeko zein bertako inguruaz gozatzeko leku paregabea da, baina malda handia du, batez beste %60ko pendizarekin. Horregatik, inguruan arretaz ibiltzeko eskatzen da.

Zedroz, zipresez, haritzez, pagoz eta ezkiz osatutako baso txiki bat da Elosegi parkea, muxarren, koartzen, saguzarren, anfibioen eta intsektuen babeslekua. Biodibertsitate gune garrantzitsua da, eta ohikotasunean bisita gidatu bidez edo ekintza konkretuetan bakarrik bisitatu daiteke. Orain, nahi denean joateko aukera izango dute herritarrek, zehaztutako ordutegiaren barruan. Parkean zehar hildako zuhaitzen enborrak ere topatu daitezke. Nahita utzita daude, parkeari hiri basoaren itxura emateaz gain, oso ekosistema garrantzitsua baitira (onddoak, deskonposatzaileak, animalien gordelekua...).

 

Biodibertsitatea sustatzeko eremua

XIX mendeko parke pribatu bat zen Elosegi, gerora udalak erosi eta publiko egin zuena. 26.720 metro koadroko gune natural bat da, gaur ere intereseko hainbat elementu gordetzen dituena: Koba artifizialak, urmael bat, iturri-manantialak… Herriaren eta mendiaren arteko trantsizio eremuan dago, eta horrek parkearen izaera erabat definitzen du: herrian bertan dagoen baso-mendi natural baten funtzioa betetzen du; herriko birika eta hiri-biodibertsitatea sustatzeko gune garrantzitsua da Elosegi parkea.

Urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dira bertan, inguruak ematen dituen aukerak balioan jarriz. Ingurua egokitzeko egin diren lanak ere ez dira gutxi izan, tartean, adibidez, begiralekua eraberritzeko lanak. Gaixorik edo egoera txarrean zeuden hainbat zuhaitz ere eraitsi dira.

Parkea segurtasun osoz zabaltzea helburu hartuta, beharrezkoak izan diren lan guztiak amaitzera itxaron da berdegune hau herritarren eskura jartzeko.

Elosegi parkea hiri-biodibertsitatea sustatzeko gune gisa ari da indartzen udala azken urteetan, ingurumen hezkuntza eta ikerketarako aukerak lehenetsiz. Hori dela-eta, Baso Eskola bezalako dinamikak egiten dira bertan herriko ikastetxeekin. Proiektu honen bidez herrian bertan haurrek naturarekiko harremana zuzenean landu dezakete, jolas librean oinarrituta. Zuhaitz Egunaren bueltan ikastetxeekin egiten den lanketan ere izan du bere lekua parkeak, Tolosako ikasleek hainbat zuhaitz landatu baitzituzten bertan orain bi urte.

Aranzadirekin elkarlanean, hegaztien behaketa eta identifikazioa bultzatzeko, hegaztientzako jantokia ere ezarri zen parkean. Hegaztien eraztuntze saioak ere antolatu izan dira bertan, kasu honetan ere, Aranzadirekin batera.

Kultur arloarekin ere badu lotura Elosegi parkeak, azken bi urteetan, Gabonetan, Olentzaroren Basoa egitasmoa egin baita bertan.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA