Markina Xemeingo ‘LARRUZ’ ahuntz gaztak irabazi du Euskal Herriko gaztarik onena hautatzeko ESNEKI txapelketaren IV.edizioa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/08 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • 38 gaztandegitako 85 produktu lehiatu dira Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Lehiaketaren laugarren edizioan.

  • Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan egin den azoka berezian 24 ekoizlek hartu dute parte. Jarduera ugari ere eskaini dira publiko guztientzat.

Gazta eta bestelako esneki ekoizle eta zaleen topaleku bihurtu da gaur Tolosa berriro ere, IV. Esneki Euskal Herriko gazta eta esnekien azoka bereziari esker. Tolosako Udalak, HAZIk eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta Basque Culinary Center, Esneki zentroa - Leartiker, EFRIFE, GIFE, Esnekigileen Elkartea eta Tolomendi laguntzaile dituela, laugarren edizioak euskal esnekigintzaren kalitatea eta aniztasuna nabarmendu ditu berriro, lehen sektorari balioa emanez. 

Euskal Herriko esne, gazta eta jogurten IV. txapelketa

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ekoiztutako esne, gazta eta jogurt mota guztien lehiaketa da ESNEKIren hitzordu nagusiena. Aurten, 38 gaztandegitako 86 erreferentziak hartu dute parte, zortzi kategoriatan banatuta: gazta freskoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi gazta onduak, ardi gazta onduak, ahuntz gazta onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizatua. Parte hartu duten gaztandegi guztiek norbere esnearekin ekoizten dituzte produktuak. 

Maila bakoitzeko irabazleen artean hautatu da txapeldunen txapelduna, hau da, Euskal Herriko gazta onenaren izendapena jaso duena. Markina Xemeingo Larruz gaztandegiko  ‘Larruz’ ahuntz gazta izan da garaile. Pozarren jaso dituzte trofeoa, diploma eta txapela Iban eta Gorka Muniozguren anaiek. (Maila bakoitzeko saridunen zerrenda amaieran).

Publikoak ere izan du aukera lehiaketako gaztak dastatzeko, epaimahaiaren lanarekin batera, Beotibar pilotalekua irekita egon baita goiz osoan zehar.

Euskal Herriko ekoizleen azoka berezia

Lehiaketarekin batera, Euskal Herriko gazta eta esnekien azoka berezia izan da Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan. Aurten, 24 ekoizlek hartu dute parte, eta bisitariek aukera izan dute gazta eta esneki sorta zabala ezagutzeko, dastatzeko eta erosteko.

Aurreko edizioetan bezala, ‘Gazta Mahaia’ izeneko dastaketa gidatua ere arrakasta handiz errepikatu da. Leartiker Esneki Zentroko adituen gidaritzapean Beotibar pilotalekuan egin diren saioetan, parte-hartzaileek aukera izan dute Euskal Herriko gazta aniztasuna eta kalitatea sakon ezagutzeko. Saio guztiak bete dira eta txartel guztiak saldu dira, arrakastaren erakusle.

Azokak eta lehiaketak ez ezik, familia osoarentzat eta publiko ororentzat pentsatutako jarduera hezigarriak ere izan dira aurtengo ESNEKIren egitarauan. Besteak beste, “Errapetik ahorainoko bidea” eta “Esnetan” tailerrak egin dira, haur zein helduentzat egokituak. Esperientzia horietan parte hartu dutenek aukera izan dute esnearen jatorria, ekoizpen-prozesua eta eraldaketa gertutik ezagutzeko. Simulagailu baten bidez jezteko prozesua bizitzeko aukera izan dute, eta gazta freskoa nahiz natillak prestatzen ikasi dute, esnearen balioa eta bertako ekoizleen lana ulertzeko helburuarekin.

Horrez gain, astean zehar Tolosako hiru ikastetxetan saio pedagogikoak egin dituzte Esnekigileen Elkarteko ordezkariek tokiko ekoizleen laguntzarekin. Jarduera horietan, ikasleek esnearen jatorria eta elikadura-ohitura osasungarriak landu dituzte, ekoizpenaren inguruko esperientzia zuzenak biziz eta dastaketa gidatuetan parte hartuz. 

IV. ESNEKI TXAPELKETAKO SARIDUNAK
Euskal Herrian ekoitzitako gazta eta esneki mota guztien lehiaketa


ESNEKI Sari Nagusia, Euskal Herriko Gazta Onena

‘LARRUZ AHUNTZ GAZTA’ (S.C. Muniozguren)  - Markina Xemein

Maila bakoitzeko irabazleak:

Gazta freskoak

  • ‘Txuria Moraita’ - Moraita

Pasta bigunak

  • ‘Orexa Biguina’ - Oihan Txiki Kooperatiba

Gazta urdinak

  • ‘Urraki gazta urdina’ - Urraki

Ardi-gazta onduak

  • ‘Remiro Gazta’ - Remiro

Behi-gazta onduak

  • ‘Ixtileta’ - Pirineki

Ahuntz-gazta onduak

  • ‘Larruz’ - Muniozguren

Jogurtak

  • ‘Etxeko jogurta’ - Pirineki

Behi-esne pasteurizatua

  • ‘Txikiñena’ - Txikiñena

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA