Tolosaldean ikasturte dezente daramatzagu Eskolako Agenda 21a garatzen, dagoeneko proiektu sendoa da bai herrietako, zein eskoletako bizitzan, bien egunerokotasunean txertatutako proiektua baita.
Zortzigarren ikasturtez eskualdean eta hamabosgarrenez Tolosan, hainbat ikasle eta irakaslek, eskoletako komunitatea inplikatuz, Eskolako Agenda 21 proiektua garatuko dute. 2017-2018 ikasturtearen zehar klima aldaketa landuko da, bereziki, jasangarritasunaren ikuspegitik: ardura, kontsumoa, garraio motak eta kutsadura, negutegi efektua, planetaren berotze prozesua eta, orokorrean, gure jardueren ondorio kaltegarriak eta bestelako ingurumen aspektuak. Urte asko eman dira gaiaren garrantziaz jabetzen eta negoziatzen, orain ekintzarako unea da.
Helburuak
EA21eko helburu nagusiaz gain (ikasleek beraien herriko etorkizuneko erabakietan parte-hartzeko ohiturak hartzea, demokratikoki erabakiak hartzen ikastea), ikasturte honetarako “Klima aldaketa” gaiarekin zerikusia duten beste helburuak planteatzen dira.
Ikasturterako kronograma eta plangintza TIZek (Tolosako Ingurumen Zentroa) Ingurugelarekin batera prestatzen dugu Tolosaldea Garatzenen ekarpenekin, eta ikasturtearen hasieran antolatzen den prestakuntza saiorako oraingo honetan bc3 ikerketa zentroko zuzendari zientifikoa den Maria Jose Sanz-en hitzaldia antolatu da, azaroak 21ean Tolosako Kultur Etxean.
Saioa Tolosaldeako EA21 programan parte hartzen duten ikastetxeei zuzenduta egon da bereziki (ikasle, irakasle, guraso...), eskualdeko udal ordezkariei ere gonbidapena luzatu zaielarik.
“Klima-aldaketaren arazoa gure jokabidetan aldaketak egiten hasteko aukera gisa ikusi behar dugu”
BC3 “Basque Centre for Climate Change” ikerketa zentroan klima aldaketaren zergati eta ondorioak aztertzen dira, ikerketa-taldea diziplina ezberdinetako ikertzaileek osatzen dutelarik, ikerketa, prestakuntza eta informazioaren dibulgazioa hobetuz.
Hainbat datu interesgarri aipatu ziren hitzaldian. Hasteko, ura eta beste baliabideez jardun zen Maria Jose, baliabide mugatuak direla ohartaraziz eta beharrak gero eta handiagoak direla. Hauek “Planetaren mugak” (límites planetarios) deituriko kontzeptuarekin erlazionatu zituen.
Muga hauek pasaz gero, behin betiko aldaketak sortzen dira. Klimaren kasuan oraindik ez dugu muga hori pasa, horregatik garaiz gaude erabakiak hartzeko. Arduratsuagoak izan behar dugu eta horretarako informazioa oso garrantzitsua da, kontsumitzaileak, ekoizleak eta bitartekariak ondo informatzea.
Klima aldaketaren arazoa begi bistakoa da. 2016an atmosferako CO2 kontzentrazioa 400ppm (partes por millón) izan da, historian zehar lehenago eman ez den egoera horregatik ezin daiteke aurreikusi zer gertatuko den. Kontzentrazio hauen igoeran bi kausa mota daude: naturalak eta gizakiak eragindakoak. Naturalak beti egon dira hor, sumendi erupzioak adibidez. CO2aren isurpen antropogenoak, berriz, gizartea garatu ahala handituz joan dira. Honen ondorio nagusia mundu mailako tenperaturaren igoera da. Egoera honen aurrean adituek eszenario desberdinak aurreikusten dituzte: kasurik onenean, hau da, neurriak berehala hartu eta CO2 isurpenak jaisten hasiz, planetaren tenperatura 2º C igoko da 2050rako, eta mantentzeko joera izango du 2100rako. Kontrako muturreko egoeran, orain arte bezala jarraituz gero, tenperatura 3º C igoko da 205orako eta 6º C arte igo daiteke 2100rako, horrek dakartzan ondorio kaltegarriekin.
Hala ere, Maria Jose itxaropentsu azaldu da eta behin eta berriz azpimarratu du gizarteak (herritarrak eta agintariak) aldaketa bat bultzatu behar duela, energia lortzeko modu berri eta jasangarrietan oinarritutako ekonomia baterantz. Teknologia berriak baliatuz, sektore bakoitzak ekonomia iraunkor baterantz izan dezakeen potentziala aztertzea da gakoa.
Bere ustetan konponbidea bilatzeko “gaiaren inguruan dakigun guztia uztartu eta horren arabera jokatu” behar da.