Tolosarrek bozkatu ahal izango dute Zubiberria zein proiektuk ordezkatuko duen

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/06 | Obrak, Zerbitzuak
  • Azterketa teknikoa egin ondoren, gutxieneko puntuazioa lortzen duten proposamen guztien artean egingo da bozketa.
  • Valentziako DANA gertatu ostean, zutaberik gabeko zubia egitea ezinbesteko irizpidetzat markatu du URA Agentziak.

 

Zubiberria ordezkatzeko proiektu-proposamenak aurkezteko prozedura irekia deitu eta gero, herritarrek horien artean bozkatu ahal izango dute. Halaxe adostu dute Tolosako Udalak eta URA Agentziak. Herritarrei ere erabakimena ematea ez ezik, helburua da zubia ordezkatzeko egon daitezkeen beste aukera batzuk ere mahai gainean jartzea, uholdegarritasun arriskua murrizteko xedera hobekien egokitzen den proiektua aukeratu ahal izateko.

Zergatik orain prozedura irekia?

2023ko martxoan, URAk jendaurrean jarri zuen Zubiberria ordezkatzeko proiektua. Herrian sortu zuen eztabaida tarteko, Udalak diseinu berri bat aztertzeko eskaera egin zion URAri, proiektuaren ezaugarri hidraulikoen onurei eutsiz, baina egungo zubiaren estetikarekin lotura handiagoa izan zezan eskatuz. Eskaera onartu, eta ekainean argitaratu zen lehen proiektua eteteko erabakia, Euskal Herriko Agintaritzako Aldizkarian

Bada, udal hauteskundeen ondorengo gobernu aldaketa eta gero, aditu gehiagoren iritziak jaso zituen Udalak, neurri osagarrien inguruan galdetzearekin batera. Iazko ekainean azaldu moduan, ondorioa bera izan zen: Zubiberria ordezkatzea zela eraginkorrena. 

Hori ikusita, Tolosako Udalak proposamen bat garatu zuen, Gipuzkoan eta nazioartean gisa honetako proiektuak egin dituen Anta ingeniaritza zibileko adituekin. Oria ibaian jarduketa bat baino gehiago egin dituzte, hala nola Amasa-Villabonan, Martutenen, Ordizian, bai eta Tolosan ere: Armeria plazatik Jon Andoni Irazusta pasealekura doana. Proposamen bat baino gehiago landu zituen Antak, eta guztien artean zutabe bakarreko zubi baten proposamena hobetsi zen, ondorioak neurtzen hasita, aukerarik bideragarriena zelakoan, eta URAri helarazi zitzaion.

Eremuaren uholde arriskua, ibilguaren zabalera eta Oriaren emaria zorrotz ezagututa, eta lortu nahi den segurtasun-atalasea kontuan izanda, zutaberik gabeko zubiaren irizpidearen alde egin du URAk. Tartean, gainera, Valentziako DANA gertatu zen, eta ordutik, ezinbesteko irizpidea da hori. Dena den, Udalak egindako proposamenari jarraituz, eta zubia ordezkatzeko modu gehiago daudela ikusita, bide berri baterako aukera zabaldu zuen URAk, hau da, prozedura irekia deitu eta esleitzeko irizpideen artean herri-bozketa sartzearena. Ordutik, pleguen lanketan aritu da URA Agentzia, eta jada argitaratu du deialdia.

Prozedura, bi fasetan

Proiektua hautatzeko prozesuak bi fase izango ditu: hasieran, proposamen guztien azterketa teknikoa egingo da, eta lortutako puntuazioak % 40ko balioa izango du azken emaitzarako. Oinarrietan jasota dauden baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, berriz, baztertu egingo dira. Honako irizpide hauek baloratuko dira:

  • Proiektuaren eta inguruaren analisia (gehienez, 34 puntu)

    • Proiektuari dagokiona (gehienez, 28 puntu):

      • Inguruaren ezagutza (3 puntu)

      • Proposamenaren gaitasun hidraulikoa (9 puntu)

      • Jarduketa, diseinu eta proiektuaren proposamena (13 puntu)

      • Obrarako sarbideak eta lurren okupazio maila (3 puntu)

    • Ingurumenari lotutako ondorioen ebaluazioa (gehienez 2 puntu)

    • Udalerriari eta zerbitzuei lotutako ondorioen maila (4 puntu)

  • Organigrama, plafinikazioa, giza baliabideak eta materialak (6 puntu)

    • Organigrama eta giza baliabideak (2 puntu)

    • Metodologia eta plangintza (4 puntu)

Gutxienez 20 puntu jasotzen dituzten proiektuak pasatuko dira bigarren fasera. 

Bigarren fase horretan, formula bidez automatikoki ebaluatu ahal izango diren bi aldagai finkatu dira: batetik, herri bozketa egingo da proposamen guztien artean, Erabaki plataforma erabilita —presentzialki bozka emateko aukera ere bermatuko da—. Tolosan erroldatutako 16 urtetik gorako biztanleek bozkatu ahal izango dute. Kasu honetan ere, azken emaitzan % 40ko balioa izango du puntuazioak. Bestetik, proposamen ekonomikoa ebaluatuko da, formula bidez, eta gainerako % 20ko balioa izango du. Bigarren fasea abiatu aurretik azalduko dira parte hartu ahal izateko xehetasunak. Dena den, jardunaldi ireki bat antolatuko da aurretik, proiektuen ezaugarriak azaltzeko.

Lizitatzaile bakoitzak jasotako hiru puntuazioak batuko dira, eta puntu gehien dituenak proiektua egin beharko du ondoren, egin beharko lanak zehatz mehatz jasotzeko. Hala ere, puntu gehien dituena 2023an URAk egindako proposamena bada, irtenbide hori zuzenean gauzatuko da, proiektua eginda baitago. Kasu horretan, esleitze prozesua bertan behera gelditu, eta lanak lizitatzera pasatuko da. 

«Ezer ez egitea ez da aukera» 

Iraganean Oria ibaiaren uholde lautadak okupatu izan direnez, ohiko ibilguak ahalmen hidrauliko eskasa du Tolosako udalerritik igarotzean, eta horrek, kalteak eragin ditzake euri askoko sasoietan. Uholde-arrisku handiena duten eremuak Alde Zaharra eta zabalgunea dira, eta gune horiek gehiago babestu ahal izateko, zubiaren gaitasun hidraulikoa handitzea aholkatzen dute URA Agentziak eta kontsultatutako gainerako adituek. Ondorioa argia da: «ezer ez egitea ez da aukera».

Era berean, Udalak bestelako lanak ere abiatu ditu helburu berarekin, URA Agentziaren arau, irizpide eta gomendioei jarraituz, besteak beste, espezie inbaditzaileen garbiketarena, edo zubietan (zuloak/baoak) pilatutako materiala kentzearena. Zabaldutako usteen kontrara, ibai ertzeko landaredia errotik kentzea ez da soluzio eraginkorra uholdegarritasuna murrizteko. Kontrakoa, arriskua areagotu egiten du goraldietan, uraren abiadura asko handitzen duelako. 

Iaz, gaia sakon aztertzeko jardunaldia antolatu zen Topic aretoan, Udaletik eta URA Agentziatik kanpoko lau adituren parte hartzearekin. Adituek eta alkateak emandako azalpenak bideoan jaso ziren, eta hemen kontsultatu ahal dira. 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA