Mintegia, irteera eta herritarren zientzia proiektua, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/06/02 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Ekainaren 14an landarediari loturiko espezie exotiko inbaditzaileei buruzko mintegia egingo da eta 18an, Tolosaldeko zuhaitz eta zuhaixkak ezagutzeko irteera.
  • Herritarren zientzia proiektuak, halaber, helburu du Tolosaldeko bide sareetan harrapatutako fauna basatiaren jarraipena eta monitorizazioa egitea, eskualdeko bide-sare horiek inguruko fauna ornodunean duen eragina ezagutzeko

Datorren astelehenean, ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Tolosako Udalak, ingurumenaren eta garapen jasangarriaren aldeko apustuan, bat egiten du egun honen ospakizunarekin.

Horretarako, Biodibertsitate Guneak sustatuta, hainbat ekintza eramango dira aurrera. Esareko, ekainaren 14an, landarediari loturiko espezie exotiko inbaditzaileen inguruko mintegia eskainiko da, arratsaldeko 18:00etan, Antxon Bandres bidaiari txokoan eta hilaren 18an, igandea, irteera bat antolatu du Urkizura, Tolosaldeko zuhaitz eta zuhaixkak ezagutzeko. Irteera Dama Berdetik abiatuko da goizeko 09:00etan.

Biodibertsitate Gunea orain dela ia bi urte sortu zuen Tolosako Udalak, hain zuzen, tolosarrei gai honi buruzko erreferentziazko gunea eskaintzeko eta jasangarritasunaren bidean urrats bat gehiago emateko, ezagutza zabalduz, eta horretarako lan egiten da aipatu gunean, urtean zehar hainbat ekintza eta ekitaldi antolatuz, aipatutakoak barne.

Herritarren zientzia proiektua

Ekintza horiekin batera, Biodibertsitate Guneak Tolosaldean harrapatutako fauna basatiaren jarraipena eta monitorizazioa egiteko herritarren zientzia proiektua ere jarri du abian, hain zuzen, eskualdeko bide-sareak inguruko fauna ornodunean duen eragina ezagutzeko.

Lankidetza proiektu bat da eta aurrera eramateko ezinbestekoa da herritarren partaidetza. Izan ere, helburua da herritarrek, borondatez, eskualdeko pistetan edo bideetan harrapatutako fauna basatiaren informazioa jasotzea eta informazio hori Biodibertsitate Guneari helaraztea.

Horren bitartez, besteak beste, harrapatzeek gehien eragindako espezieak identifikatu nahi dira, baita harrapaketa kopuruari dagokionez urtaro-aldaketak dauden egiaztatu, Tolosaldeko bide-sareetako puntu-beltzak identifikatu edota, hala badagokio, harrapatze horiek saihesteko eta murrizteko irizpideak diseinatu eta eskaini ere.

Herritarren zientzia proiektu hau bi fasetan garatzea dago aurreikusita. Lehen fasea jada martxan da eta abendura bitartean luzatuko da. Denbora horretan, herritarren parte-hartze, inplikazio eta lankidetzari esker, Tolosaldean harrapatutako faunari buruzko datuak jasoko dira, datu-base bat osatzeko. Datu-base horretan jasoko dira: espeziearen izena, kokapena, bide-mota, data, behatzailea, irudia (baldin badago) eta datu interesgarriak/informazio osagarria.

Horri jarraiki, harrapatzeren bat detektatzen duen herritarrak horren berri eman dezake biodibertsitategunea@gmail.com helbidera idatziz edo whatsappez 630 58 00 54 zenbakian.

Bigarren fasea, halaber, 2024an zehar garatuko da eta kasu honetan, harrapatutako faunari buruzko datuak hartuko eta hainbat transeptu egingo dira, ibilgailuan edo oinez egin ohi diren joan-etorriak aprobetxatuz. Horietan, detektatutako animaliak erregistratuko dira, ondoren aztertzeko.

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa

Era berean, ekainaren 14a bitartean Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren 4. edizioa ospatzen ari da Tolosan eta horren harira itsaspeko mundua ezagutarazteko eta itsaso eta ozeano guztien zainketaren kontzientzia zabaltzeko, besteak beste, doako zine emanaldiak eskaintzen dira Topic-en.

Lehen saioa jada egin da eta ekainaren 7an egingo da bigarrena eta 14an hirugarrena eta azkena. Guztira 26 laburmetraia eta 4 dokumental eskainiko dira eta itsaspeko edertasunaz haratago, gizakiaren eraginez itsasoek egun sufritzen duten narriadura azaleratuko dute guztiek.

Saio guztiak Topicen izango dira, arratsaldeko 19:00etan eta sarrerak jada eskuragarri daude www.topic.eus webgunean edo leihatilan bertan.

Horrekin batera, CIMASUBera aurkeztutako argazki onenez osatutako erakusketa ere ikusgai dago Kultur Etxean, astelehenetik ostiralera goizeko 10:00-13:00 eta 15:30-19;30 bitartean eta asteburu zein jai egunetan 17:00-20:00 bitartean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA