Etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko saio praktikoa

Tolosako Udala
2020/10/02 | Ingurumena
  • Etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko tailerra antolatu du Tolosako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. urriaren 6an izango da, 18:00etan, kultur etxeko areto nagusian.

  • Helburua da herritarrak energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argi eta ulergarri batean eskaintzea.


 

Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamenduarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko tailerra antolatu du urriaren 6an, 18:00etan, kultur etxeko areto nagusian.

“Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!” tailerraren helburua herritarrak energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argi eta ulergarri batean eskaintzea da. Energia berriztagarrien ezarpenak araudiari lotutako aldaketak jasan ditu berriki, eta aldaketa horiek teknologia horien ezarpena erraztu du, baita banakako etxebizitzetan zein etxebizitza-blokeetan. Izaera praktikoa izango duen saio bati esker, energia berriztagarrien instalazioak aurrera eramateko baldintzak zeintzuk diren argituko du gaian espezializatutako aditu batek eta, aldi berean, gure lurraldean martxan dauden instalazioen benetako kasu praktikoen bidez, instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen azalduko du.

 

Energiaren aurrezpenari eta erabilera jasangarriari lotutako tailerrak

Tailer hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar.

2020 urtea amaitu aurretik, energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendioak ezagutzera emateko tailer praktikoez gain, hainbat tailer ere eskainiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, guztiak energiaren aurrezpenarekin eta erabilera jasangarriarekin zerikusia dutenak:

  • Eskuratu zure argindar kontsumoaren datuak eta murriztu zure kontsumoa!

  • Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko

  • Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!

  • Ibilgailuak elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak (tailer berria)