-
Hegaztien behaketa eta identifikaziorako tailerra antolatu da igande honetarako, ekainak 3, bi txandetan banatuta: 10:30etan eta 12:00etan, Aranzadiko ornitologo adituen gidaritzapean.
-
Urte honetan bertan parkea ireki ahal izateko azken lanak burutzen ari da Udala: nagusiki, dorre-begiralekuaren eraberritzea eta itxituraren amaiera. Horretarako 100.000 euro erreserbatu dira 2018ko aurrekontuetan.
Elosegi parkea hiri – biodibertsitatea sustatzeko gune bihurtzea du helburu Udalak, ingurumen hezkuntza eta ikerketarako dituen aukerak lehenetsiz. Bide horretan, azken urteetan parkean jarduera desberdinak bultzatu dira, tartean, 2017ko maiatzean Aranzadi Zientzia elkarteko Ornitologi sailarekin elkarlanean burutu zen eraztuntze-zientifikoaren saioa. Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak nabarmendu duen eran, ekimen “oso arrakastatsua izan zen, bai herritarren parte-hartzeari dagokionez bai eraztuntze saioaren emaitzen aldetik, espezie desberdinetako txoriak klasifikatu eta aztertu ahal izan zirelako. Hegaztientzako habiak ere jarri genituen, tailerrera gerturatu ziren pertsonen laguntzarekin”.
Bi erakundeek elkarlan horrekin jarraitu dute, hegaztientzako jantoki eta begiratokia ezarriz parkean bertan. Xehetasunak Patxi AmantegiIngurumen zinegotziak eta Juan Arizaga, Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologi saileko zuzendariak eskaini dituzte. Zinegotziaren esanetan, gaur egungo garapenerako hirigintzako ereduak direla eta, hegaztientzako “gero eta zailagoa da elikagaiak giza ingurunean topatzea”. Horri aurre egiteko bide bat hegaztien jantokiak eraiki eta kokatzea da, “batez ere baldintza klimatiko gogorretan oso ondo funtzionatzen dutenak. Jantoki horiek elikagaiak lortzeko baliabideak handitzen dituzte eta ondorioz, hegaztien bizi iraupena hobetzen dute” azpimarratu du Amantegik: “Elosegi Parkeko hegaztiei laguntzeaz gain espezie ugari erakartzen dituztenez, behatze eta identifikazio lanez gozatzeko aukera ere ematen digute. Gainera, jantoki hauek eraztunketa zientifikorako leku aproposak dira eta ingurumen heziketarako aspektu ezberdinak lantzeko balio handia duen tresna da”.
Bi elementu berri hauek ezagutara emate aldera, hegaztien behaketa eta identifikaziorako tailerra antolatu da igande honetarako, ekainak 3. Bi txandetan, 10:30etan eta 12:00etan Aranzadiko ornitologo adituek hegaztiei buruzko azalpen batzuk emanen dituzte eta ondoren Elosegi Parkean zehar ibilaldi bat egingo da, parkea eta bertan dauden hegaztiak ezagutuz. Amantegik aurreratu du Elosegi parkean hegazti espezie “asko” bizi direla eta espezie hauek identifikatzen saiatuko direla, prismatikoak erabiliz eta baita hegaztien kantuaren bitartez. Azkenik behatoki berria ezagutu eta jantokian dauden hegaztiak gertutik ikusteko aukera ere izango da. Gomendagarria da prismatikoak ekartzea. Egun honetan Elosegi Parkea irekita egongo da, ezagutu nahi duen guztiarentzat.
Elosegin azken eraberritze lanak, ireki aurretik
XIX mendeko parke pribatu bat zen Elosegi, gerora Udalak erosi eta publiko bilakatua. Pierre Ducasse paisajista frantses ospetsuaren eskolako ereduan sortua. 26.720 m2 zabalerako gune naturalak garaiko interesdun elementuak gordetzen ditu, koba artifizialak, urmael bat, iturri-manantialak, dorre begiratokia eta abar. Gaur egun garai horretan landatu ziren espezie batzuk mantentzen dira.
Parkeak malda handia du, batazbeste %60koa, eta herriaren eta mendiaren arteko trantsizio eremuan dago. Honek parkearen izaera erabat definitzen du: herrian bertan dugun baso-mendi natural baten funtzioa betetzen du, herriko birika eta hiri – biodibertsitatea sustatzeko gune garrantzitsua.
Fase ezberdinetan gauzatu da parkearen eraberritzea eta urte honetan bertan parkea ireki ahal izateko azken lanak burutzen ari da Udala: nagusiki, dorre-begiralekuaren eraberritzea eta itxituraren amaiera. Horretarako 100.000 euro erreserbatu ditu Udalak 2018ko aurrekontuetan.
Zinegotziak aurreratu du dorrearen eraberritze lanak “uda partean” hasiko direla: “helburu dugu begiraleku gisa duen ahalera indartzea”. Bide horretan, gaur egun duen izaera oktogonala mantenduko du. Lehen solairua gaur egungo itxuran mantenduko litzateke, eraberrituz, eta bere gainean eraikiko litzateke begiralekua. Azerozko pergola batek estaliko luke, lehen solairuak duen zortzi aldeko forma mantenduz. Pergolaren azpian eserlekuak ezarriko dira. 2. solairu honek, inguru osoan baranda bat izango du.
Horrekin batera, basoaren itxiera amaituko da, ondorenean, jendaurrera irekiz.
Ibiliz, ondare naturala behatuz
Hobesten diren jarduerak, ibilaldiak eta natura eta ondarearen behaketa dira gehienbat. Herrian bertan, basoan “galduta”, lasai ibiltzeko eta “deskonektatzeko” aukera emango du parkeak.
Bestalde ingurumen hezkuntza eta ikerketarako aukera berriak zabaltzen ditu, landaretzan eta zuhaitz espezietan aberatsa baita. Fauna aldetik ere, txori, hegazti eta xagu-zaharren gordelekua denez, animali hauen behaketarako toki aproposa da. Geologia arloan ere aukeraduna da, gehienbat sistema karstikoaren adibideak ikusteko; lapiazak, iturburuak, kobak... eta abar. Amantegik adierazi du 'baso eskola' proiektuan lanean dihardutela herriko ikastetxeekin eta Ekogunearekin elkarlanean: “era pilotoan landu ditugu hainbat alor, horretarako Elosegi Parkean ere hainbat moldaketa gauzatuz, eta emaitzak gutxi barru emango ditugu ezagutara, behin ikasturtea amaituta. Ikastetxe zein familientzat ingurumen hezkuntzarako unitate didaktikoak sortzea dugu helburu bertan”. Esaterako, urtero, zuhaitz egunaren bueltan, herriko ikastetxeetako ikas-taldeek, Tolosako Ingurumen Zentroaren eskutik, zuhaitz landaketa burutzen dute bertan.
Hor kokatzen da, aipatu bezala, iaz Aranzadirekin elkarlanean egin zen lehen eraztunketa tailerra, parkea hegazti zale eta ornitologoen elkargune bihurturik.