Elosegi parkeko bioaniztasuna balioan jartzeko ibilbide botanikoa markatu du Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/06/14 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa

Elosegi Parkea 2020an zabaldu zen herritarrentzako aisialdirako gune gisa. Urte askotan sarrera itxita egon denez, herritarrek ez dute bertako ondare naturala gehiegi ezagutzen. Horregatik, Udalak parkeko bioaniztasuna balioan jarri nahi izan du ibilbide botaniko baten bidez, tolosarrek Elosegi Parkeko ondare botaniko eta ekologikoa sakonago ezagutzeko aukera izan dezaten.

Prentsaurrean aurkeztu dute egitasmoa Patxi Amantegi, Ingurumen saileko Zinegotziak eta Margi Iturrizak, ibilbide botanikoa garatu duen Galemys enpresako ingurumen hezitzaileak. Amantegik adierazi duenez, “azken urteetan Udalak hainbat ekimen eraman ditu aurrera Elosegi Parkearen bioaniztasuna balioan jartzeko eta herritarrek bertako naturarekin duten harremana indartzeko. Herriko ikastetxeekin elkarlanean, Baso Eskola bezalako proiektuak eta beste hainbat lanketa garatu izan dira parkean, eta Aranzadirekin ezarri zen hegaztientzako jantokia, hegaztien behaketa eta identifikazioa bultzatzeko. Kultur arloan ere egin izan dira ekintzak Elosegi Parkean, esaterako Olentzeroren Basoa Gabonetan.”

XIX. mendean Pierre Ducasse lorazainak diseinatu zuen Elosegi Parkeko lorategia, eta bertako bioaniztasuna ezagutzeko ibilbide botaniko bat markatu da, orain non panel informatiboak ezarri diren QR kodeekin, bertako zuhaitz eta landare esanguratsuenen informazioa herritarren eskura jartzeko. Amantegik azpimarratu du “ekimen hau, bere garaian herritarrek Eskola Agenda 21 proiektuaren baitan, Tolosako biodibertsitatea lantzeko proposatutako ekintza bat” dela. “Ingurua eta baliabideak aztertu ondoren, Udalak martxan jartzea erabaki du aurten.”

 

QR kodeak paneletan ibilbide botanikoan zehar

Elosegi Parkeko ibilbide botanikoan zehar, herritarrek hainbat panel txiki aurkituko dituzte. Zuhaitzen izenak eta kokapenak agertzen dira bertan, baita deskonposatzen ari diren enborrenak ere. Guztira hamabi panel ipini dira, A6 tamainakoak, 11 zuhaitz eta hildako enbor baten inguruan. Lorategiko zuhaitz espezie deigarri edo esanguratsuenak aukeratu dira eta paneletan espezie horien izen arrunta agertzen da, euskaraz eta gaztelaniaz, eta izen zientifikoa ere bai. Ikusmen arazoak dituzten pertsonak kontutan hartu dira letra-tamaina irakurgarria eta kolore kontraste egokiak erabiliz.

Panel txiki bakoitzak QR kode bat ere badu, eta, mugikorrarekin eskaneatuz gero, ibilbide botanikoaren puntu horri buruzko informazio, argazki eta xehetasunetara bideratzen zaitu. Informazio guzti hori audio formatuan edo idatzizkoan kontsultatu daiteke, eta aukera dago parkera bertaratu gabe ere sarbidea izateko, izan ere, idatzizko azalpenak eta irudiak udal webgunean daude ikusgai herritar guztientzat hemen.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA