Hondakinak zein edukiontzitara bota argitzeko kanpaina abitu du Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2017/11/21 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa

%71ko bataz besteko gaikako bilketa mantendu da 2017ko lehen 9 hilabeteetan Tolosan. Datuak eskuan, maila mantendu eta hobetzeko “Birziklatu, zalantzarik gabe – Recicla, sin dudas” kanpaina abiatu du Udalak Hondakinen Prebentzio Astearen bueltan.

Patxi Amantegi Tolosako Ingurumen zinegotziak aurkeztu du ekimen berria: “kanpaina honek detektatuak ditugun akats ohikoenak zuzentzeko helburua du. Horretarako, herritarrek sailkatzerako unean dituzten zalantzak argitu nahi ditugu”. Udalak ulertzen du sentsibilizazioa dela bidea: “bidean gara, jendearengan eragin behar dugu behar den esparruan ohiturak moldatzeko. Birziklapena eta berrerabilpena sustatu nahi ditugu. Bi bide horietatik gutxitzen dugu hondakin kopurua” nabarmendu du zinegotziak.

Herriko lau puntutan paletekin egindako erakusle bana jarri dira: Emetrio Arresen, Zumalakarregi kalean, Rondillan kalean eta hemen, Berazubin. Hiru kutxak ontzi arinen edukiontzira zer bota behar den erakusten dute, eta laugarrenak, gainontzeko edukiontzietara bota behar dena. Abenduak 1era bitarte luzatuko da kanpaina.

Egoki birziklatzeko bidean pausu bat gehiago dela nabarmendu du zinegotziak: “Tolosak eskaintzen dituen azpiegiturak eta baliabideak egokiak dira; zonaldeak txukun mantendu eta edukiontziak egokiak izatea bermatzen ari gara. Herritarrek orain bezain ondo birziklatzen jarraitzea, eta ahal den heinean, pausu bat gehiago ematea dugu helburu”.

2017an gaikako bilketa tasa %71 inguruan kokatua, iraila bitarte

Gaikako bilketa honela banatu da 2017ko lehen 9 hilabeteotan bataz beste: %29,69 organikoa, %12,35 papera, %11,76 beira, %11,50 Ontzi arinak, %3,24 kartoi komertziala, %2,20 arropa eta %0,20 landare olioa. Guztira %70,94. Errefusa %29,06koa izan da portzentualki.

Amantegi zinegotziak adierazi du 2016ko otsailean ezarritako sistema erosoago, garbiago, ekologikoago eta merkeagoarekin datuak mantendu eta pixkanaka hobetzeko bidean direla: “hori herritarrei esker lortzen dugu hilabetero. Herritarrek bereizten dute, eta Udalak bilketa zerbitzu egoki bezain erosoa eskaintzen du”.

Amantegik datu bidez argitutakoaren arabera, “maila onean gaude, baina badira hobetu beharreko puntuak, eta horretan dihardugu”. Hori horrela, errefuxan, oraindik ere, birziklagarriak diren materialak aurkitu dira: “portzentaia nahiko txikiak dira, baina datu hori hobetzea da helburu. Horrexegatik urte hasieran Esku ona al duzu kanpaina jarri genuen abian, eta orain, gaur aurkeztu dugun sailkatzean egon litezkeen zalantzak argitzeko kanpaina berria”.

Materia organikoan, badira hobetu beharreko puntuak. Amantegik azaleratu du zonalde askotan “oso ondo” biltzen dela: “beste batzuetan, berriz, hainbat faktoreren ondorioz, ez ezarritako parametroetan. Identifikatuak ditugu zonalde horiek eta datuak hobetzeko lanean ari gara”.

Gogorarazi du ere, hondakin bereziak Garbigunera eta Emeterio Arreseko etxolara eraman behar direla.

 

Poltsa konpostagarriak erabiltzeko deia, beste behin

Organikoaren edukiontzira ezin da plastikorik bota eta beraz erabili behar diren poltsak konpostagarriak behar dute izan. Tolosako Udalak 60.000€ gastatzen ditu urtero poltsa konpostagarriak erosten. Doanekoak dira. 24 orduz Zezen plazan eta Kultur etxean ezarrita dauden makinetan eskura daitezke.

 

Gabonei begira, sailkapen egokia

Data hauetan hondakinen sorrera handitu egiten baita gaikako bilketa berriz gutxitu egiten da. Herritarrei hondakinak egoki sailkatzen jarraitzeko eskaera egin die Ingurumen zinegotziak.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA