Trianguloa plazako eta Iurre 1-13 plazetako obrak, udal aurrekontu proposamenaren inbertsio nagusiak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/05 | Ogasuna
  • Udal gobernuak gaur aurkeztu du lehen aurrekontu proposamena; 42 milioi eurokoa da, eta 6,8 milioi bideratuko dira inbertsioetarako.
  • AuzoEkin proiektuaren barruko lanak, Berazubi estadioa egokitzeko proiektua, apeaderoko obrarako ekarpena edo kultur arloko sormen beka izango dira, besteak beste, beste inbertsioetako batzuk.

 

Udal gobernuak 2026 ekitaldirako aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur: 42 milioi euroko aurrekontua da, aurtengoa baino 3 milioi altuagoa. Inbertsioen atalean emango da gorakada nabarmenena, 6,8 milioi bideratuko baitira, batik bat proiektu nagusiak gauzatzera.

Tamaina handiko bi obrari hasiera ematea aurreikusten da datorren urtean, hortik gorakada. Bata, Trianguloa plazako berrurbanizazioarena, guztiz eraberrituko baita. Exekuzio proiektua dagoeneko amaitu da, eta aurki aurkeztuko da jendaurrean. 1,7 milioi euro gorde dira lanak abiatzeko. Dena den, obraren hasiera baldintzatua dago, aurrez garajeen jabekideekin lurra berritzeko hitzarmena egin beharko baita.

Beste proiektu nagusia Iurre auzoko 1-13 plazen obra da. Kasu honetan, ondo bidean, obrak uda ostean hastea aurreikusten da, eta urte eta erdiko iraupena izango dute. Hortaz, aurtengo aurrekontuan, lanei ekiteko 1,5 milioi euro bideratu dira, nahiz eta proiektuaren inbertsio totala, 6 milioi euro ingurukoa izango den, —horietako milioi bat, auzotarren ekarpena da—. Auzoko bizilagunen ekarpenak ari dira txertatzen exekuzio proiektuan eta hori eginda abiatuko da obren lizitazioa. Kasu honetan ere bizilagunekin hitzarmena egin beharko da.

Bada beste obra garrantzitsu bat, 2026an ekitea aurreikusten dena: apeaderoko obra. Hau, ordea, ez dago Udalaren esku, Adifen esku baizik. Azken honek udal ordezkariei helarazi izan dien moduan, urte amaierarako abiatu nahi dute obren lizitazioa, lanak datorren urtean hasi ahal izateko. Obraren inbertsio nagusia Adif berak egingo badu ere, obra berean Montezkue auzorako sarbidea berritzea eta igogailua jartzea ere aurreikusten dira. Hori Udalak hartuko du bere gain, eta Adifi diru-ekarpen hori egiteko 330.000 euroko partida ere txertatu da aurrekontuan. Hau ere obra luzea da, eta aurrerago beste horrenbesteko diru-ekarpena egin beharko du Udalak.

Badira bestelako lan batzuk: AuzoEkin proiektuaren barruan eta Auzoen Mahaiaren barruan herriko eremu ezberdinetan lehenesten diren lanak gauzatzeko milioi erdia; Berazubi estadioa egokitzeko proiekturako 125.000 euro, Zerkausia txukuntzeko obrarako 100.000 euro, eta haur parkeetarako 190.000 euro. Kiroldegian ere aurreikusten dira inbertsioak: padel instalazioak berritzeko edo makineria berria erosteko.

Obretatik haragoko inbertsioak ere aurreikusten dira. Horrela, kultur arloko sormen beka bat sortuko du Udalak lehenengoz. Landa bideen inbentarioa osatzeko, merkataritza sustatzeko kanpainetarako, Azoka dinamizatzeko, edo Zaintza diagnostikoaren ondorioei jarraituz, Mugi Tolosarekin lotuta eta zahartze aktiboa sustatzeko, adinekoentzat kirol orientazio zerbitzu bat martxan jartzeko partidak ere jaso dira aurrekontuan. Obra proiektuen idazketak ere aurreikusi dira, hala nola, Geltoki plaza berritzeko, Araba etorbideko plazak birgaitzeko edo Amarotz 1-8ko urbanizazio lanak egiteko. Dirulaguntza bidez, ia 5,3 milioi euro banatuko ditu udalak, norbanako eta herriko eragileen artean.

Udalbatzako talde politikoei proposamena aurkeztu ondoren, oposizioaren ekarpenak jasoko ditu orain udal gobernuak, eta horiek aztertu ondoren osatuko da behin betiko aurrekontua.

Aurtengo inbertsioei jarraipena eman asmoz

Aurtengo inbertsioei ere egin die erreferentzia udal gobernuak. Lan horietako batzuk esleitu edo abiatzeko bidean dira urte sasoi amaiera honetan, eta urtea bukatzerako eginda egongo ez badira ere, datorren urtean horiei jarraipena eman asmo duela nabarmendu du gobernuak. Egoera horretan daude, esaterako:

  • Gorriti plazako obra: URA agentziaren txosten baten zain da Udala obren lizitazioa abiatzeko.

  • Alde Zaharra Berroneratzeko Plan Integrala: lizitatzear da bigarren fasea.

  • Asfaltatze plana: lizitazio fasea itxita, lanak esleitzear daude, eta lanak urtea amaitu baino lehen abiatzea da aurreikuspena.

  • Usabal kiroldegiko instalazio termikoa aldatzeko obrak: hastear dira lanak.

  • Arrameleko zubia: desjabetzearekin amaitzeko izapidetzeak amaitzear dira, eta hori eginda abiatuko da obren lizitazioa.

  • Iurreamendi kalearen berrurbanizazioa: obra exekutatzeko lizitazioa huts geratu zen eta berriro lehiaketara ateratzea da asmoa.

  • Webgune berria: lehiaketa argitaratu da eta proposamenak jasotzeko epean dago.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA