Ferialekuko eguzki-panelak hasi dira autokontsumorako energia berriztagarria sortzen

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/03/11 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Instalazioaren helburua da udal eraikinen (Ferialekua, Kultur Etxea, Emeterio Arreseko Zahar Etxea) argindarra energia berriztagarrien bitartez hornitzea.

  • Energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren aldeko apustuan, bide beretik lanean jarraitzeko konpromisoarekin, dagoeneko, beste udal eraikinetan eguzki panelak jartzeko aukera aztertzen ari da Udala.

 

 

Energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren aldeko apustuan, Tolosako Udalak 244 eguzki plaka jarri zituen Ferialekuko teilatuan iaz, udal eraikinetako argindarra energia berriztagarrien bitartez hornitzeko helburuarekin. Dagoeneko horiek hasi dira autokontsumorako energia sortzen eta berriki ospatu da Energia Eraginkortasunaren Munduko Egunaren harira, eguzki panelek sortutako energiari buruzko datuak kaleratu nahi izan ditu Udalak eta hartutako konpromisoak berretsi.

Ferialekuko eguzki-panelen inguruko datuak:

Ferialekuan jarriko den instalazio fotovoltaikoa autokontsumo kolektibokoa da. Abenduan egin zen sarera konexioa, Tolargirekin beharrezkoak ziren izapideak egin ondoren eta abenduan hasi zen sistema berria energia igortzen. Hortaz, autokontsumo unitatea, geroztik, martxan dago.

Instalazioak 100,00kW potentzia du, modulo bakoitzak, 410 W-ko potentzia. Monitorizazio sistema ere ezarri da, besteak beste, une oro produzitzen den energia kopurua ezagutzeko, kontrola egiteko eta mantenimenduan laguntzeko.

Autokontsumorako legeak oraindik ere mugak ezartzen baditu ere, 500 metroko erradiora mugatzen delako autokontsumoaren baliagarritasuna, Udala eguzki panelek sortutako energia berriztagarria udal eraikinetako argindarra hornitzeko erabiltzen hasi da: Ferialekua, Kultur Etxea eta Zahar Etxea.

Instalazioa martxan jarri zenetik, 1.000 kW sortu ziren abenduan, 3.000kW urtarrilean eta beste hainbeste otsailean. Egun eguzkitsu batean, 300kW sor litezke.

Energia horren banaketa, legeak ezartzen dituen mugen baitan egiten da, ondorioz, oraindik orain ezin da energia guztiz aprobetxatu. Dena den, dagoeneko ari dira banaketa koefizienteak aldatzeko proposamena lantzen.

Urratsak egiten jarraitzeko konpromisoarekin

Jasangarritasuna eta trantsizio energetikoa Legealdi Planean jasotako lan lerro estrategikoa da eta zentzu horretan hainbat ekintza jarri dira martxan dagoeneko, eguzki panelen instalazioaz gain: Hiribus elektrikoa, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Plana, kontsumo energetikoaren kontrolerako azterketa, udal eraikinen kalifikazio energetikoa eta Led argien instalazioa argiteria publikoan.

Bestalde, eguzki energiaren aprobetxamendua bultzatzeko, indarrean dauden ordenantza fiskaletan %95eko hobaria jaso dezakete herritarrek eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan, autokontsumorako energia berriztagarriak instalatuz gero.

Energiaren alorrean, beraz, jasangarritasunaren aldeko aurrerapausoak ematen ari da Udala, eta Gipuzkoa 2050 Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren proiektuaren baitan, autokontsumorako energia sorkuntza banatua sustatzeko konpromisoa hartu da.

Halaber, 2030 urterako EAEn eraikin publikoen argindarraren %32a energia berriztagarrien bitartez hornitzeko helburua dago ezarrita. Hori dela eta, urrats garrantzitsua da Udalak emandakoa bide beretik lanean jarraitzeko konpromisoarekin eta zentzu horretan, dagoeneko, beste udal eraikinetan eguzki panelak instalatzeko aukera aztertzen ari da udala, ezarritako %32ko helburura iristeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA