Konposta banatuko du Udalak azaroaren 27an Trianguloan, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen baitan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/11/18 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Tolosaldean 8.500 tona zabor sortzen dira urtean, eta etxeetan sortzen diren hondakinen erdiak jatorri organikoa du, urtean pertsonako 179kg elikagai botatzen baitira zakarretara. Hori ikusita, birziklapena areagotzeko eta materialei bigarren bizitza bat emateko sentsibilizazio ekintzak antolatu ditu Udalak.

  • Gaikako bilketaren bitartez jasotako hondakin organikoarekin egindako konposta banatuko du Udalak azaroaren 27an Triangulo Plazan, 11:00etatik 13:30etara.

 

Aurten azaroaren 20tik 28ra ospatuko da Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea eta Tolosako Udalak eta Ingurumen Zentroak gaikako bilketaren bidez jasotako hondakin organikoarekin egindako konposta banatuko dute azaroaren 27an Triangulo Plazan, 11:00etatik 13:30etara.

Udalak lanean dihardu Tolosa herri jasangarriagoa izan dadin, eta urratsak eman nahi ditu hondakinen kudeaketa egokiaren eta gizakiok sortzen dugun hondakin kopuruaren inguruko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa areagotzeko.

Sentsibilizazio ekintzak

Tolosaldean 8.500 tona zabor sortzen dira urtean, eta etxeetan sortzen diren hondakinen erdiak jatorri organikoa du, urtean pertsonako 179kg elikagai botatzen baitira zakarretara. Hori ikusita, eta hondakin organikoak birziklatuz energia eta konposta sor daitekeenez, ekonomia zirkularra praktikan jartzeko eta birziklapenaren bidez materialei bigarren bizitza bat ematen zaiela ikusarazteko, Udalak herritarrei Tolosaldean birziklatutako hondakin organikoetatik sortutako konposta banatuko die azaroaren 27an Trianguloan. Horrekin batera, lore bat ere oparituko zaie konposta hartzen duten herritarrei eta elikagaien xahuketa ekiditeko aholkuak biltzen dituen esku-orriak ere banatuko dira. Esku-orrietan ere Peñascal Fundazioko ikasleek proposatutako ogi zaharrarekin egindako errezetak ere jaso dira.

Bestalde, Lanbide Heziketako ikasle talde bat ere egongo da Trianguloan, aurreko ikasturtean Eskola Agenda 2030 proiektuaren baitan landu zuten ogi soberakinekin garagardoa egiteko proiektua erakusten. Tenperatura, emaria, bero transmisioa eta bestelako aldagaiak kontrolatzeko eraiki zuten instalazioa erakutsiko dute, ekonomia zirkularrari buruzko adibide praktiko interesgarri gisa.

Auzokonpostarako guneak Tolosan

2017 urtetik, Tolosako hainbat auzoetan auzokonposta egiteko aukera dago, hala nola, Amarotzen (2 gune), Larramendin, Arkauten, Zabalarretan, Allirin, San Esteban eta Iurre auzoetan. Guneren batean parte hartu nahi izanez gero auzokonposta@tolosa.eus helbidera idatzi behar da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA